"Sonar la voz. 9 ensayos y 9 partituras", ahotsaren teoriak ikuspegi transbertsal batetik

  • "Sonar la voz. 9 ensayos y 9 partituras", ahotsaren teoriak ikuspegi transbertsal batetik

Sonar la voz. 9 ensayos y 9 partituras (Ahotsak soinua ateratzea. 9 saiakera eta 9 partitura) liburuan, Ixiar Rozasek ahotsari, idazketari eta esateko ekintzari buruzko idatziak biltzen ditu. Lan hori poesiaren, partitura linguistikoen (eta bisualen) eta teoriaren artean mugitzen da, Consonni argitaletxeak argitaratu du “Paper” bilduman eta Marina Garcésen hitzaurrea dauka. Ixiarrekin hitz egin dugu liburuan jaso dituen hainbat ideiari buruz.


Hizkuntzarekin, ahotsarekin eta soinuarekin lan egiten duzu.  Beltzuria lanean, ahotsari buruz euskaraz idatzi (Pamiela, 2014) eta gaztelaniara lau eskutara itzulitako saiakera poetikoan (Enclave de libros, 2017), ahozkotasuna eta bokalitatea bereizi zenituen pauso bat harago joateko eta bokaltasunaz hitz egiteko. Orain, berriz, Sonar la voz. 9 ensayos y 9 partituras  (Consonni, 2022) aurkeztu duzu. Ba al du zerikusirik obra honek lan harekin? Zer sartu duzu zehazki liburu honetan?

 

Ahotsari, idazketari eta esateko ekintzari (zuzenean, performancean) buruzko liburu bat da. Hitzek sortzen dituzten erritmo, soinu eta irudien inguruko lan-eremu bat da; dagoeneko denbora baitaramat arlo horretan lanean.

Liburuak 9 saiakera eta 9 partitura ditu, eta poesiaren, partitura linguistikoen (eta bisualen) eta teoriaren artean mugitzen da. Zenbait saiakera argitaratu ditut aldizkari espezializatuetan, berriro bisitatu ditut, eta kasu batzuetan, berridatzi egin ditut, liburua osatzeko. Partiturei dagokienez, denbora honetan guztian egin ditudan aurkezpen eta performanceetan erabili ditudan materialak dira. Liburuaren lana, hain zuzen ere, material horiek guztiak jostea izan da, konposizio bat osatzeko. Consonnik material horiek argitaratzeko aukera eman zidan, eta horixe egin nuen. Bide batez, eskertu egin nahi dut Consonniren argitalpen-lan bikain eta beharrezkoa.

Idazketa continuum gisa lantzen dut, elkartzen ditudan materialen konposizio gisa. Eta hor itxaroten dut ea zer gertatzen den. Idazketa, hizkuntza (eta haren soinuak) eta behaketaren ekintza interesatzen zaizkit, entzuketa gisa, kontzientziaren topografia gisa. Eta hor denbora sar dadin utzi.

Sonar la voz lanak, nolabait, Beltzuria obran egin nuen lanari jarraipena ematen dio; azken liburu hori ahotsari, ahozkotasunari, bokalitateari eta ahotasunari buruzko istorioek zeharkatzen dute (esan duzun moduan). Ahoa, arnasketa, ahotsaren parte dira. Halaber, Unisonoa poema-liburua eta 12 soinu-pieza (bandcamp) ere hor daude, 2020an argitaratua. Besteak beste, Mursego, Ainara LeGardon, Ibon RG eta Rafael Martínez del Pozo artistekin lankidetzan egin nituen soinu-piezak.


Liburua ama, aita eta Lurri eskaini ondoren, Anne Carsoen aipu batekin hasten da; hain zuzen, honela dio: “Egiten dugun soinu bakoitza autobiografiaren une bat da”. Zergatik aukeratu duzu hori?

The gender of sound, soinuaren generoa, laneko esaldi bat da; saiakera horrek asko pentsarazi dit eta liburuan ere presente dago. Aipuari buruz: arnasketa da gure gorputzak ateratzen duen soinu nagusia. Arnasten dugun modukoak gara. Gure arnasa entzuteak eta behatzeak informazio asko ematen digu geuri buruz. Esaten ari naizenak meditazioarekin ere badu zerikusia, noski.

Edo gorputzaren beste zati batzuekin egiten ditugun soinuak: hezurrak, artikulazioak, eskuak, hatzak, ahoa, gure sexualitatea, mugimendua, oinez ibiltzea, etab. Soinuz beteta gaude. Eta, jakina, objektuekin, beste gorputz batzuekin, izakiekin eta abarrekin egin ditzakegun soinuak ere badaude. Hori guztia entzuteak izugarri esaten du, ezta?

Soinu horiek guztiek osatzen gaituzte, gure berezitasuna dira, eta, zehazki, ahotsarenak. Duela gutxi, aspaldi ikusi ez nituen pertsona batzuekin elkartu nintzen. Ez nituen aurpegi batzuk ezagutzen, baina ahotsen soinua bai. Bitxia izan zen. Ahotsak egiten gaitu bakar, berezi, menderaezin eta konplexu, eta gainerakoekin harremanetan jartzen gaitu. Eta, era berean, zerbait arraroa sortzen du. Hori gertatzen da, adibidez, gure ahotsaren grabazio bat entzuten dugunean. “Hori ez da nire ahotsa” pentsatzen dugu une horretan.

