Anonyme Popular: ikus-entzunezko bertso berriak, garaiari eta giroari jarriak (oholtzara ekarriak)

  • Anonyme Popular: ikus-entzunezko bertso berriak, garaiari eta giroari jarriak (oholtzara ekarriak)

2021ean plazetatik atsedena hartzea erabaki zuen Igor Elortzak, eta, oraindik pandemiaren eragina oso nabarmena zen sasoi hartan, garaiari eta giroari jarritako bertso sorta bat idazteari ekin zion. Gero, Rafa Ruedak eta Azpeitiko Kulturaz kooperatibako ikus-entzunezko narratzaileek musikaz eta irudiz jantzi zituzten bertso haiek. Huraxe izan zen Anonyme Popular egitasmoaren hasiera. Harrezkero, proiektuak aurrera jarraitu du: Durangoko Azokarako prest izango dute disko-liburua, eta, 2023ko urtarrilaren bukaeran, zuzeneko emanaldiekin hasiko dira. Une honetan, Azpeitiko Dinamoan ari dira ikuskizunari forma ematen; bertatik eman dizkigu Igorrek xehetasun guztiak.


Zer da Anonyme Popular? Zerk bultzatu zaitu egitasmo hau martxan jartzera?

Hasteko, aspaldiko grina berpiztu zaidala esango nuke: bat-bateko bertsogintzaz bestelako moduetan sortzeko nahia. Indar hori hor zegoen, eta, gainera, bi zirkunstantzia batu ziren: batetik, 2021ean, atsedena hartu nuen bat-bateko plazatik, eta, artean pandemiak oso baldintzaturik bizi ginen oraindik; bizitza sozial gutxirekin eta geure baitara bilduak geunden. Egoera bortxatua zen, baina, beharbada, beharrezkoa, gogoetarako motiboa eta denbora eman zigulako. Nik behintzat asko pentsatu nuen nitaz, inguruaz, munduaz eta bizimoduaz.

Horretan ginela, covid positibo eman eta alaba txikiarekin isolaturik egin nituen hamar egun. Eta, bat-batean, aspaldi jarraika nituen gaiak eta nahiak lehertu eta hainbat bertso sorta idazten hasi nintzen, nahiko arrapaladan; eta, nire buruan dagoeneko osotasuna zeukan ardatz batekin. Bertso sorta haietan dago Anonyme Popularren oinarri nagusia.


Oso lan pertsonala dirudi. Gaiak ere halakoak al dira? COVID-19ak eta pandemia osteko egoerak utzi al dute aztarnarik bertsoetan?

Garaiari eta giroari jarritako bertsoak direla esaten dut. Uste dut, batetik, zalantzaz beteriko garaiak eta, bestetik, oso indibidualizatutako giroa bizi dugula. Eta pandemiak, gainera, muturreraino eraman du ziurgabetasuna eta isolamenduraino ekarri du norbanakotasuna. Aipu esplizituren bat gorabehera, alde horretatik eragin dute gehiago bi urteok bertso jarrietan: gogoetarako bultzadan, gaiekiko ikuspegian, tonuaren aldartean. Alde horretatik, gaiak betikoak dira hein handi batean, eta, aldi berean, berrituak.

Nire egunerokotasunetik, bizipenetatik eta ameskeriatatik idatzitako bertsoak dira. Ni-tik, lehen pertsona singularrean. Lan pertsonala dela esan daiteke, baina, esaten nenbilenarekin lotutako hautu kontzientea da. Hasteko, zalantzaz beteriko garaiotan zintzoena iruditu zait gai intimoago zein politiko-sozialagoen aurrean neure buruari zorrotz begiratzea. Ondoren, ni horretatik hitz egitea, mozorrorik gabe. Eta, azkenik, niak eta guak aurrez aurre jartzea ere bai; edo niak, guak eta haiek, zerk batzen gaituen eta zerk banatzen gaituen berrikusteko.

Horregatik guztiagatik esaten dut Anonyme Popular norbait dela eta, aldi berean, beste asko izan daitezkeela. Anonyme Popular Igor da, eta inor da.


