444 ikaslek hartzen dute parte Gasteizko Xare Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldian
Xare egitasmoaren etorrerari esker, Gasteizko Europa Jauregia Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien (IKT) gune garrantzitsu bihurtu da. 2022ko edizio honetan ere, gazteak izango dira protagonista, Gasteizko 8 ikastetxetako Batxilergoko 1go mailako 444 ikaslek hartu baitute parte.
Egoitzak hiru gune hartzen ditu: Lehenengo eta bigarren solairuetako gelek IKAS aretoa osatzen dute. Beheko solairuan, aldiz, ERA eta JOLAS guneak daude, María Maeztu eta Francisco de Vitoria aretoetan, hurrenez hurren. Hala, goizeko 09:00etatik 13:45ra bitarte ikasleek Xare jardunaldiak dakarren egitarau osoaz gozatzeko aukera izaten dute.
Gasteizko Udalak sustaturiko ekimena da, Eusko Jaurlaritzaren nahiz Arabako Foru Aldundiaren laguntzaz antolatua. Horregatik eta ekimenaren aldeko konpromiso instituzionalaren froga gisa, Iñaki Gurtubai Gasteizko alkateordea eta Euskara zinegotzia, Lexuri Ugarte Arabako Foru Aldundiko Euskararen eta Gobernu Irekiaren zuzendaria, eta Josune Zabala Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria hurbildu dira ongietorria egiteko.
Gasteizek hartzen duen hau izan da aurtengo azken saioa eta horretxek borobilduko du 2022ko Xare jardunaldi-zikloa. Iragan abenduaren 5ean eta 9an Donostian egin zuen geldialdia eta, bestalde, urriaren 13an eta 14an Iruñeko Baluarte Jauregiak hartu zuen ekimena, kasu horretan Sarean Euskaraz izenpean. Hiru hiriburuetako bost hitzorduak kontuan hartuta, orotara, 2.300 ikaslerengana iritsi da ekimena aurten.


