Maria Elorzaren "A los libros y a las mujeres canto" filma Donostiako Zinemaldiko New Directors Sailean estreinatuko da
Maria Elorza euskal zinemagilearen A los libros y a las mujeres canto lehen film luzeak, aurten irailaren 16tik 24ra bitartean 70. edizioa ospatuko den Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko New Directors sailean izango du mundu mailan lehen emanaldia.
Gaztelaniaz eta italieraz filmatua, Gipuzkoan (Donostia, Zarautz, Pasaia), Nafarroan (Esparza, Turrillas), Bilbon, Madrilen, Suances eta Italian (Sardinia, Herculano, Monte Vesubio, Napoles), 72 minutuko iraupenarekin. Maria Elorza gidoilari, zuzendari, argazki zuzendari eta muntatzaile duen film hau Txintxua filmesekin duen laugarren lankidetza da (Gure Hormek, Ancora lucciole, Quebrantos). Koldo Almandoz (Intimidad, Hondar Ahoak, Oreina, Sîpo phantasma) da ekoizlea eta Marian Fernández Pascal (Txintxua Films) ekoizle exekutiboa. Xanti Salvador (La trinchera infinita, Las horas muertas, Handia) soinuaren postprodukzioaren arduraduna. Antzezleen artean Tonina (Antonia Deias), Loreto (Loreto Casado), Viki (Viki Claramunt), Wal (Waltraud Kirste) eta Anne (Anne Elorza) daude.
Film hau Kutxabank-New Directors Saria lortzeko lehiatuko da, Kutxabankek babestua. Gainera, Maria Elorzaren pelikula Gazteriaren TCM Sarirako hautagaia da, 18 eta 25 urte bitarteko ikasleek osatutako epaimahaiak ematen duena. New Directors saila zinemagileen lehen edo bigarren luzemetraien nazioarteko lehiaketa bat da, argitaratu gabeak eta azken urtean ekoiztuak izan direnak.
ZINEBI Foro Profesional – Bilboko Zine Dokumental eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian Proiektu Onenaren Saria eta Malagako Zinemaldiko MAFIZ Jaialdian (Malaga Industry Zone Jaialdia) Espainiako Proiektu Onenaren Saria irabazi dituen A los libros y a las mujeres canto filmak Eusko Jaurlaritzaren laguntza du.
Zuzendariaren hitzetan: “Virgiliok armei eta Gizonari abestuko ziela esanez hasten zuen Eneida. Film honen izenburuarekin bertso horri keinu bat egin nahi genion. Izan ere, gure asmoak ia aurkakoak izan arren, iraganeko tradizioarekin ere hitz egin nahi dugu. Pelikula hau lau pertsonaien eta bere liburuen erretratua da. Irakurtzen eta ikasten eman dute bizitza, hau da, ondare oso baliotsua zaintzen. Film honekin geure buruari galdetzen diogu literaturak, zinemak edo irudiek nola lagun diezaguketen bizitzen, nola egin gaitzaketen askeago, irudimenak eguneroko bizitzan duen garrantziaz, elitista ez den modu batean goi mailako kultura nola transmiti daitekeen. Filma letren errebindikazio bat ere bada, eta, era berean, emakume horiei omenaldia egiten zaie, erresistentzia ekintza batean zaintzeaz arduratzen baitira”.
SINOPSIA
Emakume bati ia ¨Avioneta¨ izena jarri zioten. Beste batek, liburutegi bat izan zuen bere kotxeko atzeko eserlekuan. Besteak, etxeko liburutegiko apal errebeldeen ondorioz hatz bat hautsi zuen. Zigarrogileek irakurketak entzuten dituzte lanean ari diren bitartean. Plantxagileek poemak gogoratzen dituzte. Horiei guztiei kantatzen diet.
Suaren, uraren, sitsaren, hautsaren, ezjakintasunaren eta fanatismoaren aurka, emakume armada anonimo batek liburuak zaintzen ditu. Erresistentzia intimo bat da, epikarik gabekoa, iraultzarik gabekoa, armarik gabekoa.
MARIA ELORZA
Maria Elorza (Vitoria-Gasteiz, 1988) Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean, eta EHUko Arte Sorkuntza eta Ikerkuntzari buruzko masterra du. 2013tik hainbat film labur zuzendu ditu. Bere lanak Donostia, Malaga, Sevilla, Punto de Vista, Documenta Madrid eta Bilboko Zinebi jaialdietan aukeratu eta saritu dituzte. A los libros y a las mujeres canto da bere lehen film luzea.
Filmografia (laburmetraiak):
- Quebrantos, 2020 (Koldo Almandozekin batera)
- Ancora lucciole, 2018
- Gure Hormek, 2016 (Las chicas de Pasaik)
- La chica de la luz, 2016 (Las chicas de Pasaik)
- Agosto sin ti, 2015 (Las chicas de Pasaik)
- Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa, 2013 (Las chicas de Pasaik eta Aitor Gametxo)


