"Cinco lobitos"ek eta "Irati"k, pisu nabarmena Goyen izendapenetan
Alauda Ruiz de Azuak zuzenduriko filmak hamaika izendapen jaso ditu, tartean film onenarena, eta Paul Urkijoren bigarren film luzeak bost.
"Cinco lobitos" (Alauda Ruiz de Azua) eta "Irati" (Paul Urkijo) euskal filmek hamaika eta bost izendapen jaso dituzte Goya Espainiako Zinema Akademiaren sarietarako. Sarion 37. edizioa otsailaren 11n ospatuko dute, Sevillan.
"Cinco lobitos" atal hauetan dago izendatuta: film onena, zuzendari berri onena (Alauda Ruiz de Azua), emakumezko aktore protagonista onena, jatorrizko gidoia, argazki zuzendaritza, soinua, ekoizpen zuzendaritza, editatzea, antzeztaldeko gizonezko aktore onena (Ramon Barea), antzeztaldeko emakumezko aktore onena eta gizonezko aktore berri onena (Mikel Bustamante).
Bi izendapen izango dituzte otsailaren 11ko galan, bestalde, "Suro" Mikel Gurrearen lehen film luzeak (Gurrea bera, zuzendari berri onenaren sailean, eta Vicky Luengo emakumezko aktore protagonista gisa), "Unicorn Wars" animaziozko film ederrak (animaziozko film onena eta kantu onena, Joseba Beristainentzat) eta "La consagración de la primavera" pelikulak, Telmo Iruretarena tartean, gizonezko aktore berri onenaren atalean.


