CAF-ELHUYAR SARIAK 2023

  • CAF-ELHUYAR SARIAK 2023

I.- Sariketaren xedea

CAF-Elhuyar sarien helburuak dira zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta gizarteratzea bultzatzea, saritzea eta aitortzea.

Elhuyarrek antolatzen ditu CAF-Elhuyar sariak, CAF enpresarekin batera eta NEIKERen babesarekin.


II.- Kategoriak eta sariak

Hiru kategoria hauek osatzen dute sariketa: dibulgazio-artikuluak, zientzia-kazetaritza eta sorkuntza-beka.

- Dibulgazio-artikuluak. Kategoria honetan, euskaraz sortutako zientzia eta teknologiaren dibulgazio-lanak aurkeztuko dira. Bi azpikategoriatan banatuta dago:

  • Dibulgazio-artikulu orokorra saria

          Saria: 2.000 euro, Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eta Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza.

  • Doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikulua saria

         Saria: 2.000 euro, Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eta Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza.

- Zientzia-kazetaritza saria. Kategoria honetan, 2022an euskaraz sortu eta argitaratutako kazetaritza-lanak aurkeztuko dira, edozein formatu eta generotakoak.

   Saria: 2.000 euro, Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eta Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza.
 

- Sorkuntza-beka. Kategoria honetan, gai zientifiko-teknologikoak gizarteratzeko beste modu batzuk lantzen dituzten proiektuak aurkeztuko dira, euskaraz sortuak. Arlo zientifiko-teknologikoa eta gizartea modu berritzailean harremanetan jartzea izango da haien muina.

   Saria: 5.000 euro eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat.


Horietaz gain, NEIKER saria dago. Lehen bi kategorietako lanen artetik (dibulgazio-artikuluak eta kazetaritzakoak) lehen sektorearekin lotura duen lan onenari emango zaio sari hori. Beste sariekin bateragarria izango da; alegia, lehen sektoreko lan onenak, beste kategoria bateko onena ere baden kasuan, bi sariak jasoko ditu. Saria: 2.000 euro, Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eta Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza.


III.- Dibulgazio-artikuluen sariak

  • Kategoria honetara, euskaraz sortutako zientzia eta teknologiaren dibulgazio-artikuluak aurkeztuko dira.
  • Aurkeztuko diren lanek originalak eta sekula argitaratu gabeak izan behar dute; itzulpen edo moldaketarik ez da onartuko. Beste sariren bat jaso duten lanak ere ez dira onetsiko. Argazkiak eta ilustrazioak ere originalak izango dira, edo, besteren batenak badira, dagozkion aitortzak egingo dira artikuluan egile-eskubideei dagokienez.
  • Bi eratako dibulgazio-artikuluak aurkeztu ahal izango dira: (i) zientzia- eta teknologia-gai bati buruzko dibulgazio-artikulu orokorrak, batetik, eta (ii) sariketara aurkezten den egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluak, bestetik. 
  • Doktore-tesietan oinarritutako dibulgazio-artikuluen kategorian, zientzia eta teknologiaren arloko doktore-tesiei buruzko dibulgazio-artikuluak bakarrik onartuko dira, eta 2022ko urtarrilaren 1etik 2022eko abenduaren 31ra bitartean aurkeztutako tesiak bakarrik hartuko dira kontuan. Dibulgazio-artikuluak argi erakutsi behar du zein izan diren tesiaren ardatza eta egilearen ikerketa-lana.
  • Artikuluek, gehienez, 10.000 karaktere izango dituzte, zuriuneak zenbatuta. Muga horretatik kanpo daudenak ez dira kontuan hartuko. Dagozkien irudi eta grafikoez hornituko dira. Horiek argitaratzeko baimena edo lizentzia izan behar dute, eta jabetza aitortu beharko da (artikuluaren egilearenak direnean, halaxe aitortuko da, betiere egilearen izena jarrita). Irudi eta grafikoei eta haien argazki-oinei dagokien espazioa ez da erabiliko lanen luzera neurtzeko. Bibliografia ere aipatu egin behar da; bibliografiari dagokion espazioa ere ez da erabiliko lanen luzera neurtzeko.

