Bideojokoen Espainiako Elkarteak (AEVI) Irakaslearen Munduko Egunean irakasleentzako eskuliburua argitaratu du. Bertan, bideojokoen onura pedagogikoak deskribatzen dira, eta bideojokoak hezkuntza eta motibazioa lantzeko nola erabili azaltzen.
Gidaren egileek informazio teoriko eta praktikoa ematen dute, bideojokoak irakaskuntzarako erabiltzearen abantailak ulertzeko; jakiteko zelan erabiltzen diren jolasak gela barruan eta kanpoan ikaskuntza eta irakaskuntza indartzeko; eta jokoak irakaskuntza-praktiketan txertatzeko oinarri teorikoa ulertzeko. Baliabide erabilgarriak ere biltzen dira, esaterako artikuluak, webguneak edo liburuak, ikasleen partaidetza sustatzeko baliabideak eta informazio osagarri interesgarria jasotzen dutenak.
Edizio honetan kapitulu nazional bat dago, AEVIk sustatua, Espainian bideojokoak gelan erabiltzeko eta inguru seguru eta osasungarriak sortzeko garatu diren ekimenak azaltzen dituena. Bilduman, edozein irakasgaitan (historia, matematika, zuzenbidea...) ikasteko erabilitako bideojoko komertzial nazional eta nazioartekoen adibideak agertzen dira, bai eta balio zibiko eta herritarrak irakasteko beste batzuk ere (animalienganako errespetua, ingurumenaren zaintza, bullyingaren aurkako borroka edo bide-hezkuntza). Modu batera edo bestera, aipatutako bideojoko guztiek dute lekua gelan, irakasteko eta ezagutza atxikitzeko bide eraginkorra baitira.


