Santurzinek, zinema kalera eraman zuen jaialdiak, 10 urte beteko ditu
2013an, pertsona talde txiki batek ekitaldi bat sortzea proposatu zuen Santurtzi pixka bat astintzeko, eta zinema tabernetara eta espazio ez konbentzionaletara eramatea erabaki zuen, egileei eta publikoari elkarri eragiteko toki bat eskaintzea. Hamar urte geroago, funtsak berbera izaten jarraitzen duen arren, Santurzinek gizarte-ekintzako ikuspegia ere hartu du. Jaialdiaren 10. edizioa urriaren 6tik 22ra egingo da, eta horren harira, Iñigo Coborekin hitz egin dugu.
Zer da Santurzine eta nola sortu zen?
Jaialdia, egia esateko, zenbait kasualitateren ondorioz sortu zen; Euskal Herriko Unibertsitateko udako ikastaro batean elkar ezagutu genuen askotariko pertsona desberdinen talde txiki batekin. Astebete eskaseko esperientzia horren ostean, berriro elkartu ginen zenbait hilabetetara, Itsasoko Ama Arraun Elkartearen kanpaina baterako film labur bat sortzeko; finantzaketa eta jendearen babesa bilatzen zuen, edo, gero deitu zitzaion bezala, “marea morea”. Esperientzia hain izan zen positiboa, ezen herriarengatik eta herriarekin gauzak egiten jarraitu nahi izan baikenuen. 2013an, krisia oraindik bete-betean zegoenean, ekitaldi bat sortzea proposatu zen Santurtzi apur bat astintzeko, batez ere ostalaritzaren, merkataritzaren, bizitza sozialaren eta gaueko bizitzaren ikuspegitik, besteak beste. Tabernen eremuak hilik zeuden, ez zegoen kultura-ekitaldirik... Hortaz, zinema kalera eramatea erabaki genuen.

Zein da Santurzineren elementu bereizgarria? Zerk egiten du paregabe?
Laster geratu zitzaigun argi film laburren jaialdi asko daudela, eta sarritan helburua erakustea besterik ez dela izaten. Urteekin indartu egin da ideia hori. Jaialdi bat antolatzeko lana eta erantzukizuna hain da handia, non, egin behar badugu, desberdina izatea eta bestelako esperientzia bat izatea nahi dugun. Hortaz, jaialdiaren mamia film laburrak tabernetan eta espazio ez konbentzionaletan ematea bada ere (aurten, Arrantzaleen Kofradian ere egin da, sardina-saltzaileek arraina saltzeko erabiltzen zuten enkante-areto historikoan), urteekin gizarte-ekintzako ikuspegi bat ere heltzen joan da, Amnistia Internazionala, Bizitegi (bazterketa-egoeran dauden pertsonekin lan egiten du) eta antzeko elkarteekin lotuta. Horrekin batera, Bilboko eta Donostiako Deustuko Unibertsitateko nerabeak eta gazteak, eta bazterketa-egoeran dauden pertsonak eta haien hezitzaileak jartzen ditugu epaimahai gisa (Ibiltariak eta Kalean sariak).
Gainera, tabernetan proiektatzeak zuzendariak publikoarengana ahalik eta modu hurbilenean hurbiltzea ahalbidetzen digu, garagardo bat edo kopa bat eskuan dutela, eta tabernako ohiko zalapartak lekua uzten dio isiltasunari eta arretari. Emanaldi horiek Estatuan egindako film laburrak zein tokiko egileek eginak uztartzen dituzte, batzuetan amateurrenak, eta askotan hasiberrienak: Santurzineri esker, jende askok kamera lehen aldiz hartu eta irudiekin esperimentatzen du.
Jaialdiaren ekintza-lerroetako bat euskal zinemari balioa ematea da, eta, bereziki, Santurtzin grabatutako zinemari. Nola gauzatzen da hori?
Euskal Pantailak jaialdiaren hirugarren urtean sortu zen. Aurten, EITB sartu da babesle gisa, eta lehenengoz, lehiaketa-saila izango da. Bilakaera naturala izan du, ia-ia, eta gure inguruan gertatzen denak pizten digun interesarekin lotuta dago. Batzuetan, profesionalizatzear dauden egileek eginak dira, beste pauso bat eman eta jaialdietan presentzia eta ikusgarritasuna izan nahi dutenena. Urtero ahalegintzen gara euskal film luzeak, dokumentalak eta film laburrak nahasten.