 

  • Artikulu saridunak

Elhuyarrek konpromisoa hartzen du saria jaso duten dibulgazio-artikuluak argitaratzeko, eta egileei ez dagokie horregatik inolako kontraprestaziorik. Elhuyarrek bereganatzen ditu artikulu saridunen ustiatze-eskubide guztiak (erreproduzitzeko, banatzeko, gizarteratzeko eta transformatzeko eskubideak barne); beraz, nahi duen bide, euskarri eta formatuan argitaratu ahal izango ditu nahi beste aldiz. Elhuyarrek, besteak beste, Elhuyar aldizkarian eta www.elhuyar.eus, aldizkaria.elhuyar.eus, eta www.zientzia.eus webguneetan argitaratu ahal izango ditu artikulu saridunak.  Egileak ere argitaratu nahiko balu bere artikulua, Elhuyarrekiko adostasunez beste euskarriren batean argitaratzeko aukera izan dezake, betiere CAF-Elhuyar sarietara aurkeztutako lana dela aitortuz eta inoiz ez Elhuyar aldizkarian argitaratu baino lehen. 

  • Saritu gabeko artikuluak

Elhuyarrek, egokitzat joz gero, argitara ditzake sariketara aurkeztu eta saririk jaso ez duten dibulgazio-artikuluak, nahi duen bide, euskarri eta formatuan, eta egileei ez dagokie horregatik inolako kontraprestaziorik. Elhuyarrek, besteak beste, Elhuyar aldizkarian eta www.elhuyar.eus, aldizkaria.elhuyar.eus, eta www.zientzia.eus webguneetan argitaratu ahal izango ditu sariketara aurkeztu diren eta saririk jaso ez duten artikuluak. Hala ere, Elhuyarrek lan horiek argitaratzeko eta hedatzeko eskubidea besterik ez du bereganatuko, eta egileei dagozkie artikuluen gaineko ustiatze-eskubide guztiak.



IV.- Zientzia-kazetaritza saria

  • Kategoria honetan, zientzia- eta teknologia-gaiak hizpide dituzten euskarazko kazetaritza-lanak aurkeztuko dira.
  • Formatu eta genero guztietako lanak aurkeztu ahal izango dira: egunkarietan argitaratutako erreportajeak, telebistan emititutakoak, Interneten argitaratutako lanak, irrati-emankizunak...
  • Lanek 2022eko urtarrilaren 1a eta abenduaren 31 bitartean argitaratutakoak izan behar dute.
  • Autoreak, autore-taldeak nahiz komunikabideak aurkez ditzake lanak. Alabaina, saria autorearentzat edo autoreentzat izango da kasu guztietan.
  • Autore bakoitzak hiru lan aurkeztu ahal izango ditu gehienez ere.
  • Ezingo dira proiektu osoak aurkeztu, kazetaritza-lan zehatzak baizik.
  • Zientzia-kazetaritzako lana aurkezten duenak ez dio lanaren ustiatze-eskubiderik emango Elhuyarri, baina Elhuyarrek aukera izango du saria jaso duen zientzia-kazetaritzako lanaren aipamen labur bat egiteko egoki deritzon komunikabideetan. Aipamen hori, besteak beste, Elhuyar aldizkarian eta www.elhuyar.eus, aldizkaria.elhuyar.eus, eta www.zientzia.eus webguneetan argitaratu ahal izango du Elhuyarrek.

