Joan Fierro, Laura Martínez, Sara Ayesa eta Joey Ordóñezen erakusketak izango dira 2023an Montehermoson
Monterhermoso Kulturuneak jakinarazi ditu 2022ko Montehermoso-EHU deialdian hautatu dituzten artistak, eta haien erakusketak 2023ko udal-instalazio horretako egitarauaren parte izango dira. Hortaz, Montehermosok Joan Fierroren ‘Extranjero’; Laura Martinezen ‘Unión’; Sara Ayesaren ‘Ja, ja’ eta Joey Ordóñezen ‘Toca, pon’ erakusketak hartuko ditu.
Gasteizko Udalak eta Arte Ederren Fakultateak sorkuntzaren arloan azken joerak sustatzen dituzten jarduerak garatzeko duten hitzarmenaren barruan dago deialdia.
“Gure helburua artistei haien etorkizun profesionalean lan egin beharko duten espazioa eta tresnak eskaintzea da. Hautatutako proiektuak erakusketen programaren barruan sartuz, sortzaileen lanei ikusgarritasuna ematen diegu eta mundu profesionalera hurbiltzeko lan-plataforma eskaini. Halaber, zuzeneko lotura ezarri dezakete gizartearekin”, nabarmendu du Estibaliz Canto Hezkuntza eta Kultur zinegotziak.
2018an abian jarritako programazioaren ildotik, hautatutako proiektuek banakako erakusketa izango dute eta artista bakoitzak 9.000 euro jasoko ditu aurkezpenarengatik. Halaber, bakoitzak bere katalogoa izango du.
Edizio honetan, aurreko urtean bezala, 4 erakusketen komisariotza Andrea Estankona eta Juan Pablo Orduñezek (MawatreS) osatzen duten LEKUTAN kultur elkartearen esku egongo da LEKUTAN kolektiboak irabazi eta egin zuen 2020ko Tabakalerako ‘Komisario Berriak’ edizioaren komisariotza, eta, Bilbao Art District ere koordinatu eta komisario lanak egin ditu du bi urtez.
Aurkezpen epea amaitzerakoan, 33 izan ziren aurkeztutako proiektuak, eta horietatik lau hautatu zituen Hautaketa Batzordeak. LEKUAN komisariotzak, Ismael Manterola Arte Ederren Fakultateko Dekanoak (EHU), Edurne Gonzalez Arte Ederren Fakultateko Kultur Hedapeneko Dekanordeak (EHU) eta Luis Mari Pascual Montehermoso Kulturuneko kideak proiektu hauek aukeratu dituzte:
Hautatutako proiektuak hauek izan dira:
Extranjero Joan Fierorena
Bizitzaren kontenplaziozko denboraren kontzeptua eta kapitalismo digitalaren berezko denbora zatitua edo azkartua ikertu eta jorratzen dituen proiektua da. Atzerritarren irudia erabiltzen du bi denboren dimentsioaren arteko tentsioa arakatzeko bektore gisa. Bere lanaren oinarrian bide publikoan egindako hainbat esku-hartze eta performancearen ikus-entzunezko erregistroak daude.
Union, Laura Martinezena
Irudizko orainaldi bateko distopia batetik sortutako hainbat obraren sorkuntza-proiektua da, eta horren arabera, kataklismo teknologikoak gizartea bi bandotan banatu du: teknologikoaren aurkakoak vs. teknologikoaren aldekoak. Zibilizazioak aurrera egin dezan, bi bandoek adostasunera heldu behar dute eta horren emaitza gisa sortu da erakusketa hau, bi ideiak uztartzen dituen piezekin.
Ja, ja, Sara Ayesarena
Inguratzen gaituenari uneoro arreta eskaintzea, gauzak ikasi ditugun moduan ikusiz eta interpretatuz, neketsua da. Une batzuetan distraitu egiten gara, distantzia hartu eta hitzartutako logika hori hausten dugu. Hala, arreta galduz lortzen dugu bizitzari jartzen diogun arretatik apur bat deskantsatzea eta ideien konexio eta lotura berriak sortzeko jokoa has dezakegu, bizitza desberdin bat izan dezaten. Artistak premisa horretatik abiatuta planteatzen du bere pintura, eta intuizioarekiko, inperfekzioarekiko, soiltasunarekiko, eta pinturaren baliabideekiko duen interesa erakusten du lanetan, emozio jakin batzuk sortzeko, esaterako, grazia, barrea.
Toca, pon, Joey Ordoñezena
Eskulturen proiektua da, eta objektuak eta irudiak kokatzeko moduak elkarren artean lotzen ditu materialen egoera zalantzan jarriz. Haien eraldaketaz eta tresnen bestelako erabilerez dihardu, zuzenak izan ala ez. Artistak duenetik eta egiten dakienetik eraikitzen du, horrek dituen mugekin. Piezak zehaztugabeak dira, objektu bat edo bestea den zehatz jakin ezin direnak, edo funtzionalitate bat edo bestea duten, etab.
Proiektuak Montehermoso Kulturuneko Jovellanos Aretoan aurkeztuko dira 2022ko azaroa eta 2023ko uztaila bitartean.


