Feministaldia, 17 urte kultura feministan arrastoa uzten
Azaroaren 30etik abenduaren 3ra, kultura feministari lotutako ahotsen, sorkuntzen eta diskurtsoen elkargune izango da, beste behin, Feministaldia. Azken urteetan bezala, Tabakaleran egingo dira jarduerak, aurten "Ahoa narras" leloak harilkatuta. 2022a trantsizio urtea da Feministaldiarentzat, eta, 2023tik aurrera, entitate juridiko propioa izango du. Antolatzaileekin hitz egin dugu.
Zer da Feministaldia? Noiz eta nork sortu zuen? Zer helbururekin?
Feministaldia Plazandreok emakumeen plataforma politikoak sortu zuen 2005ean, Donostian emakumeen ikusgarritasunari buruz hausnartu eta plaza feminista bat sortzeko helburuarekin. Artelekun ospatu zen hasieretan eta gune eder bat eraiki zen, kontuan edukita orain dela hamazazpi urteko egoera ez zela gaur egungoa: jaialdi feminista baten beharra oso handia zen, eta Plazandreoketik indar handia jarri zen bere antolaketarako.

Zuen sare sozialetan irakurri dugu aldaketa urtea dela Feministaldiarentzat. Zein dira aldaketa horiek?
Jaialdiak nolabait azken hamazazpi urteetan izaera propioa hartu du, eta feminismoari eta kulturari lotutako gune bihurtu da Donostian. Zentzu horretan, 2022a trantsizio urtea izango da eta 2023tik aurrera entitate juridiko propioa izango du. Orain dela egun gutxi argitaratu dugun webgune berria horren eredu da (Maite Zabaletak diseinatu du). Horretaz gain, aurtengo edizioan programazio gunea irekitzeko ahalegina ere egin da, eta Azala Kreazio Espazioarekin kolaborazioa hasi da. Horrela, maiatzean Feministaldiako lantaldea eta beste lau pertsona batu ginen programazioari ikuspegi kolektiboago bat emateko. Bertaratu ziren Paloma Chen poeta, Miren Jone Lizarzaburu militante transfeminista, Mirari Echávarri zinemagilea eta Idoia Zabaleta, Azalaren sortzaileetako bat eta arte eszenikoetan aditua eta aritua. Profil ezberdin horien artean sortu da programazioari abiapuntua eman dion hazia.
"Ahoa narras" leloa aukeratu duzue aurten. Zergatik? Zein da transmititu nahi duzuen ideia?
Gorputzaren bertikalitateari buruz hitz egiten egon ginen Azalan, zurrun egotetik lurrera mugitzeko mugimenduari buruz, eta gainera gorputzetatik ere pasatu ziren esperientziak bizi izan genituen han. Ahoa normalean gorputzaren goiko aldean dagoen atala da, eta leloak nolabait ahoa lurrerantz eramateko ideia sinbolikoa iradokitzen du. Ideia horren baitan, lurretik desplazatzea, uzten den arrastoa, zikintasuna, azala galtzea eta horrelakoekin lotu dugu aurtengo egitaraua. Oso zabala da beraz, eta gai ezberdinen inguruan hitz egiteko aukera eman digu: adibidez, Elena Aitzkoa edo Tripak bezalako artistek oso materialki lan egiten dute ideia horiekin, eta ia zuzenki etorri zitzaizkigun burura edizio honetan pentsatzerakoan. Horretaz gain, mundu mistikoa ere ekarri nahi izan dugu, adibidez, Eulalia Valldosera artistaren bidez, artista izatetik xaman izatera pasa dena azken urteetan. Arrastoa uzte horretan ere nondik gatozen pentsatu nahi izan dugu, horregatik Plazandreokek antolatu duen mahai-inguruan ere Feministaldiaren genealogia moduko bat egingo da, baina ez bakarrik bertan, Anna Fux, Fatima Aspitirou, Eneka Fernández eta Leire Ibargurenek ere gure arrastoak ekarriko dituzte plazara, migrazioari begirada poliedriko bat eskainiz.

Zer prestatu duzue 17. edizio honetarako? Zer nabarmenduko zenukete?
Aurreko galderan pixka bat erantzuten hasi gara, baina horretaz gain beste interbentzio asko topatuko dira aurtengo Feministaldian. Gauza berritzaile gisa, Azalan egon ginenean sortutako ideia bat, "lagun bat ekarri" proposamena izan da. Gonbidatu batzuei beste norbait "arrastatzeko" eskatu diegu, hala nola Paloma Chen-i, Yan Huang-ekin etorriko dena, eta elkarrekin gorputz asiarra eta exotizazioaren inguruko performance berri bat prestatu dute. Poesiaren irakurketarekin esperimentatuko dute, hain justu Azalan Idoia Zabaletarekin landu genuen esperientzia bati tiraka. Personaje Personajek, bere aldetik, "trabesti sugea" auto-izendatzen den aktibista, terapeuta eta performerrak, interbentzio espontaneo antiarrazistak egingo ditu programazioaren aldirietan, horrelako gauza bat lehen aldiz programatu dugularik, espazio kolektibotik atera zen ideia, hain zuzen ere. Beraz, oso gogotsu gaude aurtengo egitarauan murgiltzeko. Gainera, gauza batzuk ez ditugu guk pentsatu zuzenean, adibidez Mirari Echávarrik eta Lur Olaizolak (Tabakalerako ikus-entzunezkoen programa daramana), elkarrekin antolatu dute zine emanaldia eta, nahiz eta guk ez ezagutu proiektatuko diren bi filmak, gure aldetik konfiantza osoa izan dute. Festa ere nabarmentzekoa dela uste dugu, aurten pixka bat birpentsatu dugulako eta kontzertu eta DJ-ez gain, tatuatzaileak, maitasunaren inguruan hitz egiteko "konfesionarioa" edo festan "sartzeko" performance bat egongo dira Etxekalten.