Bertso jarriek bat-bateko jardunak baino lanketa handiagoa eskatzen al dute? Norbere buruarekiko exijentzia maila ere handiagoa al da?

Ez. Bertsotan egiteko bi modu dira, lan eta exijentzia handikoak biak. Kontua da bat-bateko plazan beste batek erabakitako gai eta ikuspegietatik jardun behar izaten dugula, beste bertsokide bat edo batzuekin, bat-bateko sorkuntzaren indar eta ahulguneekin. Eta nik gogoa nuen neuk aukeratzeko gaiak eta ikuspegiak, denborak ematen duen pentsatzeko patxadaz eta sortzeko zorroztasunez hitz egiteko, eta gogoa nuen neure ahotsa berritzeko.

Bestetik, eta bertso jarriei buruz gabiltzanez, zabalkundean ere nahi izan dut pausotxo bat gehiago egin: "ikus-entzunezko bertso berriak" deitu diet, euskarri bakarrean irakurgai, entzungai eta ikusgai emateko eta Youtube kanalean zabaltzeko. Garai batean ahoz aho erreproduzitzen ziren bertso jarriak, ondoren bertso paperak erabili ziren, geroago bertso-kaseteak eta oraintsuago bertso musikatuak.

Gaur egun, ikus-entzunezko bertso berriak behar dutela uste dut, eta hasieratik egin dut lan, batetik, Rafa Rueda musikariarekin eta, bestetik, Azpeitiko Kulturaz kooperatibako ikus-entzunezko narratzaileekin.


Disko-liburua ere prest izango duzue Durangoko Azokarako. Nolakoa izango da?

Anonyme Popular, esandako moduan, ez dira bertso jarriak bakarrik. Lan musikal handia ere egin dugu: bai bertso sorta bakoitzari zegokion doinua eta kanta-estiloa lantzen, bai soinu-giro orokor gaurkotu bat lantzen ere. Horretan, Rafa Ruedak lan asko eta oso ona egin du. Anonyme Popular norbait baino, beraz, bi behintzat badira: Igor eta Rafa. Bertso-kanta horiek, beraz, audio formatuan ondo grabatzea ere nahi genuen, eta Jose Lastra izan dugu teknikari eta ekoizle. Hark ere asko lagundu dio egitasmoari.

Hori guztia euskarri fisiko batean ere bildu nahi genuen, zaleenentzat eta geuretzat, etxean gorde ahal izateko eta noiznahi eskuetan izateko. Eta, behin horretara ipinita bertso jarriak patxadaz eta gozamenez irakurtzeko moduan argitaratzeko ere baliatu gura izan dut. Alain Urrutiak egin du liburuxkaren diseinua, testuak ikus-entzunezkoetatik ateratako irudiekin girotuz. Sarrera, bestalde, Unai Iturriagak idatzi du, ezin zuelako hobeto inork egin!


Baina proiektu honen funtsa zuzeneko emanaldiak dira, ezta? Jendaurrean kantatzeko sortu al zenituen bertsoak?

Bai. Lehenago esan dut 2021eko pandemia giroan eta covid positiboa nintzela isolamenduan idatzitako sortak direla Anonyme Popularren oinarri nagusia. Sorta haiek hainbat lagunekin partekatu nituen iazko udan, eta artista-jende haietako batek edo bestek sorta gehiago idazteko eta liburu batean argitaratzeko aukera aipatu zidaten orduan. Nik, baina, nahiko argi neukan jendaurrean emateko bertsoak zirela, eta, horretarako bertsoak musikatzeko eta bideoetara zein eszenatokira eroateko bidelagunak behar nituela.

Segurutik, oso arrazoi sinple bi daude horren atzean: bat, aurreko esperientzia batzuetan moduetan eta bideetan sakondu nahi izatea, batetik, eta, bestetik, neure burua gehiago sentitzea oholtzan paperean baino. Beharbada, besterik gabe, horixe da gustatzen zaidana.


Nolakoak izango dira zuzeneko horiek? Nortzuk izango zarete oholtza gainean?