V.- Sorkuntza-beka 

  • Kategoria honetan, gai zientifiko-teknologikoak gizarteratzeko beste modu batzuk lantzen dituzten sorkuntza-lanak aurkeztuko dira, euskaraz sortuak. Arlo zientifiko-teknologikoa eta gizartea harremanetan jartzea izango da haien muina.
  • Proiektuak originalak eta euskaraz sortuak izango dira, aurrez jendaurrean aurkeztu gabeak eta saritu gabeak.
  • Edozein diziplinatako proposamenak aurkeztu ahal izango dira sariketara: arte plastikoak eta eszenikoak, ikus-entzunezkoak, soziologia, filosofia, arkitektura… Betiere, arlo zientifiko-teknologikoa eta gizartea harremanetan jartzeko xedearekin.
  • Eremu zientifiko-teknologikoa zentzu zabalean interpretatuko du autoreak edo autore-taldeak.  Hauek izan daitezke proiektuaren ardatz: kontzeptu zientifikoak, ikerketa, garapen teknologikoak, gertaera historikoak, etorkizunaren irudikapenak, arriskuak, erronkak, aurreiritziak, kezka sozialak, zalantza etikoak...
  • Proiektuak bakarka edo taldean aurkeztu ahal izango dira.
  • Proiektuak cafelhuyarsariak.elhuyar.eus webguneko aplikazioaren bitartez aurkeztuko dira, eta atal hauek izango dituzte:

                    - Txosten bat, gauzatu nahi den proiektuaren deskribapenarekin (gehienez 10.000 karaktere). Txostenean alderdi hauek jasoko dira: helburuak, motibazioa, ezaugarriak, lan-plana (garapena, epeak eta iraupena), proiektua gauzatzeak eskatuko lituzkeen baliabideen zerrenda, baliabideen erosketa edo alokairuak (dagokionean), formatua eta azken emaitzaren ezaugarriak.
                    - Egilearen edo egile-taldearen aurkezpen laburra.

  • Ez da onartuko aipatutako irizpideak betetzen ez dituen lanik.
  • Saritua izateko, ez da beharrezkoa lagin bat aurkeztea; nahikoa da proposamena aurkeztea. Dirulaguntza, berriz, zatika emango da, proiektua garatu ahala, beharren arabera. Saria jasotzen duen pertsonak edo taldeak bere burua behartzen du saritutako proiektua garatzera eta azken emaitza lortzera. Irabazleak bederatzi hilabeteko epea izango du gehienez, saridun izendatua izan ondoren, proiektua gauzatzeko. Egileak edo egile-taldeak bere lana amaitzen ez badu, edo emaitzaren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoaren aldean nabarmen kaskarragoak badira, egileak itzuli egin beharko du jasotako dirua.
  • Saridunak konpromisoa hartzen du proiektuaren gizarteratzean parte hartzeko.
  • Elhuyarrek eskubidea izango du saridun gertatzen den proiektuaren emaitza hedatzeko.
  • Bekaren diru-ekarpenaz landa, CAFek eta Elhuyarrek ez dute beren gain hartuko proiektua gauzatzeko behar diren baliabideen kosturik.
  • Proiektuaren zein azken emaitzaren jabea egilea edo egileak izango dira, eta harenak edo haienak izango dira ustiapen- eta hedapen-eskubideak ere.
  • Lanaren emaitzan argi azaldu behar da bekaren laguntzarekin gauzatu dela, esaldi honen bidez: “Lan hau 2022ko CAF-Elhuyar sorkuntza-bekaren laguntzarekin egin da”.


VI.- Lanak/Proiektuak aurkeztea

  • Lanak edo proiektuak aurkezteko azken eguna 2023ko otsailaren 6a izango da. 
  • Lanak edo proiektuak cafelhuyarsariak.elhuyar.eus webguneko formularioaren bitartez aurkeztuko dira. 
  • Ez da onartuko CAF-Elhuyar sarien aurreko bi edizioetan edo gehiagotan jarraian saridun izan diren egileen lanik, kategoria berean aurkeztuz gero; kategoria desberdinetarako, bai.
  • Formularioan, lana edo proiektuaren txostena eta egile(ar)en datuak eskatzen dira: egile(ar)en izen-deiturak, helbidea, herria, posta-kodea, telefono-zenbakia eta helbide elektronikoa.
  • Formulario bidez jasotako datu pertsonalak eta lanak erabateko zuhurtasun eta konfidentzialtasunez erabiliko ditu Elhuyarrek. Modu anonimoan helaraziko dizkie lanak Elhuyarrek epaimahaikideei; beraz, lanen balorazioa egitean epaimahaikideek ez dute lan bakoitzaren egileen berri izango.
  • Doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluetan, aurrekoaz gainera, formularioan beste datu hauek eskatzen dira: zein sailetan eta unibertsitatetan egin den tesia. Horrekin batera, doktore-tituluaren edo tesia gainditu izanaren frogagiriaren kopia.
  • Zientzia-kazetaritzako lanen kategorian, datu pertsonalez gain, argitalpenaren kopia bat eskatzen da prentsa idatzian argitaratutako lanen kasuan. Irrati edo telebistako emanaldien kasuan, berriz, dagokien enpresak emandako emisio-ziurtagiria. Interneten argitaratutako lanen kasuan, webgunearen helbidea adierazi beharko da, eta kudeatzaileak emandako argitalpen-ziurtagiria. 


