Xabier Leteren olerkiak eta abestiak lan bakar batean argitaratu dituzte bost argitaletxek
"Euskal kulturako funtsezko izenetako baten ondarea babestea" helburu, Alberdaniak, Elkarrek, Ereinek, Pamielak eta Txalapartak, "Poema eta abesti guztiak" izenburupean, Leteren poemak eta abestien hitzak jaso dituzte.
Xabier Leteren olerkiak eta abestien hitzak hiru liburukiko lan bakar batean jaso dituzte, bat eginda, Alberdania, Elkar, Erein, Pamiela eta Txalaparta argitaletxeek, "euskal kulturako funtsezko izenetako baten ondarea babestea" helburu.
Guztira, ia 1.000 orrialde dira, hiru liburutan, "Poema eta abesti guztiak" izenburupean. Lana kaxa batean jarri dute salgai, argitalpen oso zainduan, Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta. Ostegunean aurkeztu dute, prentsaurrekoan, foru jauregian, Markel Olano ahaldun Nagusia eta Maria Jose Telleria Kulturako ahalduna bertan egonda.
Alex Gurrutxaga eta Lourdes Otaegi irakasle eta Leteren gainean adituek gauzatu dute lana. 2016tik Aldundiaren ardurapean dagoen Xabier Lete Fondoa izan dute eskura; Fondoak, besteak beste, 2010eko abenduaren 4an hil zen olerkari eta kantautorearen eskuizkribu eta paper pribatu asko ditu.
"Leteren lana hiru aletan egokitu dugu, hitzaurrea eta oharrak erantsita. Horrek esan nahi du Leteren testuei oharrak eta azalpenak gehitu dizkiegula; hala, ahal den heinean, testuingurua eta asmoa hobeto ulertuko da", azaldu dute argitalpenaren arduradunek, foru erakundeak adierazi duenez.


