2022ko Joxe Mari Korta sariak: Gonzalo Antón, María Josefa Errazkin, Ana Belén Juaristi eta Mariano Ucar

Korta_Sariak_2022_02.png

2022-10-31

  • Iñigo Urkullu lehendakariak banatuko dizkie sariak, azaroaren 22an Vitoria-Gasteizen izango den ekitaldian
  • Epaimahaiak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua buru izan dela, sarituek enpresa-balioen garapenean eta haien sektoreetan enpresak, lanpostuak eta jarduera berriak sortzean izan duten inplikazioa nabarmendu du
  • Aurtengoa sarien hogeita bigarren edizioa da. Sariak Joxe Mari Korta enpresaburu gipuzkoarra eta Adegiko presidentea erail ondoren sortu ziren

Urtero bezala, 2000. urteko lehen ediziotik, Eusko Jaurlaritzak bizitza- eta enpresa-ibilbideagatik nabarmentzen diren enpresaburuei Joxe Mari Korta saria ematen die. Saria enpresaburua eta Adegiko presidentea erail ondoren sortu zen. Hura emateko ekitaldiko buru Iñigo Urkullu Lehendakaria izango da, azaroaren 22an, Vitoria-Gasteizen.

Edizio honetan, honako pertsona hauek sarituko dituzte: Gonzalo Antón San Juan, SEA-Arabako Enpresak proposatuta; María Josefa Errazkin Artetxe, Korta Bidetik fundazioak aurkeztutako hautagaia; Ana Belén Juaristi Urdangarin, ADEGIk aurkeztua eta Mariano Ucar Angulo CEBEKek proposatua.

Epaimahaiak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburua buru izan dela, sarituek “haien lanbide-jarduera garatzeko enpresa-sektoreetan” duten inplikazioa nabarmendu du, “bai eta enpresa-balioen garapenean, enpresen sorreran eta jarduera berrien eta lanpostuen sorreran duten garrantzia ere”.

Sariak 2000ko abuztuan erail zuten Adegiko presidentearen izena du, eta EAEko ekosistema ekonomikoaren buru diren eta beren inbertsio eta lanarekin enplegua eta aberastasuna sortzen duten pertsonen ezaugarriak eta ahalegina jendaurrean aintzatesteko sortu ziren; izan ere, enplegua eta aberastasuna gizartearen onurarako elementuak dira.

Gonzalo Antón: Bodegas Izadiko sortzailea, Zaldiaran jatetxeko jabea eta Deportivo Alavés-eko presidente ohia

Lanean hasi zenetik, 14 urterekin, Azucarera Leopoldoko –Miranda de Ebron– mandatari-lanetan, gaur arte, Gonzalo Antónen enpresa-lana zabala izan da eta zenbait sektoretan garatu du.

Ostalaritzan duen esperientziaren ondorioz, 80ko hamarkadan Olarizu, Neguri eta Zaldiaran jatetxeak jarri zituen abian. Haren zuzendaritzapean, Michelin izar bat eta bi Sol Repsol lortu ditu. Gainera, 1984an, Antónek Egile Sukaldaritzaren Lehen Kongresu Nazionala antolatu zuen, goi-sukaldaritzako sariketa, eta, haren edizioetan, Vitoria-Gasteizera nazioarteko jatetxeen munduko izen handiak ekarri ditu.  

Hainbat sari jaso ditu eta horrek ostalaritzaren munduan duen ibilbidea agerian uzten du, hala nola:  Gastronomiaren Akademia Nazionalaren saria, 2001ean, eta Gastronomiaren Euskadi saria, 2014an.

1987an, Bodegas Izadi sortu zuen, Eskuernagan (Arabako Errioxa). Ondoren, 2004an, Finca Villacreces erosi zuen, Ribera de Dueron, eta, 2006an, Vetus markarekin, beste bodega bat jarri zuen abian, Toro jatorri-deiturarekin. 2007an, beste proiektu berri bati ekin zion, eta, haren bidez, arkitektura eta gastronomia bateratu zituen, Laguardiako bodega berri batean: Orben marka. Gaur egun, Artevino taldeko administrazio-kontseiluaren presidente da.

Gonzalo Antón ezaguna da, era berean, futbolarekin duen loturagatik, zehazki, Deportivo Alavéseko presidente izan zelako 1998tik 2004ra bitartean. Hasten duen lan bakoitzean bikaintasuna bilatzen du eta, hala, Antón presidente izan zen bitartean, Deportivo Alavések, kirol-emaitza onak lortzeaz gainera, Mendizorrotzako estadioa birmoldatu zuen eta Ibaiako eta Betoñoko kirol-hiriak jarri zituen abian.

María José Errazkin: autobus-gidari aitzindaria eta Autocares Aldalur familia-enpresaren sortzailekidea

María José Errazkin Azkoitian jaio zen, duela 80 urte baino gehiago. Gaur egun hemen eztabaidatzen ez diren, baina, beste garai batean, sexuaren joerak markatzen zituen erantzukizunak hartzen, besteak beste, bidaiariak eramaten aitzindariak izan ziren emakumeen belaunaldi batekoa da. Hura autobusak gidatzeko baimena lortu zuten lehen emakume gipuzkoarretako bat izan zen eta, ezkondu ondoren, 1959an, eta senarrarekin –Roque Aldalur– batera, garraioari eskainitako familia-enpresa atera zuen aurrera.  

