2021eko azken hiruhilekoan jasotako gazteen langabezia tasa 2020ko azken hiruhilekoan jasotakoa baino bost puntu baxuagoa da

Argitalpen-data: 

EUSTATek (Euskal Estatistika Erakundea) hiruhilero Biztanleriaren Jardueraren Arabera sailkatzeko Inkesta (BJA) prestatzen du eta 16 eta 29 urte bitarteko gazteei dagozkien datuak ematen dizkio Gazteen Euskal Behatokiari.

2021eko azken hiruhilekoko datuak oinarri hartuta, ikus dezakegu gazteen langabezia-tasa igo egin dela urteko hirugarren hiruhilekokoekin konparatuz gero, azken neurketa honetan % 17,1ekoa baita.

Baina 2020ko azken hiruhilekoko datuei erreparatuz gero, ondoriozta dezakegu ordutik hona langabezia-tasak bost puntuko jaitsiera izan duela.

Euskadiko 16-29 urteko gazteen hiruhilekoko langabezia-tasaren bilakaera (%)

Gazteen langabezia-tasa 2021eko azken hiruhilekoan sexuka eta adin-taldeka aztertzen badugu, ikus daiteke puntu bat altuagoa dela emakumeen artean gizonen artean baino (% 17,6 eta % 16,8, hurrenez hurren). Arabak du gazteen langabezia-tasarik altuena (% 18,4) eta Gipuzkoak baxuena (% 15,9); Bizkaikoa aurreko bien artean dago (% 17,6).

Bestetik, alderatzen baditugu 30 urtetik beherako gazteen langabezia-tasa eta biztanleria osoari dagokiona, ikus dezakegu gazteena batezbestekoa baino zazpi puntu altuagoa dela (% 17,1, 16 eta 29 urte bitarteko gazteen artean eta % 9,9 biztanleria osoan).