Udalak Esther Ferrerren ?Zenbaki lehenak? zaharberritu eta Artium barruko plazara eramango du
Lan hori izango da Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoko gune publikoan jarritako emakumezko artista baten lehenengoa
Esther Ferrer artistaren (Donostia, 1937) ‘Zenbaki lehenak’ lana, gaur egun Gasteizko Prado parkean dagoena, zaharberritu eta Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museo barruko plazan kokatuko dute. Proiektuak euskal artistaren parte-hartze aktiboa du eta, horri esker, hiriko espazio publikoetan instalatuta daudenen artean enblematikoenetako bat dena hobeto mantendu ahal izango da.
“Ekintza honen bidez, Esther Ferrer artistaren lanari balioa eman nahi diogu, Euskadiko arte garaikideko funtsezko kidea baita, eta nazioartean entzute handia baitu”, azpimarratu du Estibaliz Cantok, Hezkuntza eta Kultura arloko zinegotziak.
Neurri handiko lana da, zeramikazko 10.000 piezak baino gehiagok osatzen dutena eta Ferrerrek zenbaki lehenen (horixe bera da, hain zuzen ere, bere ekoizpeneko funtsezko gaietako bat) seriazioarekin egiten du lan.
Gainera, horixe izango da museoaren kanpoaldean jarritako emakumezko artista batek egindako lehen lana. Aurretik, honako artista hauen lanak daude gune horretan:
Chillida, Oteiza, Serra, Basterretxea, Navarro eta Larrea.
Prado parkean 2003an instalatu zuten ‘Zenbaki lehenak’, Gasteizko Udalak bultzatutako esku-hartze artistikoen proiektu baten baitan. Horretarako, erakundeak Rosa Olivares editorearen eta komisarioaren zuzendaritza-lana izan zuen.
Esther Ferrerren proposamena neurri handiko lana da eta ‘Zenbaki lehenen olerkia’ seriean jasota dago (bere ibilbidean garrantzi handia izan duen lan-ildoa).
Museoko arduradunekin duela gutxi izandako elkarrizketan artistak berak azaldu zuen moduan, hauxe da “zoru perenneko lehen lana. Erakusketa jakinetarako zenbaki lehenekin zoruko instalazio galkorrak egin izan nituen, baina gero desagertu egiten ziren. Lehen iraunkorra Gasteizkoa da”.
Lan hori da askoren ustez bere lan enblematikoenetako bat eta Gasteiz hirirako modu espezifikoan sortu zuen. Gresezko zeramikazko 10.000 lauza karratuk osatzen dute, 3 pieza motarekin: 4410 pieza diagonal gorri batekin, 4410 pieza diagonal urdin batekin eta gainerakoek zenbaki lehen bat dute inprimatuta, 41 eta 10.039 artekoa (biak barne.
Lanaren jatorria Esther Ferrerrek matematikarekiko duen interesean eta, zehatzago esanda, Stanislaw Ulam matematikari poloniarrak deskribatutako Ulamen espirala izeneko adierazpen grafikoan dago. Ferrerrek azaldu zuenez, Ulam honako honetaz jabetu zen: “zenbaki lehenak batetik hasita espiral batean idatziz gero, diagonal txiki pila bat eratzen ziren; 41etik hasiz gero, azkenean eten egiten den diagonal jarraitu bat osatzen da. Ideia horrekin era askotako proiektuak egin ditut emaitza gustatzen zaidalako, baina egindako lehenengo iraunkorra Gasteizerako izan zen”.
Ia bi hamarkada igaro dira lan hori ekoitzi eta Prado parkean instalatu zuenetik. Ordutik, ‘Zenbaki lehenak’ lana nabarmen hondatu da materialen hauskortasuna eta erabilera intentsiboko espazio publikoan kokatuta egon delako.
Gasteizko Udalaren, Artiumen eta egilearen, Esther Ferrerren, artean egindako elkarrizketei esker, lan esanguratsu hori zaharberritzeko eta museoaren barneko plazan kokatzeko proiektua jarri dute abian.
Lana Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoko bilduman sartuko da Udalaren (Artium Fundazioaren Patronatuko kidea da) erakunde mailako gordailu-akordioari esker, eta museoaren XX. urteurrenarekin lotuta bideratzen ari diren ekintzetako bat da.
‘Zenbaki lehenak’ Artium Museoko barneko plazan kokatzeak behar bezala mantentzeko eta azken hamarkadetako Euskadiko artearen baitan erreferentziazko lan gisa testuinguruan kokatzeko aukera hobeak eskaintzen ditu.
Gainera, artearen historian funtsezko artista gisa Esther Ferrerren figura indartzeko eta, bere bildumaren eta programen bidez, emakumezko artisten lana ikusgai jartzearen alde museoak egindako apustu estrategikoa sendotzeko lagungarria izango da.
Esther Ferrer izango da museoaren espazio publikoan ikusgai jarritako eskulturen ibilbidean sartuko den lehen emakumezko artista. Erakusketa horretan, honako artista hauen lanak daude lehendik: Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea, Eduardo Chillida, Vicente Larrea eta Richard Serra. Gainera, ‘Zenbaki lehenak’ 2023rako aurrez ikusitako performarceko programa bat aktibatzeko eta jolaserako gune ere bihurtuko da.
Bere ibilbide luzean, Ferrerrek lotura handia izan du Gasteiz hiriarekin. ‘Zenbaki lehenak’ izan zen Esther Ferrerrek ordura arte (2003) egindako esku-hartze publiko esanguratsuena, baina ordurako nazioartean entzute handia zuen.
2011n, Artium Museoak ‘Esther Ferrer. Lau mugimendutan’ erakusketa antolatu zuen Olivaresek komisariatuta eta haren baitan hainbat performance garatu zituen. Gaur egun, artista Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoko bilduman ordezkatuta dago eta Artium Museoko ‘Zeru bat, hamaika bide’ erakusketak bere lan adierazgarrienetako bat biltzen du: 1975eko ‘Gorputzaren ekintzak’ bideoa. Gainera, museoko bilduman gordeta daude bere ibilbidean ezinbestekoak izan diren beste lan batzuk ere: ‘Autoerretratua denboran’ (1981-1994) eta ‘Izenburu gabea’ (2011).
Ekintza hori emakumeek sortutako artelanei balioa emateko proiektuan sartuta dago. Horren aurrekaria izan zen Juana Cimaren (Caibarién, Kuba, 1951) ‘Sin título’ lana zaharberritzea. Neurri handiko (600×400 cm) pintura-lana da eta Gasteizko Alde Zaharreko “almendra” irudikatzen du. 1980an, hiriko Pintura eta Eskulturaren IV. Bienalean saria jaso zuen. Gasteizko Udaleko Bilduman jasota dago eta zaharberritu ondoren, gaur egun toki nabarmena betetzen du Artium Museoko ‘Zeru bat, hamaika bide’ erakusketan, Bigarren bidea azterketa-kasuaren barruan.


