Gasteizek Iņaki Aņua omenduko du hirirako joko duen Wynton Marsalisen eskutik

  • Gasteizek Iņaki Aņua omenduko du hirirako joko duen Wynton Marsalisen eskutik

Asteartean, hilaren 22an, Udalak eskerrak emango dizkio 40 urtez Jazz Jaialdia zuzendu zuenari “hiria nazioarteko jazz-munduan kokatu” zuelako

Uztailaren 13an Iñaki Añua hil zenetik lau hilabete eskas igaro direnean, Gasteizek omenaldi hunkigarria egingo dio azaroaren 22an. Wynton Marsalisen, Estatu Batuetako tronpeta-jotzaile, konpositore eta moldatzailearen, eskutik, hiriak eskerrak emango dizkio Jazz Jaialdiko zuzendariari “Gasteiz nazioarteko jazz-mapan kokatu” zuelako.

Alkateak, Gorka Urtaranek, eta Iñakiren alabak, Jasone Añuak, aurkeztu dute omenaldia, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Goiuri Jauregian egingo dena. Gorka Urtaranek miresmena agertu du 40 urtez Jazz Jaialdia “benetako pasioz” zuzendu zuen gizonarengatik. Gainera, Iñakiri esker, Mendizorrotzako pabiloiak lehen mailako musikarien kontzertuak jaso zituela gogorarazi du: Ella Fitzgerald, Pat Metheny, Sarah Vaughan, Dizzy Gillespie, Chick Corea, Al Jarreau eta Bobby McFerrin besteak beste, baina New Orleanseko tronpeta-jotzailea, Wynton Marsalis, ahaztu gabe. Koko Ricok egindako haren eskultura dago gainera ikusgai Florida pasealekuko bankuetako batean.

“Omenaldi hau antolatzen ari ginela, zoriontsu egin gintuen Wyntonek Gasteizera etortzeko interes handia erakutsi izanak. Izan ere, Udalak omenaldia eskaini nahi ziola jakin bezain pronto, berak ere parte hartzeko interesa agertu zuen, Iñakiren laguna baitzen. Eta Iñakiz eta hiriarekin zituen loturez hitz egiteaz gain, ekimenari urrezko amaiera emango diola izango da onena. Izan ere, Goiuri Jauregiko terrazatik joko du Vitoria Suite izeneko bere laneko Iñakiren erabakia konposizioa”, azaldu du alkateak.

Bestalde, Jasone Añua oso esker oneko agertu da aitak jasoko duen omenaldia dela eta. “Omenaldi hau amarentzat eta niretzat benetako ohorea eta harro egoteko arrazoia da. Bereziki eskerrak eman nahi dizkiogu Wynton Marsalisi, uneok gurekin partekatzera etorri nahi izan duelako. Wyntonek eskuzabaltasuna zer den erakutsi digu nire aitarekin zuen adiskidetasuna handia zela agertuz”, adierazi du.

Añuaren alabak, gainera, esker oneko hitzak izan ditu “harremanetan jarri izan naizen musikari guztiekin. Aitarekin bizi izandako bitxikeriak kontatu dizkidate eta haien hastapenetan edo une zailak bizi zituztenean aitak nola lagundu zien azaldu didate. Aitak naturaltasun osoz egiten zuen hori eta horrek haren alaba izateaz are harroago sentiaraten nau”, gehitu du. Ekitaldian izango dira gainera bere ama, Elena Ugarte, senideak eta lagun ugari.

Añuak Gasteizko Jaialdia 1979 eta 2018 artean zuzendu zuen. “Denbora hartan, Iñakik ondo merezia izan zuen Udalak 2006an eman zion hiriaren urrezko domina. Hari esker, uztaileko hitzordu hura Gasteizen derrigor gozatu beharrekoa zen eta da oraindik ere. Apartekoa zen, eta beti talentu berriekiko adi zegoen gizon hark jaialdia Europako onenen artean kokatu zuen. Mundu osoan hiriaren enbaxadore bikaina izan da”, adierazi du alkateak.

Bere lurraren maitasuna erakusteko, Udalak ekitaldia antolatu du. Gainera, joan ezin dutenentzako streaming bidez eskainiko dute eta Luis Aramburu Udal Musika Eskolako kideen eskutik jazz-musikarekin girotuko dute. Alkatearen eta Wynton Marsalisen hitzen ondoren, omenaldian Iñakiri buruzko mahai-inguru txiki bat egingo dute, eta bertan, besteak beste, honako hauek hartuko dute parte: Montreauxeko Jazz Jaialdiko Fundazioko arduraduna, Michaela Maiterth; Curro Sánchez Varela zinemagilea eta Paco de Lucíaren semea; Pepa Fernández kazetaria; José Ramón Pardo musika-aditua; eta Gasteizko jaialdiko hainbat kartelen sortzailea eta marrazkilaria, Mikel Urmeneta. Bestalde, Brasildik bideokonferentziaz hartuko du parte Chema García Martínezek, jazzean adituak.

Jai horretan zehar, hainbat bideo izango dira ikusgai. Haietako bat Getxoko eta Donostiako jazz-jaialdietako arduradunek, hitzordura joateko aukera izango ez dutenek, prestatutakoa izango da. Beste bideo hunkigarri bat izango da Iñaki Añuaren bizitzari eta hiriari egindako ekarpenari buruzko bilduma-lana. Eta, zalantzarik gabe, bideo berezienetako bat izango da omenaldirako beren alea jarri nahi duten jazz-zaletuek emandako iritziak, mezuak eta oroitzapenak jasotzen dituena. Hori prestatu ahal izateko, mugikorrarekin grabatutako 10 segundo inguruko bideo laburrak bidali ahal izango dira testimonios.anua@gmail.com helbidera. Haiekin, aretoan proiektatuko den bideo bat prestatuko dute aste honetan. Familiaren (alabaren eskutik) esker oneko hitzen ondoren, ekitaldia amaitzeko, bertaratzen direnentzat ahazteko zaila izango den unea izango da.

Wynton Marsalis Goiuri Jauregiko terrazara joango da (kameralari bat atzetik izango du eta bertaratzen direnek Martin de Salinas aretoko pantaila handitik ikusi ahal izango dute) eta handik bere tronpetarekin joko du (talaia horretatik hiri osoari zuzenduz) Iñaki Añuarentzat esklusiboki prestatu zuen konposizioa. Aihotz plazatik hori entzun nahi duten herritarrek horretarako baldintza ezin hobeak izango dituzte; izan ere, argiztapen berezia egokituko dute. Aurrez ikusitakoaren arabera, une hori 19:00ak aldera izango da.

 


  • Gaia Musika