2020 eta 2021 urte arraroak izan ziren zentzu askotan. Itxialdiak, lehenengo, eta, pandemiaren ondorioz ezarritako murrizketek, gero, geure buruari begira jarri gintuzten, hausnarketarako bide emanez, askotan. Baina, era berean, gizarteko gai eta arlo askotan eten nabarmena eragin zuten. Kultura feministari dagokionez, zorionez jada atzean geratzen ari den garai horrek zer arrasto utzi zuela esango zenukete?
Ba Azalan justu gai horren inguruan ere aritu ginen, pandemia osteko arrastoak gaur egun ikusarazten ari direla komentatu genuen, helduleku falta sumatzen genuela nolabait, post-pandemiako garaia, pandemiaren ezinegonari guztiz lotuta dagoela. Gorputzak astindu dira eta esparru ezberdin askotan eragina izan duen lurrikara bizi dugula iruditzen zaigu: militantzian, afektuetan, harreman pertsonaletan, banakotasunean, lanean... Hori guztia ez da bere lekura bueltatuko, eta garai ezegonkorretan murgildu gara guztiz. Bertan ahalik eta zoriontsuen eta iraultzaile bizitzeko ahalegina egin behar dugula uste dugu, eta horretarako transfeminismoa giltza nagusia da. Horregatik Feministaldiak kultura eta aktibismoan ematen diren pauso guztiei gertutik begiratzen die.
Nola baloratzen duzue urte hauetan guztietan egin duzuen bidea? Feministaldia ere bere arrastoa uzten ari al da?
Uste dugu Feministaldia erreferente bihurtu dela, ez bakarrik feministon artean, baizik eta kultur arloan ere: urteko hitzordu garrantzitsu bat bilakatu da Donostian, eta Euskal Herriko beste toki askotatik etortzen da jendea. Feministaldiari esker sareak egiten dira, eta alderantziz ere, Feministaldia sare feministaren parte da, eta bertatik edaten du. Horrek bere arrasto propioak uzten ditu bai hirian, bai kanpoan, sareak ez baitira gure testuingurura mugatzen. Antolatzen lan egiten dugun pertsonok militantzia esparruan ere bagaude, eta horrek testuinguru feministarekiko lotura sendotzen du, ez da kanpotik iristen den globo isolatu bat. Askotan, jaialdian zehar ematen diren eztabaidak islatzen dira gero gure egunerokotasunean, eta hori guretzat oso garrantzitsua da, edo urteak pasa eta mahai-inguru edo perfo bat komentatzen jarraitzen dela entzuten dugu. Horretaz gain, Feministaldian parte hartzen duten artista eta eragile batzuek jaialdirako espresuki prestatutako ekimenak beste leku batzuetan aurkezten dituzte, hau da, bizitza propio bat garatzen dute, eta horrek ere poz handia ematen digu. Ilusio handiak inguratzen gaituela iruditzen zaigu, jendeak urteko egitaraua ezagutzeko gogoak izaten ditu, guretzat hori ohore bat delarik. Lan egiteko gogoa ematen digu.

Tamalez, oraindik ere asko dago egiteko. Zein dira etorkizuneko erronkak Feministaldiarentzat?
Munduak hartu duen norabide faxistak asko arduratzen gaitu, tamalez feminismoaren parte bat ere hartu duena, esate baterako joan den azaroaren 25eko manifan ikusi ahal izan genuena. TERF-ei buruz ari gara noski; dirudienez, oraindik badaude feminismoaren subjektua feministok eta subjektu zapaldu guzti-guztiok osatzen dugula ikusi nahi ez dutenak. Baina ez bakarrik hori, udako Melillako masakrea, Txileko prozesu konstituienteari ezetza, Meloniren garaipena Italian, VOX-en gorakada Espainiako Estatuan... Feminismoak hartu duen zentralitatea benetan eraginkorra izatea nahi badugu, oraindik lan asko dago egiteko. Lan motela, txikia agian, pixkanaka egin behar dena, baina etengabe egin behar duguna, munduak bitan zatituta jarraitzen duelako: boteredunak eta botererik ez dutenak, aberatsak eta pobreak, zuriak eta zuri ez direnak, heterosexualak eta ez heteroak, emakume eta gizonak. Binarismo horri bonbak jartzen jarraitu behar dugu.
(2022ko azaroaren 30ean argitaratutako Berezia)


