Itsaso Aranak bukatu du zuzendari gisa egindako lehen pelikula filmatzen
Nafar zuzendari, aktore eta gidoilariak "udako ipuin bat" kontatu du "Las chicas están bien" filmean, "printzesak, apoak, errekak, kartak eta printze despistatuak ere badituena".
Itsaso Arana nafar aktore (La reconquista, Tenéis que venir a verla, Las altas presiones) eta gidoilariak (La virgen de agosto, Jonas Truebaren filma) bukatu du zuzendu duen lehen pelikula, Las chicas están bien, filmatzen. Haren hitzetan, "udako ipuin bat" da filma, "printzesak, apoak, errekak, kartak eta printze despistatu bat ere badituena".
Barbara Lennie, Irene Escolar, Itziar Manero, Helena Ezquerro eta Itsaso Arana dira protagonistak: bost aktore elkarrekin biziko dira egun batzuetan, antzezlan bat prestatzeko, ohiko mundutik at dagoen errota zahar batean.
Istorioak antzezlan bat biltzen du barruan, baina "ipuin bat, sorginkeria baten historia" ere bada.
"Hizpide du nola ipuinek eta emakumezkoei buruzko irudikapenek gorpuztu eta mindu ere egiten gaituzten. Baina hori baino gehiago, maitasunari buruzko filma da", azaldu du Aranak.


