Mikel Gurrea: "Indiferentzia da film batek sor dezakeen erantzunik okerrena"

  • Mikel Gurrea:

Mikel Gurrea donostiar zuzendariak bere lehen film luzea aurkeztuko du Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean, "Suro", EITBren parte-hartzea duen pelikula durduzagarri, izerditsu eta gogoetagarria. 

Gaitza da zuzendari batek bere lehen film luzea Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztea, ezohikoa, baina Suro Mikel Gurrea zuzendariak (Donostia, 1985) katalanez filmatutako pelikula ikusten duenari, filma aurrera doan heinean, harridura eta errezelo hori baretu eta, bukatzen denerako, erabat desagertuko zaio.

Heltzear bere aurreko film labur soil, erakargarri eta iradokitzailean erakutsitako estiloari eutsi, eta hamaika hari mutur eskaintzen dituen film joria sortu du Gurreak oraingoan (ere), ikuslea besteak beste, inkomunikazioaz, idealismoaz eta norberak sisteman duen tokiaz hausnartzera bultzatzeko.

Pelikulako hausnarketagai eta hunkidura-bideak apaindura funsgabe barik baina jauntza teknikoz (trantsizio jostari eta dotore batzuk, horren erakusgarri) daude pantailaratuta Suron, interpretazio azpimarragarriek (Vicky Luengo eta Pol Lopez dira protagonistak) eta inguruaren funtsa, nola horren edertasuna hala basatasuna eta laztasuna, primeran erakusten duen argazkilaritza lanak hauspotuta.

Gurrearekin hitz egin dugu, Bartzelona hiria utzi eta landa eremuan artelatz sail bat esplotatzeko bidean espazio berriak asmatu, bete eta defendatu beharko dituen bikote baten bizitza eta hori baino askoz gehiago ere erakusten duen pelikulari buruz.

Hainbat hari mutur eskaintzen dizkio ikusleari Surok. Zein izan zen mataza osatzen hasteko lehengaia? Nondik hasi zen pelikula zeure buruan hazten?

2010ean, Bartzelonan unibertsitatea bukatu ostean, atzerrira joateko beka bat eskatu nuen, eta eman zidaten arte, nora jo ez nekiela gelditu nintzen. Orduan, garaiko nire bikotekidearen senideen bitartez, lana aurkitu nuen uda batez sasoikako langile gisa kortxoaren kanpainan lan egiteko.

Hor, testuraz eta soinuz oso interesgarria egin zitzaidan unibertso bat deskubritu nuen, oso zinematografikoa iruditu zitzaidana, eta sentsazio kontrajarriak sentitu nituen: lur jabe batzuen bitartez iritsi nintzen lanera baina ni ez naiz lur jabea, katalana hitz egiten dut baina ez naiz katalana, langile moduan ari nintzen baina joan-etorriko gauza bat zen niretzat… Dena dela, denok helburu bera genuen: ahalik eta kortxo tona gehien ateratzea eguneko.

Horrek agertokia jarri zuen, beraz, Ivanen eta Helenaren istoriorako.

Bai, orduan pentsatu nuen unibertso aberats hori film batean ipiniko nuela. Gero, Londresera joan nintzen ikastera eta abar, eta lehen film luzea pentsatzen hasi nintzenean, 32 urte nituen, eta bikote harreman luze batean nengoen.

Orduan, bidegurutze horretan geunden, nola bizi nahi ote genuen erabakitzen: hirian ala landa eremuan, haurrik izan nahi ote dugu, bizi al gaitezke modu jasangarri eta bidezkoagoan… Sentsazio horiekin hasi nintzen Helena eta Ivanen istorioa idazten.

eitb.eus

  • Gaia Ikus-entzunezkoa