Dantzaldiaren 2022ko edizioak dantza garaikideko hamar hitzordu programatu ditu Bizkaian abendura arte
Aurten, Bilboko Arte Ederren Museoak bat egingo du ohiko agertokiekin —hala nola Guggenheim Museoa, Azkuna Zentroa, Barakaldo Antzokia edo La Fundición, jaialdiaren programazioa egiten duen aretoa—
Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol saileko foru-diputatu Lorea Bilbaok eta ekitaldiaren koordinatzaile Laura Etxebarriak aurkeztu dute Dantzaldiaren 2022ko edizioa, Bilboko Rekalde Aretoan eginiko prentsaurrekoan. Bilboko Nazioarteko Dantza Jaialdiaren XXIII. edizioa gaur arratsaldean inauguratuko da ofizialki areto horretan bertan, 19:00etan, publiko orokorrari irekitako topaketa batekin. Bertan, agape informal bat eskainiko da, eta, ondoren, Ana Morales flamenko-dantzariaren pieza bat aurkeztuko da. Morales bartzelonarra Sevillako Flamenko Bienaletik iritsi berria da (joan den ostiralean emanaldia eskaini zuen), eta emango duen ikuskizunaren zati bat aurreratu du gaur goizeko prentsaurrekoan.
Dantzaldiaren 2022ko edizioak hamar hitzordu bilduko ditu Bizkaiko hainbat agertokitan abenduaren 1era arte. Ohiko Guggenheim Bilbaon, Azkuna Zentroan edo Barakaldo Antzokian ez ezik, Bilboko Arte Ederren Museoan ere izango dira aurten ikuskizunak. Gune horietan konpainien aukeraketa bat programatu da (tokikoak, estatukoak eta nazioartekoak), eta, guztien artean, "dantza garaikidearen orainaren erakusgarri adierazgarri" dira, Etxebarriaren hitzetan. Aurten, gainera, bada ikuskizun askok partekatzen duten puntu bat: "Begirada berriak eta gaur egungoak eskaintzen dituzten arren, sustraitik, tradizionaletik abiatuta sortuak dira". Horren adibide ona da aipatutako Moralesen flamenko garaikidea, tradizioan oinarriak dituena (2018ko Sevillako Flamenko Bienala, Dantzaren Giraldillo saria). Duela bi urteko Dantzaldian, sarrerak agortu zituen Guggenheim Bilbao Museoan 'Sin permiso' muntaketa sarituarekin; gaur arratsaldean, berriz, 'Cuerda floja (Extractos)' lanarekin ekingo dio aurtengo edizioari, Juan José Amador abeslari eta gitarra-jotzaileak lagunduta.
Jaialdia abenduaren 1ean bukatuko da, Deustuko La Fundición aretoan (areto horrek programatzen du jaialdia) eskeiniko den emanaldirik disruptibo eta deigarrienarekin: 'XXXplicit Dance' izeneko X dantza film laburren emanaldia. Sarrerak doan izango dira, baina 18 urtetik gorakoentzat soilik. Hautaketaren komisarioa Loránd János izan da (Choreoscope, Barcelona Dance Film Festival), Andreas Hannesen laguntzarekin (Amsterdamgo Cinedans FEST). Dantzaren eta sexuaren arteko harreman historikotik abiatuta, urrats bat harago joan nahi izan da, eta sexu ia esplizituko uneak barnean hartzen dituzten dantza erotikoko filmak aukeratu dituzte. János Bilbon izango da saioa aurkezteko. Bertan, gorputzaren erabilera aztertuko du "dantzaren bidez beste era bateko istorioak kontatzeko: istorio erotikoak eta sexualak". Besteak beste, Jennifer Lyon Bell estatubatuar errealizadore, ekoizle eta idazlea eta Antonio da Silva portugaldarra, gay porno-zinemako zuzendaria, izango dira.
Gaurko inaugurazioaren ondoren, Dantzaldiak urriaren 9an jarraituko du, eta egun horretan txikienei eskainiko zaie arreta berezia. Roseland Musical Kataluniako konpainiak 25 urteko ibilbidea du, eta dantzaren joera berriak familiartekoei hurbiltzen espezializatuta dago. Barakaldo Antzokian 'Geometría' aurkeztuko du, hiri-dantzako show murgiltzaile eta koloretsua 3D proiekzioekin. Bi egun geroago, urriaren 11n, Bilboko Arte Ederren Museoa izango da Dantzaldiaren egoitza, sarrera libreko proposamen original batekin. Eraikin zaharreko atarian, euskal folklorea eta galiziarra eguneratzen dituzten bi pieza izango dira: Haatik gipuzkoarren 'Ur' eta Fran Sieiraren 'DeMente'. Hilaren 29an, Ana Jezabel portugaldarraren txanda izango da La Fundición aretoan 'Quotidiano amuse toi' lanarekin.
Azkuna Zentroak aurten bikoiztu egingo du Dantzaldiari emaniko babesa, eta bi data hitzordu izango ditu, biak azaroan. Guillermo Weickert sevillarra hilaren 3an arituko da 'Parece nada' lanarekin, eta hilaren 10ean Manuel Rodríguez andaluziarraren txanda izango da, 'Screensaver' obrarekin. Gehien espero den bisitetako bat Florencia Oz (2021eko Jerezko Jaialdiko Artista Berriaren Saria) eta Isidora O’Ryan bikien txiletarrena izango da. Flamenkoan luze-zabal trebatuak dira, eta gaur egun berezko estilo minimalista eta surrealista garatzen dute; hala, flamenko berriaren izen nagusien artean ari dira nabarmentzen. Dantzaldiari esker, azkenik, Euskadin estreinatuko dute 'Antípodas' muntaia goretsia (azaroaren 19an izango da, Guggenheim Bilbao Museoan).
Ikuskizun horietaz gainera, jarduera paraleloak ere programatu dira Dantzaldian. Florencia Ozen maisu-eskola bat izango da Andoni Aresti Landa eskolan (Leioa); aukera paregabea haren flamenko ezohiko eta pertsonaletik ikasteko. Gainera, iraila honetan bertan, Wim Vandekeybus koreografo belgikar ospetsuari buruzko dokumentala proiektatuko da La Fundición aretoan: 'Wim' (2016).
Dantzaldiak tinko eusten dio 2000. urtean jaio zenean hartu zuen asmoari: dantza garaikidea publiko zabalari hurbiltzea. Hori dela eta, funtzio batzuk sarrera librekoak izango dira plaza guztiak bete arte, eta gainerakoek, berriz, prezio eskuragarrietan izango dituzte sarrerak, 4,5 €tik aurrera (+ gastuak). Dagoeneko eskura daitezke Dantzaldiaren 2022ko edizioko egoitza guztietan (web orria eta leihatilak; Azkuna Zentroaren eta Guggenheim Bilbao Museoaren kasuan, laster ipiniko dituzte salgai).
Xehetasun gehiago ikusteko: www.dantzaldia.org.


