Ana Cristina Barragán, Natalia Beristain, Pavel Giroud, Patricio Guzmán eta Carlos Lechuga lehiatuko dira Donostia Zinemaldiko 'Horizontes Saria' eskuratzeko

  • Ana Cristina Barragán, Natalia Beristain, Pavel Giroud, Patricio Guzmán eta Carlos Lechuga lehiatuko dira Donostia Zinemaldiko 'Horizontes Saria' eskuratzeko

Argentinan, Brasilen, Txilen, Kolonbian, Kuban eta Mexikon kokatutako hamabi istoriok osatuko dute Horizontes Latinos saila, Latinoamerikan osorik edo partzialki ekoitziak diren, Espainian erakutsi ez diren eta jatorri latinoamerikarreko zinemagileek zuzendu dituzten edota munduko gainerako lekuetako komunitate latinoamerikarrak esparru edo gaitzat dituzten urteko film luzeen hautaketa. Horizontes sarirako lehian ariko diren filmen hautaketan WIP Latam sailaren azken edizioko lau lan daude: Dos estacionesLa piel pulpoUn varón eta Vicenta B..

Ana Cristina Barragán zuzendari eta gidoilaria (Quito, 1987), Elías Quejereta Zine Eskolan sorkuntza-graduondoko bat ikasi zuena, Donostiara itzuli da La piel pulpo / Octopus Skin lanarekin, WIP Latamen 2021eko edizioan parte hartu zuena eta saila itxiko duena. Egileak Horizontes Epaimahaiaren Aipamen Berezi bat lortu zuen bere lehen film luzearekin (Alba, 2016). Zuzendariaren azken proiektua, La hiedra, Ikusmira Berriak egonaldi-programaren parte da aurten.

Mariano Biasin argentinarrak (Buenos Aires, 1980) Sublime aurkeztuko digu, bere lehen film luzea, Berlinaleko Generation 14plus sailean izan ondoren.

Natalia Beristain (Mexiko Hiria, 1981) zuzendariaren hirugarren film luzea –Ruido / Noise– ere hartuko du, mundu-estreinaldi gisa, Horizontes Latinos sailak; egilea Veneziako Settimana Internazionale della Critica atalean lehiatu zen No quiero dormir sola (2012) bere lehen filmarekin. Ruido / Noise filmak Mexikoko genero indarkeriaren gurpil zoroan murgiltze mingarria da, desagertutako alabaren bila dabilen ama baten bitartez bizitakoa.

Pavel Giroudek (Habana, 1973) Omertà (2008) Donostia Zinemaldiko Euskal Zinemaren Egunean estreinatu zuen eta Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren saria ere jaso zuen El acompañante (2013) proiektuagatik; El caso Padilla / The Padilla Affair aurkeztuko digu oraingoan, Heberto Padilla poeta kubatarraren inguruko ez-fikziozko lan bat.

Un varónFabián Hernándezen (Bogota, 1985) lehen film luzea, Horizontes saria eskuratzeko lehiatuko da Cannesko Quinzaine des Réalisateurs atalean estreinatu ondoren. Un varón, gainera, iaz WIP Latam sailean hautatutako filmetako bat izan zen.

2021eko WIP Latamen hautatu zuten –eta hori baino lehen, proiektu gisa Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan, 2019an–, halaber, Dos estacionesJuan Pablo González mexikarraren (Jalisco, 1984) lehen film luzea, Sundance zinema-jaialdiko World Cinema Dramatic Competition lehiaketan parte hartu zuena; film horretan parte hartu zuen Teresa Sánchez aktoreak, izan ere, antzezlan onenaren Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen jaialdi horretan.

Patricio Guzmán (Santiago, Txile, 1941) Donostia Zinemaldira itzuliko da bere azken filmarekin, Mi país imaginario / My Imaginary Country izenekoarekin Cannesko zinema-jaialdiko Special Screening sailean aurkeztu ondoren; izan ere, aurtengo Horizontes Latinos lehiaketa inauguratuko du.

Carlos Lechugak (Habana, 1983) jada hartu izan du parte Horizontes Latinos sailean, zehazki, 2016an Santa y Andrés pelikularekin, eta orain Vicenta B. lanarekin itzuliko zaigu, 2021ean WIP Latam onenarentzako EGEDA Platino Industria saria jaso eta gero.

Carolina Markowiczen (São Paulo, 1982) ere lehiatuko da Horizontes saria lortzeko; hala, Carvão / Charcoal bere lehen film luzearekin izango dugu Donostian, aurten Toulouseko Zinema Eraikitzen sailean hautatua izan ondoren.

Manuela Martelli txiletarrak (Santiago, 1983) bere lehen film luzea aurkeztuko digu Donostian; hala, 1976 Cannesko Quinzaine des Réalisateurs atalean estreinatu zen, Ventana Sur Proyecta 2018 eta Zinema Eraikitzen (2022, Toulouse) ekimenetan hautatua izateaz gain.

Valentina Maurel costarricarrak (San José, 1988)  Zinemaldian aurkeztuko digu aurten bere lehen lana, Tengo sueños eléctricos, 2021ean Proyecta ekimenerako Jardín en llamas izenarekin hautatua, Locarnon izan ondoren.

Azkenik, Andrés Ramírez Pulidoren (Bogotá, 1989) La jauría Horizontes saria irabazteko lehiatuko da, Zinema Eraikitzen (Toulouse) sailean eta Cannesko Semaine de la Critique atalean egon ondoren (Grand Prix saria eta SACD saria jaso zituen Cannesen).

Horizontes Latinos saileko filmak Horizontes saria lortzeko lehiatuko dira. Sari horrek 35.000 euro ematen dizkie zuzendariari eta film irabazlearen Espainiako banatzaileari. Horizontes Latinos Sariaren epaimahaiak du film horiek baloratu eta saritzeko ardura. Horizontes Latinos sailaren barnean zuzendariaren lehen edo bigarren filmak (aurten, 1976CarvãoDos estacionesLa jauríaLa piel pulpoSublimeTengo sueños eléctricos eta Un varón) Gazteriaren TCM Sarirako ere lehiatuko dira; 18-25 urteko 150 ikaslez osatutako epaimahai batek ematen du arestian aipatutako golardoa.

 


  • Gaia Ikus-entzunezkoa