VII.- Epaimahaia

- Epaimahaia zientzia eta teknologiako zein artearen munduko eta kazetaritzako adituek osatuko dute, eta Elhuyarrek izendatuko ditu. Hauek izango dira CAF-Elhuyar 2023ko epaimahaikoak:

  • Dibulgazio-artikuluen eta zientzia-kazetaritzako lanen epaimahaia: Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa eta EHUko ikertzailea; Marian Iriarte Ormazabal, kimikaria eta EHUko ikertzailea; Alberto Barandiaran Amillano, kazetaria eta idazlea; eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute, Elhuyar aldizkariko zuzendaria.
  • Sorkuntza-bekaren epaimahaia: Lorea Agirre Dorronsoro, Jakin Fundazioko zuzendaria; Koldo Almandoz de La Cruz, zinema-zuzendaria; Josu Rekalde Izagirre, EHUko Artea eta Teknologiako katedraduna; eta Irune Bengoetxea Lanberri, Elhuyarreko komunikazio-arduraduna.
  • NEIKER sariaren epaimahaia: Arantza Madariaga Aberasturi, Elika Fundazioko zuzendaria; Pilar Santamaría Martínez, HAZI Fundazioko arloko burua; eta Rikardo Bueno Zabalo, BRTAko zuzendaria.

- Epaimahaikoen erabakia sariak banatzeko ekitaldian jakinaraziko da jendaurrean. Hala ere, antolatzaileek aurretik izango dute erabakiaren berri, eta parte-hartzaileei ere esango zaie, ekitaldiaren egunera arte isilpean gordetzeko konpromisoarekin.
- Epaimahaiak honako irizpide hauek izango ditu kontuan sariak emateko: 

  • Dibulgazio-artikuluaren kalitatea, zuzentasuna, erakargarritasuna eta originaltasuna;  hizkuntzaren egokitasuna; irudi eta grafikoen kalitatea eta aberastasuna. 
  • Zientzia-kazetaritzako lanaren kalitatea eta erakargarritasuna, kontakizunaren aberastasuna (irudiak eta grafikoak, elkarrizketak, deskribapenak, musika eta soinuak, lokalizazioak...); informazioaren egokitasuna; iturrien aipamena eta aberastasuna; hizkuntzaren zuzentasuna. Gaurkotasunari erantzuteko ahalegina ere baloratuko du epaimahaiak. 
  • Sorkuntza-bekaren kasuan, aurkeztutako egitasmoaren originaltasuna eta erakargarritasuna; arlo zientifiko-teknologikoaren eta gizartearen arteko elkarrekintzaren sakontasuna; izaera esperimentala; egingarritasuna; interes soziala; diziplinartekotasuna; aurkeztutako proiektuaren zehaztapen- eta garapen-maila. Taldean aurkeztutako lanak eta bestelako finantziazio-iturrietan sarbiderik ez duten proposamenak lehenetsiko dira. 
  • NEIKER sariak bereziki baloratuko ditu planteamendu berritzaileak azaltzea, teknologia oinarri izatea eta aplikagarritasuna, baita epe laburrera ez bada ere.
  • Kategoria guztietan, aintzat hartuta zientzia eta teknologian genero-bereizketa dagoela, genero-berdintasuna sustatuko da.
  • Epaimahaiak eman gabe utz ditzake sariak, aurkeztutako lanek/proiektuek gutxieneko kalitate-ezaugarriak betetzen ez dituztela iritziz gero.


