“Ondareari Begira” ondare kulturala ezagutarazteko film labur dokumetalen lehiaketaren lehenengo ediziorako deialdia egin du Ondarebiziak. Argazki lehiaketa formatuan zazpi edizio egin ostean, oraingo ekimenak ikus-entzuneko formatura egin du pausua.
Aurkezten diren film laburrek ondarearen zaintzaren eta babesaren garrantzia azpimarratu eta honek belaunaldiz belaunaldi transmititzeko duen beharra nabarmendu behar dute.
Bide honetan, lehiaketaren helburua aurkezten diren lanak belaunaldien arteko elkargune bat sortzeko baliagarriak izatea litzateke eta, honetarako, ondarearen balioa eta biziraupena plazaratzen laguntzen duten piezak garrantzitsuak dira.
Era berean, lehiaketa honek garrantzia emango dio gai honen inguruan hausnarketa berriak plazaratzen dituzten eta ondarearen, bizirik eta eboluzioan dagoen nozio moduan ulerturik, komunikazio gaitasuna pizten duten lanei.
Parte-hartzeko eta lanak aurkezteko baldintzak
Azaroaren 24ra arte egongo da lanak aurkezteko aukera. Parte-hartzea 18 urtetik gorako pertsonentzako dago irekia eta bakarka nahiz taldean aurkeztu daiteke.
Beste deialdietan parte-hartu duten film laburrak onartuko dira, betiere hauek ez badira beste lehiaketetan saritu.
Film laburrek gehienez 15 minutuko iraupena izan behar dute, eta behealdean dagoen galdetegiaren bitartez aurkeztu behar dira.
Sariak:
- Film labur hoberenaren saria: 500 euro eta irabazlearen diploma
- Ondarebizia saria: Belaunaldien arteko begirada hobekien isladatzen duen lanarentzako 250 euroko Ondarebizia saria eta egiaztagiri diploma
- 6 ohorezko diploma
Parte hartzeko galdetegia https://forms.gle/usLUSt27Wk1wZarc8


