Txomin Peillen idazle eta euskaltzaina hil da, 90 urte zituela
Ibilbide luzeko literatura-gizonak 45 argitalpen baino gehiago idatzi zituen, tartean, saiakerak, eleberriak eta ipuinak. Entzun hemen idazlearen biografia.
Txomin Peillen Karrikaburu (Paris, 1932) idazle eta euskaltzaina hil da, 90 urte zituela. 45 argitalpen baino gehiago idatzi zituen, tartean, saiakerak, eleberriak eta ipuinak.
"Gauaz ibiltzen dana" eleberria izan zen lehenbizi argitaratu zuen lana, eta intzestua eta pedofilia gai nagusitzat zituen "Minotauro" (2021) izan zen bere azken eleberria, Alberdania argitaletxearen eskutik.
1962an Igela euskal aldizkari heterodoxoa sortu zuen Jon Miranderekin batera. Zaitegi, Ibigañabeitia, Mitxelena eta Arestiren gertuko, belaunaldi eta euskal herri desberdinen arteko zubi lana egin zuen Txomin Peillenik. Mirande eta Arestirekin batera, euskal literatura modernoaren aitatasuna ere aitortu zaio.


