Mariano Biasinek zuzendutako ?Sublime? filmak jasoko du hamargarren Sebastiane Latino saria
Gehitu elkarteak emandako golardoak sexu- eta genero-aniztasuna hobekien irudikatzen duen film latinoamerikarra saritzen du
Berriro ere, Iberoamerikako LGTBIQA+ Zinema Jaialdien Topaketa Donostia Zinemaldiaren barruan egingo da
Mariano Biasin zinemagile argentinarrak zuzendutako Sublime filmak hamargarren Sebastiane Latino saria jasoko du, GEHITU Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersexualen Elkarteko kideek osatutako epaimahaiak ematen duena. Sari-banaketa –Gehitu kolektiboak berak antolatua, 2022ko film latinoamerikarren artean sexu- eta genero-aniztasuna ondoen irudikatzen duen filma saritzeko– Donostia Zinemaldiaren 70. edizioan egingo da.
Sublime ekoizpen argentinarra – Berlinaleko Generation 14plus sailean parte hartu zuena– Mariano Biasin (Buenos Aires, 1980) zuzendariaren lehen film luzea da. Aurten Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean parte hartuko duen filmak 16 urteko mutil bat du protagonista, Manuel. Manuelek baxua jotzen du musika-talde batean, eta Felipek –protagonistaren txikitako lagunak– ere jotzen du talde horretan. Manuel Azulekin ari da irteten, eta harreman bizia du neskarekin, baina egun batean zerbait gertatuko zaio Manueli eta Felipe beste modu batean ikusten hasiko da.


