"Zinemagileen elkarrizketa" ikastaroaren bigarren edizioan aurkeztu da

Estibaliz Urresola, Irati Gorostidi eta Maider Fernández Iriarte izango dira bederatzi elkarrizketetako lehenengoaren protagonistak. Haien elkarrizketa azaroaren 3an izango da, eta egingo den azkena, berriz, maiatzaren amaieran. Horretan, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga izango dira protagonistak

Saioak –Donostia Zinemaldiaren Z365 atalak eta Elías Querejeta Zine Eskolak kolaboratu dute– irekiak izango dira, aurrez aurre nahiz online

  Lehen edizioaren arrakasta eta gero, Zinemagileen elkarrizketa ikastaroaren bigarren edizioa egingo da Koldo Mitxelena kulturunean. Zinema-ikasleei eta zinemazaleei zuzenduta dago, eta zinemako profesionalek emango dute. Donostiako Zinemaldiaren urte osoko Z365 atalarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatu da. Ikastaroak bederatzi saio izango ditu, denak ere publiko guztiei irekiak (zinemazaleak nahiz zinema-ikasleak), eta Estibaliz Urresola, Irati Gorostidi, Maider Fernández Iriarte, Albert Serra, Mikel Gurrea, Fernando Franco, Pilar Palomero, Alauda Ruiz de Azua, Carlota Pereda, Alberto Rodríguez, Belén Funes, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga izango dira protagonistak. Bigarren edizio honek aurrekoak baino saio gehiago izango ditu (bederatzi, eta aurrekoak, bost), eta azaroaren eta maiatzaren artean egingo dira. Ez da beharko aurrez izena ematea. Ekimenak interes handia piztu du; izan ere, aurreko edizioan amaitu egin ziren plazak, bai aurrez aurre bai online, eta, gainera, elkarrizketak parte hartzekoak dira, publikoak eta zinemagileek elkarrekin hitz egiteko aukera baitute.

Ikastaro honek film bat produzitu eta egiteko prozesuan ikusten ez diren alderdiak hobeto ulertzeko gakoak eman nahi dizkie zinemazaleei. Zinemagileen elkarrizketak sorkuntza zinematografikoaren barruko historiaren berri ematen du elkarrizketa-formatu arin batean. Elkarrizketa guztien ideia nagusia da zinema lanbide kolektibo bat dela. Zinemagile bakoitzarekin batera harekin hainbat arlotan (muntaketa, interpretazioa, gidoia, produkzioa...) kolaboratu ohi duen pertsona bat egongo da, edota beste zinemagile bat, belaunaldi berekoa dena edo abiapuntu edo kezka formal edo tematiko berberak dituena.


  • Gaia Ikus-entzunezkoa