Gasteiz 2022ko Andre Mari Zuriaren Jaietarako prestatzen ari da
Pandemia dela eta bi urtez jairik gabe egon ondoren, Gasteizek zaindariaren jaiak berreskuratuko ditu. Azken xehetasunak baino ez dira falta hiriak handitasunez ospatzeko 2022ko Andre Mari Zuriaren jaiak. Ordu batzuk falta dira Zeledon San Migeletik jaisteko eta udala espazioak eta zerbitzuak prestatzen ari da guztia prest egon dadin.
Pantaila handia txupinazoa zuzenean emateko
Hilaren 4ean, Zeledonen jaitsiera Andre Mari Zuriaren plaza baino toki lasaiago eta familiarrago batetik ikusi nahi duenak aukera izango du txupinazoa Plaza Berrian bizitzeko, udalak jarriko duen pantaila handiaren bidez. Gainera, Gasteiztik kanpo daudenentzat edo etxetik ikusi nahi dutenentzat, zuzenean emango da udalaren webgunetik eta sare sozialetatik.
Beste aukera bat telebista izango da. ETBk zuzenean emango ditu Zeledonen jaitsiera eta igoera, eta aurten, lehen aldiz, Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsiera ere emango du, 11:45etik aurrera, ETB2n.
Aurten bai, baina errespetuz
Udalak balkoian jarriko duen pankartari dagokionez, mezu bikoitza izango du: festarakoa eta errespetuzkoa. “Aurten bai! Jaietan jai, errespetuz. En fiestas, diversión y respeto”.
Mugikorrak azkar kargatzeko puntuak
Abuztuaren 4tik 9ra informazio-puntua egongo da Posta eta Independentzia kaleen bidegurutzean, indarkeria matxistaren prebentziorako eta indarkeriaren aurrean jarduteko. Aurtengo berrikuntza izango da beharra duten emakumeek mugikorrak azkar kargatzeko puntua erabiltzeko aukera izango dutela, mugikorra bateriarekin izateko beharra duten egoera puntualetan erabiltzeko. Esaterako, urruti bizi badira eta etxera bakarrik itzuli behar badute edo lagunen bat gaizki badago osasun-zerbitzuei deitzeko. Stand horren ordutegia 17:00etatik 23:00etara izango da abuztuaren 4ean, eta 18:00etatik 22:00etara gainerako egunetan.


