Baskoien hizkuntzan idatzitako testu zaharrena aurkitu dute, duela 2.100 urtekoa
Iberiarren sistema grafikoa moldatuta, bost hitz idatzita dituen esku formako brontzezko xafla bat aurkitu zuten iaz Aranzadiko arkeologoek Irulegin, Burdin Aroko herrixkaren aztarnategian (Nafarroa). Hala, baskoiak alfabetatuta zeudela eta idazketa lantzen zutela ondorioztatu dute adituek.
Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek baskoien hizkuntzan idatzitako duela 2.100 urteko brontzezko xafla bat aurkitu dute Irulegin, Burdin Aroko herrixka baten aztarnategian. Hala, testu hori gaur egungo euskararen aurrekaria den idazkirik zaharrena litzateke.
Hala jakinarazi dute ikerketaren arduradunek, Iruñetik gertu dagoen Arangurengo bailaran egindako azterketen emaitzak publiko eginda. Mattin Aiestaran Aranzadiko arkeologo eta Irulegiko aztarnategiko zuzendariak azpimarratu du aurkikuntza horrekin argi gelditu dela baskoiak alfabetatuta zeudela, "iberiar penintsulako garai hartako herri asko bezala".