Aldalurren hastapenetan ahalegin handia eta nekaezintasuna izan ziren nagusi. Maritxuk eta Roquek bakoitzak Alfa Romeo furgoneta bat gidatzen zuen urteetatik egungo familia-enpresaraino (18 ibilgailuko flota du eta 13 pertsona plantillan), mota guztietako esperientziak bizi izan dituzte: tristeak eta alaiak. Eta, eginiko lana aintzatesteko, garraioaren merezimenduagatiko domina jaso zuen Roque Aldalurrek 1995ean eta Maritxu Errazkinek 2003an, FENEBUSen (Autobus bidezko garraioaren enpresa-federazio nazionala) eskutik.

María José Errazkinek eta haren senarrak sortu zuten familia-enpresaren –plantillan dauden 13 pertsonetatik sei bikotearen seme-alabak dira– printzipioa beti izan da aurrerapen teknologikoen abangoardian egotea. 1989an, ordurako, ABS sistemak zituzten ibilgailuetan eta, harrezkero, hobekuntza nabarmenak sartzen joan ziren: ibilgailuen geolokalizaioa, segurtasun-uhalak, minusbaliotasuna duten pertsonentzako egokitzapenak, etab. 

Gaur egun, Aldalur Anaiak SL enpresa dinamikoa da, eta haren eginkizun nagusia bezeroak pozik uztea da. Mota eta tamaina guztietako ibilgailuak ditu. Baina María José Errazkinen eta haren familiaren jarduera ez da garraio-enpresara mugatu.

1990ean, Aldalur-Errazkin familiak Loiola Bidaiak bidaia-agentzia sortu zuen, eta, 2009an, Alekar Servicios Auxiliares SL enpresa (gasolindegia eta ibilgailuak konpontzeko tailerra).

Ana Belén Juaristi: Adegiren eta Confebasken zuzendaritzako goi-karguetan izan den lehen emakumea

Ana Belén Juaristiren lehen lana Zarauzko Engranajes Juaristi familia-enpresan administrariarena izan zen. 1980an, Ana Belének Zuzendaritza Idazkaritzako ikasketak eginak zituen Nafarroako Unibertsitatean. Hamahiru urte geroago, 1993an, zuzendari kudeatzailearen kargua hartu zuen, eta bertan jarraitzen du, gaur egun.

Enpresa-munduarekin duen konpromisoaren ondorioz, 2000. urtean, Gipuzkoako Ganberaren batzordean sartu zen, eta, 2008. urtera arte, kargu horrekin jarraitu zuen, eta orduan erabaki zuen Adegiko (Gipuzkoako enpresen elkartea) lehen presidenteordearen kargua onartzea. Ana Belén Juaristi elkarte horretako zuzendaritzako goi-karguetara iritsi zen lehen emakumea da, ordurako elkarteak 35 urte zituela. Urte horretan bertan (2008), Confebaskeko (Euskadiko Enpresa Konfederazioa) presidenteorde-kargua hartu zuen, eta, kasu horretan ere, kargua hartu zuen lehen emakumea izan zen. 2015. urtera arte, bi erantzukizunei eutsi zien.

Egiteko ona aintzatesteko, bai haren enpresan bai Adegin eta Confebasken, “2016. urteko Gipuzkoako Emakume Enpresaburuaren saria” jaso zuen, ASPEGI (Gipuzkoako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkartea) sarien lehen edizioan.

Enpresaburu-lanagatik ez ezik, irabazi-asmorik gabeko erakundeetan izan duen parte-hartze aktiboagatik ere nabarmendu da. “Ori-Zautz Rwandaren alde” elkarteko presidentea da, 2007. urtetik; gizarte-, kultura- eta teknologia-sustapenerako ZarautzOn-eko batzordeko kide ere bada; Emaús-eko gizarte-kontseiluko kide da, 2015. urtetik, eta Aubixa (Afagi Alzheimer-en gaixotasuna dutenen senitartekoak) fundazioaren presidenteordea.

Ingurukoek haren entzuteko gaitasuna eta jakin-min intelektuala nabarmentzen dituzte; haiei esker da Innobasqueko batzordeko kide eta Eusko Ikaskuntzako Gipuzkoako lehiakortasunari buruzko ikerketa-taldeko kide.

Mariano Ucar: abokatua, Faes Farma taldeari lotutako ibilbide luzearekin

Zuzenbideko lizentziatua, Nafarroako Unibertsitatean, eta Filosofia eta Letretan eta Filologia Germanikoan, Deustuko Unibertsitatean. Mariano Ucar, 1995. urtera arte, Zerga Zuzenbideko irakaslea izan zen Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko Praktika Juridikoko Eskolan.

Abokatua jardunean, lanbide-jarduera, nagusiki, Merkataritza Zuzenbidearen eremuan garatu du, eta haren enpresa-lana Faes Farma konpainia farmazeutikoari lotuta egon da. 1991ko maiatzetik, enpresaren kontseilura sartu zenetik, gaur egun arte, erantzukizuneko zenbait kargu bete izan ditu, beti hedatzen jardun duen taldean.

2013ko uztailetik, Ucar Faes Farmako presidentea da, eta, kargu horrekin batera, Faes Farma Kolonbiako presidentetzakoa (2019ko azarotik), Faes Farma Mexikoko presidentetzakoa (2020ko martxotik) eta, 2021eko apiriletik, Global Farmakoa (Guatemala) betetzen ditu.

Era berean, Biosyntec, SRL-ko (Bio Bolivia) zuzendari titularra da, Tecnología y Vitaminas SL-ko presidentea eta Faes Farma Chile, Salud y Nutrición Limitada-ko administratzaile solidarioa.

Haren lan profesionalaz gainera, Marino Ucar Banca March-en Aholku Batzordeko kide da EAEn, eta Bilboko Residencia Santa y Real Casa de Misericordiako batzordeko kide.