Txano eta Oscar anaien abenturak, haur literatura independentea eta kalitatezkoa
Txano eta Oscar anaien abenturak haurrentzako liburuen bilduma bat da, eta 2017an jarri zuten martxan Julio Santosek eta Patricia Pérezek. Liburuak formatu digitalean (lehenengo abentura 700.000 aldiz baino gehiago deskargatu da) eta paperean argitaratzen dira, lehenengo euskaraz eta gaztelaniaz, eta pixkanaka beste hizkuntza batzuetan. Hamargarren abentura merkatura iritsi berri dela eta, Juliorekin hitz egin dugu, eta hamaikagarren liburua egiten ari direla esan digu. Eguberrietan aterako dute.
Zer dira Txano eta Oscar anaien abenturak? Nola sortu zen proiektua?
Txano eta Oscar anaien abenturak haurrentzako literatura independenteko proiektu bat da. Proiektuaren ideia familia-bidaia handi batean sortu zen. Argentinako errepide bakarti batean gidatzen nindoan, eta bi anaia biki protagonista zituzten abenturazko haurrentzako liburuen bilduma baten ideia otu zitzaidan. Hortik aurrera, familiarekin Hego Amerikan nenbilela, lehenengo hiru liburuak idazten hasi nintzen.
Lehenengo hirurak amaitu nituenean, Patriri (Patricia Pérez) idatzi nion proiektuaren berri emateko, eta liburuak pasatu nizkion, begiratu bat emateko. Patri pertsonaiez eta lehenengo abentura haietaz maitemindu zen, eta orduan hasi zen benetan proiektua.
2016an amaitu nuen familia-bidaia, eta orduan jarri ginen Patri eta ni buru-belarri bilduma hurrengo urtean argitaratzeko.
2017an lehenengo bertsioak argitaratu genituen formatu digitalean eta urte beraren amaiera aldera crowdfunding bat egin genuen lehenengo liburuak euskaraz eta paperean ere argitaratzeko.

2018an sortu genuen Xarpa Books argitaletxea eta lehenengo lau liburuak argitaratu genituen paperean, euskaraz zein gaztelaniaz, eta harrezkero ez gara geratu.
Zer formatu eta hizkuntzatan argitaratzen dituzue zuen liburuak? Zerk bultzatu zintuzten erabaki hori hartzera?
Liburuak formatu digitalean eta paperean argitaratzen dira. Era berean, Print On Demand (POD) delakoan ere sortu ditugu edizioak, liburuak Latinoamerikara eta AEBetako merkatu gaztelaniadunera helarazteko. Berriki, gainera, lehen hiru aleak gaztelaniaz argitaratu ditugu audioliburu batean. Masumi Mutsudak egin digu lokuzioa, haurrentzako telesailen bikoizketako aktore ezagun batek.
Paperean eta formatu digitalean merkaturatzen diren produktu guztien lehen edizioa euskaraz eta gaztelaniaz argitaratzen dugu, baina pixkanaka-pixkanaka beste hizkuntza batzuk gehitzen joan gara. Gaur-gaurkoz (2022an), beste bost hizkuntzatan argitaratu ditugu liburuak: katalana, galegoa, ingelesa, portugesa eta alemana.
Argitaletxe independente txikia izan arren, haurrentzako bildumak estatuko lau hizkuntzatan argitaratzen dituen gutxienetako batzuk gara.

Zuen argitaletxea duzue eta hasieratik amaierara zuek arduratzen zarete prozesuaz. Ez zen erraza izango liburu bat merkaturatu eta sustatzeko egin behar diren zeregin guztiak egiten ikastea, ezta? Nolakoa da zuen ohiko lan-prozesua?
2016an proiektuari ekin genionean, argitalpen-merkatuaren funtzionamenduari buruzko guztia ikasi behar izan genuen, baita liburu bat hasieratik amaierara sortzeko behar den guztia ere: liburua idazteaz eta ilustratzeaz gain, maketatzea, merkaturatze-zirkuituei buruz ikastea, marketinaz, sustapenaz eta sare sozialez arduratzea, bildumaren webgunea kudeatzea, alderdi ekonomikoa...
Denbora horretan guztian zereginak Patri eta nire artean banatzen ikasi dugu, eta ia-ia dena egiten dugu zuzenketak eta itzulpenak izan ezik.
Argitaratzeko data baino sei hilabete lehenago prest izan ohi dudan liburuaren testua soilik duen bertsio batetik abiatzen gara, eta hor sartzen da Patri alderdi grafikoari ekitera. Patrik marrazten duen bitartean, liburua zenbait zuzenketa-fasetatik igarotzen da. Liburua osorik dagoenean (testuarekin eta ilustrazioekin), maketazioa itxi eta inprentara bidaltzen dugu.
Aldi berean, marketinaren eta sustapenaren alderdia ere hasten da; lehen aleetatik ezagutzen gaituzten literaturako blog eta kanal ugarirekin lan egiten dugu, eta ikusgaitasuna ematen laguntzen digute.

