Montehermoso Kulturunea izango da abenduaren 16tik 18ra bitartean Mazokaren zortzigarren edizioaren egoitza

  • Montehermoso Kulturunea izango da abenduaren 16tik 18ra bitartean Mazokaren zortzigarren edizioaren egoitza

Gasteizko Marrazki Azokak aurrez aurreko formatua berreskuratuko du eta 40 ‘mazokalarik’ hartuko dute parte

Montehermoso Kulturunea izango da Gasteizko Marrazki Azokaren, Mazokaren, zortzigarren edizioaren egoitza abenduaren 16tik 18ra bitartean. Ekimena berriro ere aurrez aurre egingo dute bi urtez Sarean egin behar izan ostean.

“Ur Biltegi zaharrean egingo dute jaialdi grafiko hau eta, beste urte batez, marrazkigintzarekin, ilustrazioarekin eta arte plastikoekin lotutako balio berriak ezagutzeko eta herritarrei ilustrazioko eta aplikatutako arteekin lotutako oso estilo desberdinak eta anitzak gerturatzeko tresna bihurtuko da”, nabarmendu du Estibaliz Cantok, Hezkuntza eta Kultura arloko zinegotziak.

Urriaren 18an amaitu zen azoka horretan parte hartu ahal izateko deialdia eta antolakuntzak gaur emango du epaimahaiaren erabakiaren berri. Hala, ‘mazokalari’ izaerarekin saritutako 40 pertsonen izenak ezagutuko ditugu gaur.

Entzute handiko artistak egongo dira: Miren Asiain Lora (Euskadi Ilustrazioa Saria 2020an), pintura-teknikak erabilita poesia grafiko bihurtzen diren giro eta mundu harrigarriak sortzen dituena; Bea Enríquez (Anaya Saria 2020an eta  Fnac Nobela Grafikoaren saria 2018an), birziklatutako euskarri mota ugariren eta naturako elementuen inguruko ilustrazio-proposamen ausarta egiten duena; edo Celso Martínez, Celsius Pictor izenarekin ezagunagoa dena (azalen eta prentsako artikuluen ilustratzailea hainbat aldizkaritarako: ‘Forbes’, ‘Jotdown’ edo ‘Altair’), XIX. mende aurreko era guztietako irudien eta grabatuen collagea lantzen duena.

Aurreko urteetan ikasle bekadunak izan ziren hiru mazokalarirekin partekatuko dute gunea: Mariñe Jauregui (2019), Paula Huarte (2020) eta Carmen B. Mikelarena (2021). Hiruren hitzetan, Bekikasle moduan hautatuak izatea eta Mazoka esperientzia bizitzea “sekulako bultzada eta energia-txutea izan zen neure buruarengan eta nire lanean konfiantza izateko eta hazten jarraitzeko”.

Azaroan zehar, www.mazoka.org webgunean eta Mazokaren sare sozialetan egongo dira ikusgai 40 mazokalariek egindako proposamenak.

Emakumeen presentzia handia

Jasotako eskaera gehienak emakumeenak izan dira: % 72,76. Ehuneko hori bat dator partaideen aukeraketarekin; izan ere, % 80 emakumezkoak dira, eta % 20 gizonezkoak. Mazokalarien % 37,55 Euskal Autonomia Erkidegotik iritsiko dira (haietako % 15 dira Gasteizkoak eta aukeratutako ikasleen proportzioa berbera da: guztizkoarekiko % 15ekoa). 

Aurten eskaera guztien % 23 Ilustrazioko eta Diseinuko Goi Mailako Zikloak dituzten eskoletatik iritsi dira: Valentziako EASD, Almeria, Murtzia, Madrilgo CEI edo Gasteizko IDarte, baina baita unibertsitateetatik ere: Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Granada, Carlos III eta Madrilgo Konplutentsea edo EHU.

“Bereziki aipatu nahiko genituzke ikasle gazteenak trebatzen dituzten zentroak, Gasteizko Mendizabalako Lanbide Heziketako Zentroa edo Federico Baraibar Bigarren Mailako Hezkuntza Institutua, esate baterako. Izan ere, beren hautagaitza lehen aldiz aurkeztera animatu diren ikasleak iritsi zaizkigu haietatik”, adierazi dute antolakuntzakoek. Azken institutu horretan ari da 2. mailako batxilergo artistikoa egiten 17 urteko Unai Do Nacimento eta, jasotako eskaera guztien artean, 15 ikasle finalisten artean bere tokia egin du.

Bekikasle Mazoka-Laboral Kutxa V. beka

Mazokak, duela bost urtetik, Laboral Kutxarekin elkarlanean, Bekikasle Mazoka-Laboral Kutxa beka banatzen du eta 2022an Maider Leturiagak, Gasteizen dagoen Euskadiko Arte eta Goimailako Diseinu Eskolako-Idarteko ikasleak jasoko du.

Bere marrazkiek umore-ukitu oso pertsonala dute eta lerro garbiekin sortzen ditu. Koloreztatze digitala menderatzen duela eta errisografia teknika erabiltzeko garaian abilezia erakusten ditu. Cartoon estiloko ilustrazioa iradokitzen dute modu xumean, baina Asiako influentziak bateratuta. Izen-ematea doan izango du eta Labora Kutxaren eskutik, 500 euro jasoko ditu produkziorako eta zerbitzu-sarietarako.

Informazio gehiago

 


  • Gaia Ikusizko arteak