"Rutina" filma garaile, 10. Nafarroa Zinemaren Lurraldea programan

Nafarroako Gobernuaren Turismo sailak eta Nafarroako Film Commissionek elkarlanean sustatutako egitasmoan Roberto López Carneirok Iruñean errodatutako lana gailendu da. Bat ez, lau sari irabazi ditu.

Nafarroako beste horrenbeste leku turistikotan kokatutako fikziozko film laburren ekoizpena sustatzea  eta lurraldean turismoa bultzatzea du helburu Nafarroa Zinemaren Lurraldea programak. Adin nagusiko edozein pertsonak osatutako proiektu oro aurkeztu ahal izan da deialdira; gaia eta generoa libreak izanik, baldin eta istorioa eta ekoizpena antolatzaileek proposatutako kokapenetako batean eta dagozkion mugarri turistikoetan gertatzen badira.

Behin proiektuak onartuta, aukeratuek bi hilabete luze izan dituzte sorkuntza lanak errodatu eta aurkezteko, eta azaro erdialdean eman zituzten aukeratutako 10 film laburrak ezagutzara. Ostean, azaroaren 30etik abenduaren 4ra bitartean, lurraldeko hainbat herri eta hiritan egon dira ikusgai; orain aldiz, Nafarroako Filmotekako egoitzan 2022ko edizioko irabazleen berri eman du epaimahaiak.

Iruñean errodatutako Rutina film laburra izan da nagusi, izan ere, lehengo saria irabazteaz gain, argazki-zuzendaritza onenarena eta ikus-entzuleena ere bereganatu ditu. Gainera, ekimenaren 10. edizioko irabazle guztien artean ere Roberto López Carneirok sortutako komedia nabarmendu dute.

Bigarren sailkatua, Mario Mariñok Urdazubin errodatutako Los chavales izan da, eta epaimahaiaren sari bereziaren hartzailea, aldiz, Sin un amor filma. Diego Marcos Velascok Erroibarren kokatu du bere istorioa.

 

zinea.eus

  • Gaia Ikus-entzunezkoa