2021-2027 Euskal Autonomia Erkidegoko Europako Gizarte Funtsa Plus Programa Europako batzordeak onartutako Estatuko lehenengo bien artean dago

2022-11-28

2021-2027 Euskal Autonomia Erkidegoko Europako Gizarte Funtsa Plus (EGIF +) Programa, Galiziak aurkeztutakoarekin batera, Europako Batzordeak onartutako Estatuko lehenengo bietako bat da, aldez aurretik Oniritzi Informala jaso ondoren.

Onarpen hori iritsi da programa honen edukiari eta/edo etorkizunean ezartzeari buruzko ekarpenak edo oharrak idatziz egin ahal izateko jakinarazpen- eta kontsulta-epea itxi eta bi astera. Hilabetez, programa hori jendaurrean aurkeztu zaie Euskal Autonomia Erkidegoko eragile interesdun guztiei; hala, parte-hartze prozesua ireki ondoren, azaroaren 19an amaitu zen.

Europako Gizarte Funtsaren inguruko ezagutza eta haren kontsulta errazteko, Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen Zuzendaritzak atal hau berriro diseinatu du euskadi.eus webgune instituzionalean, joan den udaz geroztik, Gizarte Funtsetik datozen laguntzak Ekonomia eta Ogasun Sailak kudeatzea eragin zuen egitura-aldaketaren esparruan.

EGIF Plus da Europar Batasunaren tresna nagusia pertsonengan inbertitzeko eta eskubide sozialen Europako zutabea aplikatzeko, Europa sozialago bat lortzen lagunduz. Horretarako, baliabide ekonomikoak bideratzen ditu 2021-2027 aldian Euskal Autonomia Erkidegoarentzat 79 milioi eurora heltzen diren jarduketak elkarrekin finantzatzeko.

Testuinguru horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko 2021-2027 EGIF+ Programaren funtsak enplegagarritasuna hobetzeko eta enplegua eskuratu eta mantentzeko erabiliko dira, baita pobrezia- edo gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea sustatzeko ere. Ikasten eta lanean ari ez diren gazteei zuzendutako Gazte Bermeak lehentasunezko ardatza izaten jarraitzen du. Berritasun gisa, aldi honetan Haur Bermea txertatu da, adingabeei eta haien familiei laguntza eta babesa eman nahi diena, ingurune kalteberetatik datozen haurren pobrezia- eta bazterketa-arriskua murrizteko.

Programa lantzeko prozesuan, diagnostiko sozioekonomikoaren dokumentuak partekatu ziren, baita eskualdeak EGIF+en jarduketa-esparruetan dituen premia eta erronka nagusien identifikazioa ere, Enplegu Foroaren eta Gizarteratzeko Euskal Kontseiluaren parte diren enpleguaren eta gizarteratzearen esparruetan EAEko funtsezko eragileekin.