Alberto Vázquez: "Emozioak ekarri, lasaitasuna eragotzi, eta barrea eta negarra eragin nahi genuen "Unicorn Wars"ekin"

  • Alberto Vázquez:

Zinema aretoetara iritsi da "Unicorn Wars" Alberto Vazquezen animaziozko film luzea; gerren aurkako alegia gogor, sendo eta oso indartsua da, eta euskal etxe batek ekoitzi du.  

"Heriotza adarbakarrarentzat! Heriotza adarbakarrarentzat!", kantatzen dute suharki itxuraz maitagarriak diren peluxezko hartzek, Unicorn Wars pelikularen protagonistek; hori da gerren aurkako animaziozko kantu ilun, gupidagabe eta heldu honek (oihu lazgarri honek, esan beharko genuke zehatzago) eskaintzen digun lehen kontrastea. Lan horren atzean, Alberto Vazquez galiziar zinemagilea (Psiconautas) eta Ivan Miñambres bilbotar ekoizlea (Uniko estudioa) daude, eta EITBren parte-hartzea du.

David Trueba zinemagile eta idazlearen esanetan "umeentzako kontakizunetatik helduentzako ipuinetara jauzi egiten duenean berdintzen zaizkio hortzak herrialde bati"; bada, Unicorn Wars bigarren talde horri dagokio. Itxura arinaren azpian (pastel-koloreak eta tonu umoristikoa dira nagusi pelikularen hasieran, baina giroa berehala lerratzen da shakespearetar tragediara), pelikulak ez dio muzin egiten konplexutasunari eta beretzat hartzen du gaiztakeria, fanatismoa eta gorrotoa azaltzeko erronka, munstrokeriaren atzean ezkutatuta errazkeriaz sinplifikatu eta mozorrotu ordez. 

Unicorn Warsi buruz hitz egin dugu Ivan Miñambresekin eta Alberto Vazquezekin, zeinak esaten baitu pelikula Apocalypse Nowren, Bambiren eta Bibliaren arteko nahasketa endekatua dela;  HamletPlatoonPaths of GloryMiseryNo Man's landGrave of the Fireflies eta beste asko ere gehitu genitzake, esate baterako. Nolanahi den, ikus ezazue zinemetan: zorrotzaren zorrotzez bat edo baten gorputza durduzatuko du filmak, zalantzarik gabe, baina nago ikusle gehienen gogoa zabalduko duela trukean.

ALBERTO VAZQUEZ, zuzendaria

Unicorn Warsen jatorria Sangre de unicornio 2013ko zure film laburra da. Zerk bultzatu zintuen istorio hori pelikula berrian zabaltzera?  

Ideia interesgarria iruditzen zitzaidan, aukerak zabaltzen zizkidana: bi anaia harztxo adarbakarrak ehizatzen aritzen dira, berorien odolari esker edertasunari eusten baitiote.

Batzuetan, beren iruditeria propioa duten unibertso fantastikoekin, mikromunduekin, lanean aritzen naizenez, aztarrika jarraitzeko gogoz gelditzen naiz, baina film laburraren iraupenak behartzen nau trama laburtzera. Ipuin honetan eta nola anaien arteko hala adarbakarrekiko harremanean sakontzen jarraitzeko gogoa nuen. Gainera, film laburra nahiko arrakastatsua izan zen, eta horrek finantzazioa lortzen lagundu zigun.

Denboraren joanak hazten laguntzen die ideiei.

Zer gehitu ahal izan diozu istorioari oraingoan, formatu berriari eta zeure garapenari esker?

Marrazkilari gisa sortu dudan unibertsoa genero belikoarekin eta istorio epiko eta erlijioso batekin nahastea zen asmoa. Beti egin nahi izan dut istorio beliko bat, pertsonaiak infernura jaitsi eta biziraupen istorio bat bizitzea.

Hartzen eta adarbakarren arteko kanpo gerra protagonisten arteko barne gerra batekin nahasten da: amaren maitasuna bereganatu nahi dute, eta horrek familiarteko gatazka bat utziko du agerian.

Horrez gain, kontraktasun eta originaltasun interesgarria ematen dio ipuinen munduarekiko, alde naif eta koloretsuarekiko, kontrasteak. Erlijioak ukitu transzendentala ematen dio, eta istorioa kontakizun mitologikora lerratzen du.  

 

eitb.eus

  • Gaia Ikus-entzunezkoa