VIII.- Jabetza intelektualaren eskubideak

  • Lanen ustiatze-eskubideen jabetzari dagokionez, III., IV. eta V. ataletan xedatutakoari jarraituko zaio. 
  • Saritutako lanak Creative Commons AITORTU - EZ KOMERTZIAL - OBRA ERATORRIRIK GABE lizentziapean zabalduko dira. Informazio gehiagorako, ikusi http://creativecommons.org/licenses/by-nc-nd/3.0/
  • Lanak oinarri hauetan zedarritutako mugetatik kanpo hedatu nahi izanez gero, beharrezkoa izango da egilearen, edo egileen, baimena izatea.
  • Lana sariketara aurkeztuta, parte-hartzaileek bermatzen dute ez dutela aurkezten inolako materialik hirugarrenen jabetza intelektual edo industrialaren eskubiderik urratzea dakarrenik. Elhuyarrek ez du bere gain hartuko egileek egindako hirugarrenen jabetza intelektualaren edo industrialaren inolako eskubide-urratzerik, eta egileek Elhuyar kalterik gabe atxikiko dute hirugarrenen edozein erreklamazioren aurrean, eta, bereziki, beren jabetza intelektualaren edo industrialaren eskubide-urratzearen aurrean. Elhuyarrek, orobat, ahalmena du oinarri hauek hausten dituzten edo hirugarrenen eskubideak hausten dituzten egileei emandako edozein sari atzera bueltatzea eskatzeko, Elhuyarri legozkiokeen kalte-galerei uko egin gabe.
  • Baldin eta epaimahaiak atzematen badu lanen batek hausten dituela hirugarrenen jabetza intelektualeko edo industrialeko eskubideak, lan hori automatikoki baztertuko da sariketatik, epaimahaiaren irizpide esklusiboz, eta lan horren edo horien egileak ez du inolako kalte-ordainik izango baztertze horregatik. 

Lanek ez diote eraso egin behar pertsona fisiko edo juridikoen jabetzari, osotasunari edo irudi onari.

IX.- Sarituen irudia erabiltzeko baimena

Oinarri hauek onartuta, saria jasotzen duten parte-hartzaileek baimena ematen diote Elhuyarri (i) beren irudia eta izena erabiltzeko; eta (ii) gaur egun ezagutzen diren baliabide tekniko guztien bidez erreproduzitzeko, edozein euskarri ukigarri edo ukiezinetan. Horren guztiaren helburua sariketaren emaitza argitaratzea eta erakundearen jarduera zabaltzea da, eta ez da horregatik eskubiderik izango inolako kontraprestaziorik edo konpentsaziorik jasotzeko.

Erabilera baimendu horien barruan sartzen da parte-hartzaile sarituen irudia eta izena argitaratzea  Elhuyarren eta/edo CONSTRUCCIONES Y AUXILIAR DE FERROCARRILES SA (CAF) eta NEIKER NEKAZARITZA IKERKETA ETA GARAPENERAKO EUSKAL ERAKUNDEAren titulartasuneko edo kontrolpeko webguneetan, eta halaber erakundeok sare sozialetan dituzten profil korporatiboetan.


X.- Datu pertsonalen babesa

Parte-hartzaileek emandako datu pertsonalak Elhuyarrek tratatuko ditu, tratamenduaren arduradun den aldetik, sariketako parte-hartzea kudeatzeko eta, hala badagokio, saritutako parte-hartzaileei dagozkien sariak banatzeko eta hartzeko modua kudeatzeko. Hori guztia, interesatuak berak eskatuta aplikatutako kontratu aurreko neurrien eta/edo oinarri hauek onartzean bi aldeen artean ezartzen den kontratuaren arabera.