Rafa Rueda eta Álvaro Olaetxea musikariak nirekin izango dira oholtzan, biak ere tresneria anitzekin: perkusioak, baxua, teklatuak, gitarra eta elektronika. Oholtzatik kanpo, zuzeneko lan-taldea osatuko dutenak bi dira: Jose Lastra, soinu-teknikari moduan zein programazioen aurrelanketan, eta argiztapena zein bideo-proiekzioak lantzen Gaizka Izagirre.

Zuzeneko emanaldia ideatzen eta eszena-aholkulari moduan, berriz, Oier Zuñiga antzerkigilea dugu bidelagun. Bertsoak musikatzea erronka handia bada, are handiagoa da zuzeneko emanaldia lantzea: ikus-entzuleei ordubeteko bidaia bat proposatzea, tarte batez, Anonyme Popular izan gaitezen emanaldian batuko garen guztiok.

Erronka polita da. Egitasmo honetan, zuzeneko emanaldiaren moldeak berrasmatzera derrigortuta gaude, gainera. Anonyme Popular, zuzenean, hiru diziplinaren nahasketa izango baita: bertso jarrien emanaldia, musika kontzertua eta antzerki eszenaratzea uztartuko ditugu, osotasuna emango dion gidoiarekin.


Orain gutxi ekin diozue zuzenekoak prestatzeari. Nola doaz lan-saioak?

Azaroan zehar Azpeitiko Dinamoan ari gara lanean. Zuzenekoa ideiatatik oholtzara eramateko, hiru egiteko nagusi dauzkagu. Lehenik, edukiak moldatzea edo osatzea; bertso-kantak zuzenekorako egokituz eta emanaldi bakoitzerako bertso berrietarako tarteak zein kanta bertsioren bat edo beste gehituz. Bigarrenik, eduki horiekin ordubeteko emanaldia harilkatzea; gidoia zehaztea, bai une bakoitzari dagokion giroa sortuz bai pasarteak landuz. Eta, azkenik, hori guztia gorpuztea eta eszenaratzea; oholtzan egongo garen hiru taldekideon lana ez ezik, soinua, argiztapena, proiekzioak eta atrezzoa prestatzea.

Ondoren, urtarrilean, beste hiru asteburutan egingo dugu lan, Azpeitian berriz ere, baina Soreasu antzokian oraingoan, zuzenekoan erabiliko ditugun baliabide guztiekin entseguak eginez, estreinaldia egingo dugun aretoan bertan.


Zer espero duzu zuzeneko saioetara joango den jendearen aldetik? Emanaldia bukatutakoan publikoa zerekin geratzea gustatuko litzaizuke?

Hasteko, belarriak, begiak eta burua zabalik etorri dadin gura nuke. Ni neu, halaxe ari naiz, bertsoak idazten hasi nintzenetik emanaldia prestatzen ari gareneraino, musika eta bideoak lantzetik pasatuz. Proposamen zintzoa eta ausarta dela uste dut, baina, aldi berean, horretan gehiegi erreparatu barik, jolasteko gogoa ere badaukat eta bidean gozatzen ari naiz.

Jendeak gozatu dezala gura nuke, eta zer sentitua eta pentsatua ematea. Ispilu deseroso bat, beharbada, eta, aldi berean, gozoa. Eta tarte hori leku berean bizi izan dugunon arteko beroa, kalera irteterakoan, aldartea apur bat berrituta eta indartuta joateko.


Baina hori 2023ko urtarrilaren amaieratik aurrera izango da. Nola dago une honetan emanaldien agenda?

Lehenengo emanaldia, esandako moduan, Azpeitiko Soreasun egingo dugu, urtarrilaren 29an. Bide batez, eskerrak eman gura dizkiet Azpeitiko Kulturaz kooperatibako kide guztiei, bi urteotako lankidetzan eman diguten erraztasun eta gertutasun guztiagatik.

Ondoren, lehenengo aldikada honetan, antzokietan ibiliko gara, maiatza amaieran Durangoko San Agustinen amaitu arte. Hasteko, otsailean eta martxoan, adibidez, Elorrion, Iruñean, Bilbon eta Amasa-Villabonan egongo gara.


(2022ko azaroaren 9an argitaratutako Berezia)