Agur, Hertzainak!
Gasteiztar talde mitikoak gaur eskainiko du Barakaldon, BECen, "Azkena gure alde!" publikoari agur esateko bira txikiaren lehenengo kontzertua.
1981eko Urtezahar egunean jo zuen lehen akordea jendaurrean Hertzainak taldeak, eta aurki joko du azkena: urtarrilaren 6an, Gasteizen, Mendizabalan paratuko duten karpa batean. Egun horretan eskainiko du taldeak "Azkena gure alde!" agur bira laburreko eta bere ibilbideko azken kontzertua, dena hasi zen hirian bertan.
Lehenago, gaur-biharretan, baina, BECen (eta ostiralean, ETB2n eta eitb.eus-en ere, zuzenean) ikusi ahalko dugu taldea zita bikoitzean, hilaren 16 eta 17an, agertokian direla Josu Zabala taldearen sortzaile eta konposatzaile nagusia, Luis Javier Saiz Txanpi hastapenetik danborrak astindu zituen bateria-jotzailea eta Gari, Iñaki Garitaonaindia, 1983an Xabier Montoia jatorrizko abeslariaren tokia hartu zuenetik 1993an utzi zutenera arte eta gerora taldearen izaeraren zutabe handia izan dena.


