Jabi Elortegi: "Istorio unibertsal bat kontatzen du 'El vasco'k"
Jabi Elortegik irekiko du Zinemira, Donostiako Zinemaldiak euskal zinemari eskaintzen dion saila, “El vasco” Joseba Usabiaga, Itziar Aizpuru, Ines Efron eta Eduardo Blanco protagonista dituen euskal-argentinar ekoizpenarekin.
El vasco Jabi Elortegi bermeotarrak zuzendu duen komediak ireki du bart, Donostiako Zinemaldia hastearekin bat, Zinemira euskal zinemaren saila. Mikelek (Joseba Usabiaga) Bermeo utzi, eta Argentinara egingo du, bizitzarekin desengainua hartuta, Chelo (Eduardo Blanco) senide urrunaren gonbita onartu eta gero.
Han, Argentinako herri txiki batean, euskal komunitateak besoak zabalik hartuko du iritsi berria, "euskaldun benetakoa", eta amuma Dolores aitonaren arreba (Itziar Aizpuru) eta Ines (Ines Efron) haren laguntzailea ezagutuko ditu Mikelek.
EITBren parte hartzea duen filmak umorea du ardatz, baina tarteka, folklorearen, diasporaren, topikoen, memoriaren eta familiaren inguruko hainbat hausnarketa zirriborratzen ditu Euskal Herriaren eta Argentinaren arteko 100 minutuko joan-etorrian.
Nola erne zen "El vasco"? Nola jaio zen proiektua?
Egia esan, duela zortzi urte jaio zen proiektua. Xabi Zabaleta gidoilaria eta biok beti ibili izan gara elkarrekin istorioak sortzen, eta bestaldean, Argentinan-eta, bizi diren euskaldunen inguruko hausnarketari heldu genion halako batean.
Xabi istorioa idazten hasi zen, eta bukatutakoan bi urtez egon da kajoi batean sartuta. Harik eta Zinemaldiak argentinar ekoizleekin topaketa bat antolatu, eta produktore batekin gelditu ginen arte.
Horietako batekin egon ginen, gidoia pasatu genion, eta hotelera eraman eta bertan irakurriko zuela hitzartu genuen. Handik hiru ordutara deitu zigun, gustatu zitzaiola eta pelikula ekoitzi nahi zuela esateko.
Orduan hasi zen benetako bidea: dirua lortu, pandemia ere egon da… Azkenean, iaz filmatu genuen, orain gauden urteko sasoi berean gutxi gorabehera.
Zinemaldian erne zena Zinemaldian loratuko da, orduan.
Hori da. Hemen hasi ginen ekoizleekin harremanetan, eta orain hemen ikusiko da. Alde horretatik, uste dut Zinemaldiak lan ikaragarria egiten duela, mundu honetako pertsonak elkarrekin harremanetan jartzen baikaitu.
Zuk zuzendu duzu filma, baina Xabi Zabaletak eta Arantxa Cuestak idatzi dute. Nolakoa izan da elkarlan hori?
Oso landuta dugu jario hori. Aspalditik egin dut lan Xabirekin, eta batzuetan iruditzen zait nik idatzita dagoela.
Xabi hasi ohi da zirriborro bat idazten, gero Arantxa Cuestari pasatzen dio, eta ni ere hasten naiz irakurtzen eta doitzen. Gero, irakurketak egiten ditugu, pertsona adituekin, eta aktoreekin ere irakurtzen dugu.
Kasu honetan, Argentinako hizkerara ere pasatu dugu testua, eta hor guztiz aldatu da. Argentinako aktoreek, gainera, asko inprobisatzen dute: ez dute esaldi bera birritan berdin botako!


