Telmo Irureta: «Pertsonaiak behar nauela ikustea izan zen motibagarriena»
Zumaiar aktorea da La consagración de la primavera Fernando Franco andaluziar zuzendariak Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu duen pelikularen protagonistetako bat. Berarekin hitz egin dugu
2013an La herida filmarekin Epaimahaiaren Sari Berezia eta Emakumezko Aktore Berri onenaren Zilarrezko Maskorra (Marian Alvarez) irabazi eta gero, Fernando Franco zuzendaria (Sevilla, 1976) Zinemaldiko Sail Ofizialera bueltan da, oraingoan La consagración de la primavera filmarekin, zeina Kowalski Films Oarsoaldeko etxeak ekoitzi baitu eta Telmo Irureta (Zumaia, 1989) aktorearen parte-hartzea baitu, Maite Arroitajauregi Mursegoren musikaz gain.
David da Telmo Irureta filmean, garun paralisia duen eta amarekin (Emma Suarez) bizi den gazte bat. Halako batean, Laura (Valèria Sorolla Interpretazio Nagusi onenaren Zilarrezko Maskorrerako faborito berehalakoa) ezagutuko dute, eta neska gazte horren atzetik orpoz orpo ibiliko da ikuslea 110 minutuan, bere bizipenen, zalantzen, bulkaden eta ekintzen lekuko pribilegiatu. Kamerak gertu-gertutik jarraitzen dio protagonistaren ibilbide fisiko, emozional eta intelektualari, Laura mundu errealetik babesten duen mintz ahulaz honaindi, kameraren efektu batez kanpoaldea lausotu eta, hartara, arrozten duela, protagonistak sentitzen dituen zaurgarritasuna eta bortxaz ezarritako banakotasuna areagotzeko.


