Itziar Diez de Ultzurrun: "Itzulpenean, alderdi estetikoa eta edukia uztartzen ahalegindu naiz"
Itziar Diez de Ultzurrunek euskarara ekarri du Kae Tempest musikari eta idazlearen "Brand new ancients" poema epikoa. Igela argitaletxeak edizio elebidunean argitaratu du, Mintaka sailaren barruan.
Kae Tempest idazle eta musikariaren (Londres, 1985) lana, Antzinako berri-berriak "ozen irakurtzeko poema" kasu honetan, euskaraz dugu dagoeneko. Itziar Diez de Ultzurrunen itzulpenari esker, Igela argitaletxeak edizio elebidunean, ingelesez eta euskaraz, argitaratu ditu Londreseko auzo gris azpiratuetan dir-dir egiten duten jainko-jainkosen (langileak, ikasleak, gurasoak, seme-alabak…) mirariak, egunerokoak izanagatik kontatzea eta irakurtzea zein entzutea merezi dutenak.
Bazter auzoetako giroa, taupada, hitzez jaso eta erritmo biziz testuratzen du Tempestek Antzinako berri-berriaken; ardatza zein den argi gelditzen zaigu, bide batez, "hegikotzat" aurkezten zaigunari begiratuta soilik. Literaturaren bernizaz edertu eta anplifikatzen ditu grisak estali ohi duen subjektu kolektibo horren argiak. Menderatuen gizatasun hunkigarria ulertuta, eta sentikortasunez atzitu eta goretsita agertzen da orriotan; goretsiegi apika zenbaitentzat, testu bertutetsuari epikaren aje nabarmenena, zurruntasuna eta idealizazioa, baitario zenbaitetan.
Itziar Diez de Ultzurrun itzultzailearekin hitz egin dugu.
Nola iritsi zitzaizun Antzinako berri-berriak eta zerk bereganatu zuen zure arreta?
Lander Majuelo Igelako editorearen bidez: Kae Tempesten hiru lan eskuratu zizkidan, olerki luzeak denak ere, eta haietako bat itzultzeko proposatu zidan. Majuelori Brand New Ancients iruditzen zitzaion euskaratzeko aproposena, eta, hortaz, hura irakurri nuen lehenik, hasi eta buka irakurri ere. Ikaragarri gustatu zitzaidan, azalez eta mamiz, eta, baikortasun ausart batek jota, baietz esan nion.
Hainbat kontuk bereganatu zuten nire arreta: poemaren jariotasunak, Tempestek errimak josteko erakusten duen erraztasunak, antzinako olerki epikoen oihartzunak, kontakizunaren erritmo aldaketek, protagonistak langile klaseko jendea izateak eta Tempestek haien eguneroko erronka eta lehia txikietan jainkotasuna ikusteak, jende xumearen bizitzen duintasunari egiten dion gorazarreak, narratzailearen begirada ulerberak, doilorkeriak ulertzeko eta testuinguruan paratzeko gaitasunak, irabazle eta galtzaileen diskurtso aizunaren salaketak...
Kae Tempestek obra oparo samarra du honezkero. Egiten du itzultzaileak itzulgai duen idazlearen unibertsoan murgiltzeko ariketarik?
Bai, sortzaile joria da, eta, zuk esan bezala, zenbait arlo artistikotan ibilitakoa da. Garai batean uste nuen literaturako zernahi testu itzuli aurretik egilea sakon-sakon ezagutu beharra zegoela, hots, egilea bera, haren gainerako lanak, eta egileaz eta haren lanez idatzitako guztia irakurri beharra zegoela taxuzko itzulpena egin nahi izanez gero.
Orain malgutu egin dut iritzi hori. Batetik, uste dut itzulgaia ahalik eta sakonen eta zorrotzen ulertzen ahalegindu behar dugula eta horretarako hagitz baliagarria dela idazlearen unibertsoan hein batean bederen murgiltzea. Hein batean diot zeren, itzuli beharreko idazlea arras oparoa izan bada eta hari buruz hamaika liburu eta ehunka azterlan idatzi badira, bada gehienetan ezinezkoa baita den-dena irakurtzea, kontuan hartu behar baitugu itzulpena bukatzeko epe jakin bat izaten dugula eta itzultzeaz gain eguneroko beste kontuez, itzulpen lanez eta zaintza-lanez arduratu behar dugula.


