13,6 milioi euro udal musika ikastegien finantziaziorako (Gobernu Bilera 2022-9-27)

Argitalpen-data: 


      fotoconsejo.jpg

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Euskadiko udal musika ikastegiak diruz laguntzea helburu duen agindu bat onartu du., Bi deialdi horiek jasotzen duten diru-kopurua 13.675.803 eurokoa da, orotara.

Laguntza hauen onuradun izango diren musika ikastegi horien artean daude, batetik, udal-titulartasuneko musika eskolak –irakaskuntza ez arautuak ematen dituztenak–, eta bestetik, udal-titulartasuneko musika kontserbatorioak, irakaskuntza arautuak ematen dituztenak (oinarrizkoak zein profesionalak). Gaur egun, ezaugarri horiek dituzten 45 musika-zentro daude Euskadin (udal-titulartasunekoak): 40 musika eskola; kontserbatorio bat; eta musika-eskola zein kontserbatorioa dituzten lau zentro.

Deialdi honen bidez emango diren dirulaguntzak 2021-2022 ikasturteari dagozkion kostuak ordaintzeko erabiliko dira. Diruz lagundu ahal izango dira ikastetxe horietako langileen kostuak (irakasleak eta ez irakasleak), ekipamenduaren eta funtzionamenduaren gastuak, betiere musika-irakaskuntzarekin lotura zuzena badute.

Musika eskola zein kontserbatorioek musika-prestakuntza praktikoa eskaintzen dute, baita musika-tresna tradizionalei dagokiena ere. Bokazioa eta gaitasuna erakusten dituzten ikasleak ikasketa profesionaletan edo goi-mailakoetan jarraitu ahal izateko prestatzen dituzte, eurek hala nahi izanez gero. Egiten duten lan handiaren erakusle, eskola eta kontserbatorio hauek dituzten datuak dira: Egun, 21.700 ikasle inguru ari dira Euskadin musika-prestakuntza jasotzen –arautua zein ez arautua-, gorago aipaturiko 45 ikastetxe horietan.

Gasteizko Jesus Guridi, Donostiako Francisco Escudero eta Bilboko Juan Crisostomo Arriaga musika kontserbatorioak ezin izango dira deialdi hauen onuradun izan, ikastegi hauek Hezkuntza Sailaren kudeaketa zuzena baitute.

Informazio gehigarria