YOKO OPORRETAN filmaren aurre- estreinaldia Donostian egingo da larunbatean, azaroak 26, eta zinema-areto komertzialetan abenduaren 2an

  • YOKO OPORRETAN filmaren aurre- estreinaldia Donostian egingo da  larunbatean, azaroak 26, eta zinema-areto  komertzialetan abenduaren 2an

Berriki saritu dute filma Sevillako Jaialdian, umeek eurek ematen duten Europa Junior Sariarekin.

Larunbatean, azaroak 26, egingo da filmaren aurre-estreinaldia Donostiako Principe zinema-aretoetan, 11:00etan.

Euskaraldiak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailak filma babesten dute, eta uste dute garrantzitsua dela euskara hitz egiten ez duten gurasoak haien seme-alabekin euskarazko filmak ikustera joatea.

FNACek Donostiako aurre-estreinaldian kolaboratuko du, eta haurrentzako tailerrak eskainiko ditu herrialde osoko 16 dendatan, pertsonaia eta filmak transmititzen dituen balioak ezagutzera emateko.

Abenduaren 2an estreinatuko da Yoko oporretan, azkeneko urteotan Juanjo Elordi zuzendariak eta Edorta Barruetabeña idazleak landu duten filma. Bigarren emanaldi honetan, eta pertsonai beraren telesailean eta Yoko eta bere lagunak (2015) filmarekin izandako arrakastaren ondoren, pertsonaiak banandu egingo dituzte opor batzuetan, ikus dezaten, hasieran beldur izan arren, gai direla errutinatik irten, esperientzia berriak bizi eta lagun berriak egiteko.

Dibulitoon eta Wizart Animación etxeek ekoiztu dute filma, ETBren, Gipuzkoako Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.  Barton Films banatzailearen eskutik estreinatuko da, herrialde osoko areto komertzialetan. Yelmo Cines zinema-aretoekin egindako hitzarmenari esker, 32 zinema-areto baino gehiagotan ikusi ahal izango da filma.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Saileko Miren Dobaranek eta Kike Amonarriz Topaguneko presidentea nabarmendu dute oso garrantzitsua dela haurrei zuzendutako euskarazko kalitatezko edukiak sortzea. Gainera, azpimarratu dute garrantzi handia duela gurasoak seme-alabekin batera zinema euskaraz ikustera joateak, hizkuntza menderatzen ez badute ere. 

FNACek filma babesten du, haurrentzako egingo dituen tailerretan hura promozionatuz; abenduko lehenengo hamabostaldian egingo dira tailerrok, Madril, Bartzelona, Alacant, Malaga, Bilbo, Iruña, Valentzia, A Coruña, Vigo eta Oviedoko dendetan. Aisialdian eta kulturan liderra den kate horrek, gainera, larunbat honetan Donostiako Principe zinema-aretoetan egingo den aurre-estreinaldian kolaboratuko du. Goizeko hamaiketan, ekitaldi horretara joaten diren familiek argazkiak egin ahal izango dituzte filmeko pertsonaiarekin, eta ondoren filma ikusi.

61 minutuko iraupena du, 3 eta 7 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta adin horietarako, haurrek zineman duten lehenengo esperientzia gisa sortuta dago, aldez aurretik dagoeneko ezagutzen duten sail batean oinarrituta baitago. 79 atal ditu sail horrek, eta 20 herrialde baino gehiagotan ikus daiteke. Horretarako, honela landu dute istorioa gidoigileak eta zuzendariak: "istorioak ziklo ez oso luze batean hasten eta amaitzen dira, elkarrekin lotzen dira, eta bidean konpontzen joaten dira, txikiek arreta manten dezaten laguntzeko", diote egileek. Familia osoa zinemara joatearen eta adin guztietako haurrak elkartu eta pantaila handiaz gozatzearen atsegingarritasuna aldarrikatzen dute.

Telesaileko berberak dira filmeko pertsonaiak. Yoko, pertsonaia iragarrezina, gainerakoak harritzen eta babesten saiatzen dena. Eta hiru umeak: Oto, Mai eta Vik, hiru nortasun oso ezberdin baina osagarri irudikatzen dituzten pertsonaiak eta, azkenean, beti elkar ondo ulertzen dutenak; jolasaren bitartez konpontzen dute sortzen zaien edozein arazo. Emanaldi berri honetan, gainera, beste hiru pertsonai agertzen dira: Moko, Toko eta Izoko, Yoko bezala jenioak direnak, munduko beste parke batzuetakoak, eta haurrekin jolastuko direnak, haien irudimena piztuz.

Oraingo honetan ere, aire zabalean lagunartean jolastea sustatu eta irudimena eta abenturak bultzatzen dituen pertsonaia da Yoko.

Dibulitoon

  • Gaia Ikus-entzunezkoa