Gazte Klik Klak lehiaketak baditu irabazleak

  • Gazte Klik Klak lehiaketak baditu irabazleak

Gazte Klik Klak-en 2022ko deialdiak argazkigintza eta bideoa uztartzen dituzten 27 proposamen gazte jaso ditu, zoriaren inguruan landutakoak

Parte-hartzaileen % 50a 20 urtetik beherakoa da

Saritutako lau lanekin eta aukeratutako beste hamabirekin erakusketa egingo da Amarica Aretoan, abenduaren 21etik 2023ko urtarrilaren 22ra bitartean.

Óscar Golpe Manuel (Itxurak), Rafael Hernández Jiménez (El jersey), Ainhoa García de Cortázar (Forma, similitud y azar) eta Lucía Jayo Altamarino (Wacky Races) dira Gazte Klik Klak argazki eta bideo lehiaketaren hamalaugarren edizioko lau irabazleak. Oscarrek eta Rafaelek bideoaren aldeko apustua egin dute, eta Ainhoak eta Luciak argazkiaren aldekoa.

Proposamen irabazleek Beñat Gorostidi Bueno, María Fariñas Pérez (2020ko edizioko irabazlea), Óscar Golpe Manuel (aipamen bikoitza, oraingoan bere argazki proposamenagatik), Haydée Iza Rocha, Garazi Aguirresarobe Barandiaran, Xabi Martínez Ortiz de Pinedo, Markel Fernández Etxeberria eta Jorge Pinedo López de Maturanaren lanekin  partekatuko dute espazioa Gazte Klik Klak erakusketan.

Hala erabaki zuen Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuko teknikari batek eta arloko bi adituk osatutako epaimahaiak, pasa den urriaren 28an. Adituak Maider Jiménez (argazkilaria, artista bisuala, irakaslea eta 2012ko Gazte Klik Klak-eko irabazlea) eta Sara Berasaluce Duque (argazkilaria, arte hezitzailea, kultur kudeatzailea, 2011ko Gazte Klik Klak-eko irabazlea eta aurtengo edizioko komisario laguntzailea) dira.

Jasotako 27 proposamenak hiru irizpide nagusiren arabera baloratu ditu epaimahaiak: originaltasuna, gaiarekiko lotura eta koherentzia teknikoa. Antolatzaileak pozik agertu dira jasotako lan kopuruarekin eta kalitatearekin. Azpimarratzekoa da 20 urtetik beherako gazteen parte-hartzea (% 50ekoa izan da); horrek agerian uzten du gazte askok adierazteko eta euren kezka artistikoak erakusteko duten beharra, gazte-gaztetik.

Sarituen eta hautatuen lanak Amarica Aretoaren barruko aretoan ikusgai egongo dira erakusketa batean, abenduaren 21etik 2023ko urtarrilaren 22ra bitartean,.  Era berean, birtualki ere ikusgai egongo dira udalaren webgunean (vitoria-gasteiz.org/gazte-klik-klak).

Lau irabazleek Tetrapack 2023 erakusketa kolektiboan parte hartuko dute gainera, komisario batek lagunduta eta argazkigintzan eta bideogintzan adituak diren pertsonen tutoretzapean, 2023ko bigarren hiruhilekoan. Horrez gain,  300 euroko opari-txartela jasoko dute, argazkigintza, bideogintza edo kultur materialean gastatzeko Fotoprix-en, tokiko merkataritzaren aldeko apustua eginez. Halaber, aukeratutako lanen egileek 30 euroko txartela jasoko dute Mara Mara Liburuak liburu-dendan gastatzeko.

Zalantzarik gabe, edizio honetako gaiak –zoria-  zeresan handia eman du. Izan ere, kontzeptu hori ulertzeko moduak amaigabeak dira, Sara Berasaluce antolatzaile, epaimahaiko kide eta lehiaketaren bigarren zatiaren (Tetrapack 2023) komisario laguntzaileak nabarmendu duen bezala: “Gaira hurbiltzeko modu desberdinek harritu gaitu. Proposamen bakoitzean egindako interpretazioa aztertzea oso interesgarria izan da. Badirudi gai honetan luze jardun gaitezkeela bai argazkigintzan bai bideo-sorkuntzan ere”.

+ INFO: gazteklikklak20@gmail.com / vitoria-gasteiz.org/gazte-klik-klak


  • Gaia Ikusizko arteak