Datu pertsonal horiek hirugarren hauei bakarrik jakinaraziko zaizkie:

  • Legezko betebeharrak betetzearren jakinarazpen hori egin behar zaien entitate edo erakunde publikoei.
  • CONSTRUCCIONES Y AUXILIAR DE FERROCARRILES SA (CAF) eta NEIKER NEKAZARITZA IKERKETA ETA GARAPENERAKO EUSKAL ERAKUNDEA erakunde laguntzaileei, sariketako parte-hartzea kudeatzeko ezinbesteko den neurrian eta oinarri hauek onartzean zure eta Elhuyarren artean ezarritako kontratuaren arabera.

Ez dago aurreikusia datu horien nazioarteko transferentziarik egiterik.

Testuinguru horretan, aditzera ematen da datu pertsonal horiek ematea beharrezkoa dela eta kontratuzko baldintza dela, datu horiek eman gabe ezinezkoa bailitzateke sariketako parte-hartzea kudeatzea.

Era berean, eta osagarri gisa, oinarri hauek onartzean, parte-hartzaileek baimena ematen dute beren izena eta/edo irudia argitaratzeko, aurreko III. klausulan ezarritako moduan, saririk jasotzen badute.

Sariketa behar bezala kudeatzeko behar-beharrezkoa den denboran soilik gordeko ditu datu pertsonalak Elhuyarrek, eta, behar izango balitz, bere legezko betebeharrak betetzeko behar duen kontserbazio-epe gehigarrian.

Kasu guztietan, parte-hartzaileek eskubidea dute (i) beren datu pertsonaletako, datuak zuzentzeko, ezeztatzeko, tratamendua mugatzeko, datuen eramangarritasunerako, tratamenduari aurka egiteko edo baimena atzera botatzeko, hala dagokionean, datuensegurtasuna@elhuyar.eus helbidera idatziz eskaera eginda; eta (ii) Datuen Babeserako Espainiako Agentziaren edo beste edozein Kontrol Agintaritza eskudunen aurrean erreklamazio bat aurkezteko, bereziki eskubide horiek behar bezala gauzatu ezin izan dituztenean.


XI. Azken klausulak

  • Saritutako lanak gizarteratzean, nahitaez egin beharko da irabazitako sariaren edo bekaren aipamena.
  • Antolatzaileek ez dute beren gain hartzen saritutako lanetan adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik.
  • Materiala bidaltzean birusak edo bestelako arrazoiak direla-eta arazorik gertatuko balitz, Elhuyar ez litzateke erantzule izango.
  • Aurkeztutako lanen/proiektuen fitxategiak ez zaizkie itzuliko autoreei.
  • Elhuyarreko langileek ezingo dute parte hartu sariketa honetan.
  • Oinarrietan jaso ez diren gai eta gertakariei dagokienez, Elhuyarrek izango du erabakitzeko eskubidea.
  • Sariketa honetara aurkezteak esan nahi du oinarri hauek guztiak onartzen direla.

XII.- Argibideak

Sariketari buruzko argibideak Elhuyarri eska dakizkioke:

Elhuyar 
     Ana Galarraga Aiestaran
     Telefonoa: 943363040; luzapena: 210
     cafelhuyarsariak@elhuyar.eus
     cafelhuyarsariak.elhuyar.eus


 - OINARRIAK deskargatu

- OINARRIAK. Ohiko galderak:


  • Epea2022/10/24 - 2023/02/06
  • EntitateaELHUYAR
  • Laguntza motaSariak
  • Agente motaAutonomoak, Enpresak, Fundazioak, Elkarteak, Kooperatibak, Beste batzuk
  • JardueraIkerketa, Kudeaketa eta kudeaketarako laguntza
  • Info Gehiago

Fitxa honen asmoa informazioa ematea baino ez da, eta ezin da, inola ere, indarrean dagoen lege-testuaren ordezkotzat hartu. Kulturklikek edukia eguneratzeko eta zuzentzeko eskubidea du, eta ez du horren inguruko erantzukizunik hartuko bere gain.?