Dena prest 2022ko Irun Zuzenean jaialdirako
Ordu gutxi batzuk baino ez dira falta ilusio handiz esperotako Irun Zuzenean jaialdiaren aurtengo edizioa hasteko, Irungo Udalak antolatuta. Iván Ferreiro eta Zahara izango dira kartelburuak, eta musikaren munduko erreferentziazko beste zortzi taldek eta bakarlarik ere joko dute haiekin batera, Bidasoaldekoak edo Euskal Herriko eta Espainiako beste leku batzuetatik etorriak. Ficoban, zenbait egun daramate langileek muntaketak egiten, eta dena prest dago hitzordurako. Kultura arloaren musika arloko aurtengo apustu nagusia da, aurreko edizioetako aurrekontua hirukoiztu ondoren.
Hitzordu hau zuzeneko musikaren arloan Irungo Udalak duen lan-ildoaren erreferentzia da. Helburua beste publiko batzuk erakartzea da, eta azken urteotan erreferentziazko taldeak gure hirira ekartzea ahalbidetu du, dela Amaia KZn, formatu ertainean, dela Ficoban, hau da, eremu handi batean.
Azken orduetako berritasun nagusia 2. agertokiaren aldaketa izan da. Hasiera batean kanpoaldean jarri behar zuten baina, euria egingo balu ere kontzertu guztiak eskaintzen direla bermatzeko, 2. pabiloira lekualdatzea erabaki da. Agertoki nagusia 3. pabiloian egongo da, aurreikusita zegoen moduan. Bi espazioen artean egongo da barra eta janaria saltzeko foodtruck zerbitzua, bai eta atseden hartzeko lekua ere. Kanpoko balkoia ere irekita egongo da.
Ateak 18:30etan irekiko dira, eta kontzertuen ordutegiak ezarrita daude dagoeneko:
Ostiralean
19:00 Ezpalak
20:00 Maren
21:00 Jordana B
22:00 Iván Ferreiro
23:30 Dupla
Larunbatean
19:00 Maika Makovski
20:00 Malforta
21:00 Ginebras
22:30 Impacto Vudú
23:30 Zahara
Sarrerak www.ticketmaster.es, www.wegow.com eta www.marcaentradas.com plataformetan daude salgai. Prezioa 15 eurokoa da egun baterako edo 30 eurokoa bi egunetarako (bi kasuetan, kudeaketa-gastuak gehitu behar dira). Kontzertuen egunean bertan ere erosi ahalko dira txartelak, Ficobako ohiko txarteldegian.
Ficobara joan behar diren guztiei gogorarazten diegu Euskotrenen geltokia eremuaren sarreraren ondo-ondoan dagoela. Larunbatean, tren bat irtengo da Donostiako norakoan 1:05ean, jaialdia amaitu eta minutu gutxira. Bestalde, ostiralean zein larunbatean, Ekialdebusen E77 lineak Ficoba eta Irun erdialdea lotuko ditu, orduroko maiztasunarekin. Horrez gainera, autoz joateko aukera ere badago: Ficobako aire zabaleko aparkalekua irekita egongo da eta doakoa da.