Halaber, ikastetxeak bisitatzen saiatzen gara, ikasleei liburuak aurrez aurre aurkezteko. Gehien asetzen gaituzten jardueretako bat da, liburuetako istorioen aurrean dituzten erreakzioak zuzenean senti ditzakegulako.
Bildumaren hamargarren abentura argitaratu berri duzue, Kristalezko kaiola. Bertan, zoritxarrez pil-pilean dagoen gai bat lantzen duzue: animaliekiko tratu txarrak. Zer beste gai landu duzue urteotan eta zer beste balio helarazi nahi izan diezue gazteenei?
10 aleetan hainbat gai landu ditugu orain arte, baina bildumaren helburu nagusia izan da abentura dibertigarriak sortzea haur bat identifikatuta sentitu ahal izan dadin eta abentura bizitzeko nahia sor dakion. Abenturon bitartez, jakina, gustuko ditugun balio positiboak helarazten dira: adiskidetasuna, eskuzabaltasuna, asmamena edo solidaritatea, kasurako, baina istorioen pisua horietan jarri gabe.

Ez gara zehazki balioei buruz hitz egiteko sortutako liburuen oso lagunak. Haurrek liburuak irakurtzean ondo pasatzea nahi dugu, balioak pertsonaien ekintzen bitartez agertzea.
Azken liburu honetan, lagun batek animaliekiko tratu txarren gaia iradoki zigun, eta ideia hori izugarri gustatu zitzaigun. Istorioa idazten ari nintzela, konturatu nintzen gazteek ez dutela normalean gai horretaz hitz egiten, ezta familiek ere, eta gaia mahaigaineratzeko balio zezakeela, bai eta gure ongizatearen zati handi bat animalien esplotazioaren gainean eraikita dagoela jakitun izateko ere.
Zer da, zehazki, egungo haurrentzako beste bilduma handi batzuekin lehiatzeko erabiltzen duzuen freemium eredua?
Freemium eredua asko erabiltzen da zerbitzu teknologikoen enpresetan. Gehienok kontziente izan gabe erabiltzen dugu (adibidez, Spotify, Google Drive edo Dropbox plataformen doako bertsioa erabiltzean).
Freemium eredua zerbitzuaren zati bat doan eskaintzean datza, bezeroak horretaz goza dezan eta dirurik gastatu behar izan gabe probatu ahal izan dezan. Gure kasuan, bildumako lehenengo bi liburuen bertsio digitalak deskargatzeko aukera ematen dugu, kosturik gabe irakurri ahal izateko.
Hain zuzen ere, horregatik asko erabili izan dira ikastetxeetan, ikasleen gailuetan kargatzeko, eta ederra da liburuak aurkeztera ikastetxe batera joaten garenean haurrek liburuak irakurrita izatea.
Gaur-gaurkoz (2022), lehenengo liburuak 700.000 deskargatik gora ditu mundu osoan eta plataforma ugaritan.

Gainera, irakasleentzako baliabide sorta bat ere eskaintzen duzue. Zer jarduera egin ditzakete ikastetxeetan zuen liburuen bitartez?
Liburuekin eskolan egiten zutenari buruz esaten zigutena oinarri hartuta, irakasleentzako baliabide sorta bat prestatzea erabaki genuen. Lehenengo liburuaren bi bertsioak zituen (bertsio normalaz gain): lehenengo bertsioa, liburuaren bertsio bat da, baina ilustrazioen hutsuneak zuri dituena, liburua irakurtzen ari diren ikasleek beren marrazkiak egin ditzaten eta liburuaren beren bertsioa sor dezaten.
Beste bertsioa, lehenengo liburuaren ilustrazio guztiak solte dituen sorta bat da, nahieran erabil ditzaten. Normalean aurkezpen edo bideo edo animazio txikiak egiteko erabiltzen dituzte.
Ikastetxeetan egiten dugun jarduera nagusia bilduma aurkeztea izan ohi da. Gazteei bildumaren jatorria zein den esaten diegu eta liburuekin lotuta denbora honetan pasatu zaizkigun bitxikeria pila kontatzen dizkiegu.

Nolakoa izaten ari da jendearen harrera? Nola ikusten duzue etorkizuna?
Hasiera oso gogorra izan zen, eta asko borrokatu behar izan genuen. Orain, ordea, erreferentziazko bildumetako bat izatea lortu dugu, batez ere Euskadin eta Nafarroan.
Orain, liburu-dendak edo ikastetxeak bisitatzen ditugunean gehienek badakite zein diren Txano eta Oscar.
Gure berehalako helburua da 11. liburua amaitzea; Eguberrietan irtengo da eta oraintxe horretan ari gara lanean. Bestalde, ni 12. liburuaren zirriborroa lantzen ari naiz jada.
Ondoren, beste proiektu bat ere badugu esku artean, Txano eta Oscar anaien abenturetako pertsonaietako batean oinarritutako bilduma berri bat ateratzeko, liburuetan zehar gero eta garrantzi handiagoa hartzen joan baita. Hala ere, oraindik ideia bat besterik ez da, eta lan asko egin behar da errealitate bihurtzeko.
Oraingoz, Txano eta Oscar da gure proiektu nagusia. Gure liburu guztiak hemen aurki ditzakezue: www.txanoyoscar.com/la_coleccion.
(2022ko uztailaren 28an argitaratutako Berezia)


