Zabalik da Agustin Ibarrolaren Omako Baso berria

  • Zabalik da Agustin Ibarrolaren Omako Baso berria

Zabalik da jada Agustin Ibarrolak osatutako Omako Baso berria, artistak 80ko hamarkadaren hasieran osatutako baso margotuaren erreplika. Jatorrizko basoan gaitzak jo zituen pinuak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 2020an iragarri zuen, hain zuzen ere, gaur zabaldu den erreplika hori egiteko asmoa.

Hainbat kokapen aztertu ostean, Kortezubin bertan eta jatorrizko basotik oso hurbil dagoen beste pinudi batean ari dira artelan berritua osatzen. 33 multzotan banatuta, 700 zuhaitz izango ditu Omako Baso berriak. Multzo gutxiago izango ditu, lehen 47 zituelako, baina, lehengoan baino gehiago izango dira margotutako zuhaitzak, multzo horiek handiagoak izango direlako. 

Gaurtik ikusgai izango bada ere, artelana ez dago amaituta, 2023ko irailean amaitzea aurreikusten baita. Hala, bertaratzen direnek -aurrez nahitaez erreserbatutako bisita gidatuetan-, dagoeneko margotuta dauden hainbat zuhaitz multzo ikusiko dituzte, bai eta zuhaitzak nola margotzen dituzten ere. 

Egunean bi bisita antolatuko dira astelehenetik igandera, goizez, 10:30ean eta 12:30ean, irailaren 11ra arte, eta erreserbak 94 465 16 57 telefono zenbakira deituta egin ahal izango dira. 

eitb.eus

  • Gaia Ikusizko arteak, Ondarea