Artium Museoak udazkenean helduko dio, berriro, "Zinema Feministaren Historiak" zikloari

  • Artium Museoak udazkenean helduko dio, berriro,
    'Essere done', Cecilia Mangini

Hileko lehen igandean izango dira emanaldiak, eta Cecilia Manginiren eta Margarethe Von Trottaren filmak eta Feministaldia Kultura Feminista Jaialdiarekiko kolaborazio bat izango dituzte ardatz

Zinema Feministaren historiak zikloa Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak eta Tabakalerak antolatzen dute elkarlanean, eta Lur Olaizola da haren koordinatzailea

Artium Museoak, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Museoak, datorren urriaren 2an helduko die, berriro, Hasieratik. Zinema feministaren historiak zikloko proiekzioei. Zehazki, sei film labur proiektatuko ditu egu horretan, Cecilia Mangini italiar zinemagile eta zinema dokumentalaren aitzindariarenak. Azaroaren 13an, Margarethe von Trotta alemaniar zuzendariaren Heller Wahn (Locura de mujer) lana ikusi ahal izango da; eta, azkenik, abenduaren 4ko saioan, Feministaldia Kultura Feminista Jaialdia izango da protagonista. Hiru saioak museoko Auditorioan izango dira, hileko lehen igandean (azaroan izan ezik, hileko bigarren igandean izango baita hilabete horretakoa), 18:00etan. Edukiera mugatua da, eta aurrez gorde behar da tokia, 945 20 90 20 telefono-zenbakira deituz. Hasieratik. Zinema feministaren historiak Artium Museoaren eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren arteko lankidetza-proiektu bat da, eta Lur Olaizola da zikloaren koordinatzailea.

Zinema feministaren historiak zikloak helburu du erakustea zinema-ekoizpenean emakumeek hasiera-hasieratik izandako protagonismoa eta ezagutaraztea zinemagile horiek eta haien filmak. Oro har, zinemaren historia kanonikotik at utzi izan dira emakume horien lanak, eta, hala, gaur egun, ezinbestean dago haien presentzia aldarrikatu beharra. Adituek aurkeztuko dituzte proiekzioak, eta aurkezpen horietan azalduko dute hilean behineko saioetako zuzendariaren unibertso zinematografikoaren berri. Daniella Shreir Another Gaze zinema-aldizkariaren sortzaile eta zuzendariak aurkeztuko du Cecilia Manginiri eskainitako saioa, eta Bartzelonako Mostra de Films de Dones jaialdiko kide María Zafra arituko da von Trottaren filmaren aurkezpenean. Azkenik, artista Mirari Echávarri artista bisual eta hezitzaileak aurkeztuko du Feministaldiari buruzko saioa.

Cecilia Manginiri (Italia, 1927-2021) eskainitako saioa Essere donne (Emakume izatea) metraje ertaineko filmarekin hasiko da. 1964ko lan horretan, goraldi ekonomikoaren urteetan emakumea izateak zer adierazten zuen erakusten da: hasi zinemako izarren aldizkarietako iruditik eta etxekoandre eta langileen benetako bizitzara. Magnini Italiako dokumentalaren aitzindari izan zen, eta Italiako historiako hogeita hamar urte kontatu zituen bere zinema-jarduera konprometituan, zeinaren erakusgarri baitira ziklo honetara ekarritako sei filmak.

Heller Wahn (gaztelaniaz estreinatu zen Locura de mujer bezala) filma emango da bigarren saioan. Margarethe von Trotta (Alemania, 1942) da lan horren zuzendaria, Alemaniako Zinema Berria deritzoneko eta munduko zinema feministaren ordezkari handitzat hartua. Haren lanen ezaugarri nagusia –nagusiki, emakumeen irudi berriak sorrera– nabarmen ikusten da bi emakumeren arteko adiskidetasun-harreman sakonari buruzko film honetan. Berlingo Jaialdian estreinatu zuten lana, 1983an, eta giro dramatikoa sortzeko sentiberatasun harrigarria erakusten du bertan von Trottak.

Zinema feministaren historiak zikloko azken saioan, Feministaldia Kultura Feminista Jaialdia izango da protagonista. 2022. urtean egingo da jaialdi horren hamazazpigarren edizioa, eta aurtengo jaialdiko egitarauarekin lotutako proiekzioak aukeratu dira zinema-ziklo honetarako.

HASIERATIK. ZINEMA FEMINISTAREN HISTORIAK

Udazkeneko programa
Urriaren 2an, igandea
Essere donne. Cecilia Mangini, Italia, 1964, 29 min
Ignotti alla citta. Cecilia Mangini, Italia, 1958, 11 min
La briglia sul collo. Cecilia Mangini, 1974, 15 min
La canta delle marane, Cecilia Mangini (gidoia: Pier Paolo Pasolini), Italia, 1960, 11 min
Maria et i giorni. Cecilia Mangini, Italia, 1960, 10 min
Standali, Cecilia Mangini, (gidoia: Cecilia Mangini eta Pier Paolo Pasolini), Italia, 1960, 11 min

Film labur guztiak jatorrizko bertsioan emango dira, italieraz, gaztelaniazko azpitituluekin.

Aurkezpena: Daniella Shreir, Another Gaze aldizkari zinematografiko feministaren sortzailea eta editorea. Aurkezpena ingelesez izango da, aldi bereko itzulpenarekin.

Azaroaren 13an, igandea
Heller Wahn (Locura de mujer), Margarethe Von Trotta, Alemania, Frantzia, 1983, 105 min.??

OB. alemanez, gaztelaniazko azpitituluekin.
Aurkezpena: Maria Zafra. Mostra de Films de Dones de Barcelona

Abenduaren 4an, igandea
Feministaldia saioa
Lankidetza Feministaldia Kultura Feministaren Jaialdiarekin
Aurkezpena: Mirari Echávarri, artista bisuala eta hezitzailea

Saio guztiak museoaren Emanaldi aretoan
Aurkezpenak 18:00etan. Proiekzioak 18:30ean
Tarifa: 2 € / Adiskideen tarifa: 1 €
Toki mugatua. Argibide gehiago eta erreserbak 945 20 90 20 telefonoan
Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren eta Artium Museoaren arteko lankidetza

artium.eus

  • Gaia Ikus-entzunezkoa