Uharteko Arte Garaikideko Zentroaren zuzendaritza-proiektu berriaren aurkezpena
Gaur arratsaldean aurkeztu da Uharteko Arte Garaikideko Zentroaren zuzendaritza-proiektu berria.
Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilariak, Alfredo Arruiz Uharteko alkateak, Greta Alfaro artistak, Javier Balda Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluko kideak, azken hiruak eta patronatuko kideak, eta Oskia Ugarte Uharte Zentroko zuzendariak hartu dute parte ekitaldian.
Ekoizpena, ikerketa, lurraldea eta testuingurua, gizartera itzultzea, hezkuntza eta bitartekaritza, aldi berriaren zutabe.
Azken sei urteetan, Uharte Zentroa arte-komunitateko hainbat eragileri baliabideak eskaintzen dizkien gune bihurtu da. Egin duen ibilbideak arte garaikidearen eta ekoizpen artistikoaren erreferente gisa kokatu du; alde batetik, Nafarroan, komunitate artistikoaren beharrei erantzuteko lehen lekua delako, eta, bestetik, estatu-mailan, praktika artistiko garaikideen erreferente bihurtzea lortu duelako, bere lan-moldeengatik eta bere praktikaren erdigunean bere lurraldea (Uharte eta Nafarroa) kokatzeagatik.
Aurten amaitu da aurreko zuzendaritza-lehiaketan ezarritako sei urteko gehieneko epea, eta, beraz, patronatuak beste prozesu baterako deialdia egin zuen. Lehiaketaren oinarriak arautzen zituen testuarekin batera, Uharteko Arte Garaikideko Zentroaren helburuei eta jarduera-ildoei buruzko dokumentu bat aurkeztu zen, aurkeztutako proiektuek kontuan hartu beharrekoa. Lehiaketaren fase ezberdinen ondoren, zuzendaritza Oskia Ugarte Abarzuzari eman zitzaion, 2016 eta 2022 artean Uharteko Arte Garaikideko Zentroa zuzendu duen kolektiboko kideari.
Zuzendaritza-proiektu berria Uharteko alkate eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroa Fundazioaren patronatuko kide Alfredo Arruizek ireki duen ekitaldian aurkeztu da. Ondoren, Kultura eta Kirol kontseilari den Rebeca Esnaolak adierazi du, “izan behar duenaren eta lortu behar duenaren ikuspegitik, Uharte Zentroaren bilakaerarako Patronatuak ezarri dituen erronka berriekin egiten dugu topo, eta erronka horien helburua Departamentuan kultura-politika publikoetan funtsezkotzat jotzen ditugun ildoak dira.” Adierazi du hildo horiek “osotasunean Nafarroako lurraldeari lotuta, eta, bitartekaritzaren bidez, herritarren elkartrukera eta parte-hartzera bideratutako gunea izanik, sorkuntza garaikidearen ikerketa, ekoizpena, prestakuntza eta zabalkundea sustatzea direla”
Oskia Ugartek, nabarmendu du orain beharrezkoa dela, alde batetik, komunitate artistikoari laguntzeko ildoak finkatzea eta sendotzea, egoitza- eta egonaldi-programekin edo goi-mailako prestakuntzarekin, Praktika Artistikoen eta Kultura ikasketen Masterrarekin, baina garaia dela, halaber, zentroan gertatzen diren lan-prozesuen laguntzan eta zaintzan sakontzeko eta gizartearekin harremanetan jartzeko. Ahalegin berezia egin nahi da Uharte zentroan gertatzen diren prozesuak itzuli eta gizarteratu nahi dituzten ildoetan, prozesu horiek ekarpenak egin ahal izan ditzaten eta, aldi berean, gertu dauden komunitateetatik elikatu ahal izan daitezen.