Tokiko saila da, guk diogun moduan, nukleo gogorra, ilusio eta interes gehien sortzen duen atala. Pertsona batzuk lehenengo urtetik ari dira parte hartzen, hutsik egin gabe, beste errutina bat gehiago izango balitz bezala, eta sinestezina da nola eboluzionatzen, esperimentatzen... duten. Zinema demokratizatzeko modu bat da, eta ideiak irudikatzea benetako abentura dela azaltzekoa.
Era berean, Santurzinek gazteenen hezkuntzan eta sentsibilizazioan jarri du begirada beti. Zer tresna dituzue horretarako?
Horrek ere pixkanakako bilakaera izan du, finkatu den arte. Zinema tresna oso boteretsua da, batez ere adierazpen-tresna bat, eta gazteenekin hori erabiltzeak fruituak ematen ditu, ezbairik gabe. Gure hezkuntza-jarduera Santurzine XS izeneko proiektu zoro batekin hasi zen. Neurriak adierazten duen moduan, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat zen. Hori guztia sormenezko autokudeaketa baten eredupean: ikastetxeetara joaten ginen, eta oinarrizko nozioak eta kamera bat ematen genizkien, baita agindu bat ere: nahi duzuena egin eta Santurtziko zineman jarriko dugu. Handik gutxira, Amnistia Internazionali atentzioa eman zion horrek eta proiektuan sartu zen. Proiektua aldatu egin zen, eta hau bihurtu: Giza Eskubideen gai zehatz honi buruzko hau kontatzen dizuegu, eta nahi duzuena kontatu ulertu duzuen horretatik abiatuta. Horri esker, laster, Santurtziko ikastetxeetako ehun haurrek baino gehiagok film laburrak egin zituzten armen nazioarteko merkataritzari edo bazterkeriari buruz. Esperientzia zoragarria izan zen. Urte gutxi batzuk iraun zituen, eta gero, eboluzionatu. Hala, Ibiltariak saileko Gazte Epaimahaia edo Bizitegirekin egiten dugun lana bihurtu zen. Lan horren harira, Batxilergoko ikasleek ordu erdiko dokumental bat egin zuten etxegabeei buruz.

Ba al dago berritasunik aurten beste urteen aldean?
Hamargarren edizioa, lehenik eta behin, jarduera ludikoagoak berreskuratzeak markatuko du, besteak beste, pandemiaren aurrekoak: itsasontziko jaia edo afari sekretua. Halaber, Santurtzi Zine Lantegia atala finkatuko da, 2020an abian jarri zena eta aurten Ramón Barearen masterclass bat izango duena. Gainera, Sorkuntza Foroaren beste edizio bat ere egingo da, orain EITBren babesean, Oriol Jauregian.

Zer nabarmenduko zenukete 10. edizio honetako programaziotik? Jarduera bereziren bat antolatu al duzue?
Aipatu berri ditudanez gain, ospakizun-puntua hilaren 15ean, larunbatean, Music tabernan egingo den Urteurreneko Festa izango da. Gonbidatu bereziak izango dira bertan, bai eta “mikrofono ireki” bat ere, ezagunek, lagunek eta artista gonbidaturen batek hitz egin dezaten. Ezin dugu ahaztu Metroan egingo den erakusketa. 2013az gerozko kartelak, uneak eta irudiak izango dira ikusgai urriaren 23ra arte udalerriko Casa Torre Jauregia sarbidean.
Galaren bezperan, ezustekoren bat izango da Harolden eta, jakina, amaiera-ekitaldia ikusgarria izango da: Santurtziko Banda osatzen duten 40 musikariak itzuliko dira, Maitia abesbatza arituko da (hogei lagunekin), eta beste ezustekoren bat ere izango da, besteak beste. Agertokia nahiko beteta egongo da.

10 urtek askorako ematen dute. Zer irakurketa egiten duzue urte horien inguruan eta etorkizuneko zein erronka dituzue?
Jaialdia urtez urte doa, ia-ia. Esan ohi dudan moduan, gala bat, edizio bat amaitzen denean, ezin dut esan beste ediziorik egongo den; ez nekeagatik, bideragarritasunagatik baizik. Harrigarria da hamar edizio egin izana, hasieran inork ez baitzuen hori sinesten. Arrakasta handiena nortasun argia zehaztea izan da, eta, batez ere, horrekin koherenteak izatea lortzea: guztientzako jaialdia, berdintasunean, denak ongietorriak izatea. Jaialdiak, halaber, ekarpena egin nahi izan dio inguruari existitze hutsagatik. Bistakoa da, baina baita maxima bat ere. Gaur-gaurkoz, segurtasuna ematen diguten babes irmoak ditugu Udalaren eta zenbait erakunderen aldetik, baita proiektuarekiko leialak diren eta konpromisoa duten pertsonen talde eder bat ere. Horixe da gure orainaldia, eta hori ona, aberasgarria eta motibatzailea da. Hamaikagarren edizioari dagokionez, ikusiko dugu zer gertatzen den. Urtetik urtera.
(2022ko urriaren 5ean argitaratutako Berezia)