Nire ahotsa hain da hurbilekoa eta arrotza aldi berean, ezen ez baitu urruntzerik edo imitaziorik onartzen. Horri buruz idatzi zuen Marina Garcések ere oso modu ederrean, liburuaren hitzaurrean. Ezin dugu geure ahotsa imitatu, ezta harengandik urrundu ere. 


Sarrerako testuan, Sonoimagen en movimiento (Soinuirudia mugimenduan) izenburukoan, hau diozu: “Ezin nuen ahotsari buruzko liburu bat idatzi isiltasuna aipatu gabe”. Txanponaren bi aldeak al dira?

Liburu osoan azaltzen den harremana da. Ssssssssssilencio (Issssssssiltasuna) saiakerak María Arnal eta Marcel Bagésen abesti eder eta gordinean oinarritutako izenburua du eta isiltasunari buruz idatzi dut komunikazioaren baldintza gisa. Entzuteko, isiltasuna behar da. Poesiarako, isiltasuna behar da. Arnasteko, isiltasuna behar da. Oso beharrezkoa da. Baina etengabeko zarataz inguratuta bizi gara, kanpokoa eta geure burukoa. 

Isiltasuna aukera gisa uler daiteke. Berez, ez da existitzen, edo existitzen dena zarata mentala da, gure zarata mentala. John Cagek, bere esperimentu ezagunean, isiltasuna ez zela existitzen esaten zuen, beti entzuten da arnasak, bihotzaren taupadek egiten duten soinua. Gaineratu zuen beti entzuten dugula, halaber, buruko zarata, isiltzeko hain zaila dena. Horretan, ados nago Mattinekin, Social disonance liburuan nola azaltzen duen interesatzen zait. 


Seigarren saiakeran, —Sobre la escritura, la erotización y la imaginación (Idazketa, erotizazioa eta irudimenari buruz)—, hau irakurri daiteke: "Ahotsa eta generoa lotuta daude, eta beti izan da horrela; ez dago gizonek emakumeen ahotsari buruz esan edo idatzi dutenari erreparatzea besterik [...]".  Zer lortu nahi zuten horrekin?

Greziar kulturan maskulinitatea emakumearena ez den bestelako ahotsa erabiltzeagatik zehazten zen. Emakumeei ez zitzaien onartzen oihu irregularrak egitea polis-eremuan. Gizonaren emakumearekiko erantzukizun zibikoa soinu horiek kontrolatzea zen. Mendebaldeko kulturaren —kultura patriarkalaren— sehaskan ere, ahotsa uteroarekin lotzen zen. Emakumeak bi aho ditu, sartzeko eta irteteko bi ate, ahoa bera eta genitalak. Horrenbestez, biak kontrolatu behar dira. Igorpena ondo zigilatu eta sarrera kontrolatu. Zoritxarrez, oraindik ere horrela gaude.

Misoginia horren adibide asko daude historian. Edo botere politikoan mantendu ahal izateko ahotsak maskulinizatzen dituzten emakumeenak. Eta sexuen arteko igarobidean dauden pertsonen eguneroko egoera asko. Esperientzia asko daude isilduta. Eta ezagutzen diren batzuk ere bai: Ernest Hemingwayk ezin zuen jasan Gertrude Steinen ahotsaren soinua, zeinaren itxura fisikoa enperadore erromatar batenarekin alderatzen zuen. Eta abar, eta abar, eta abar. Horrek guztiak gaur egun ahotsak entzuten ditugun modua baldintzatzen du. 

(Argazkia: Arnaiz Rubio)


"Zalantzarik gabe, hitzaren edo isiltasunaren irismena horiek agertzen diren inguruabarren araberakoa da". Zazpigarren saiakeratik, Ssssssssssilencio izenekotik, ateratako esaldi bat da. Zure ustez, zein izan da hitzaren eta isiltasunaren irismena pandemian, azken hori azkenean atzean uzten ari garela ematen duen honetan?

Ematen du pandemiak entzuteko denbora eman zigula, gure eguneroko bizitzako soinuek beste presentzia bat hartu zuten. Hiriko soinuak, naturaren soinuak... Ingeborg Bachmannen poema-bildumarekin hitz-joko eder bat eginez, gerora utzitako denbora bat izan zen, eta denbora horretan, zarata mentala areagotu egin zen. 


Horizonte. Poética del escrutinio (Ortzimuga. Zenbaketaren poetika) saiakerarekin batera doan partituran, Balio Erantsiaren Erotika (BEE) deitzen diozu ama hizkuntza batetik, euskaratik, aita hizkuntza batera, gaztelaniara, itzultzeko ahalegin erantsiari. Nola azalduko zenuke erotika hori?

Beltzuria gaztelaniara itzultzen bete-betean ari nintzela sortutako partitura da, lau eskutara egin nuena José Luis Padrón poetarekin batera. Nire liburu ia guztiak neuk itzuli ditut. Eta oso lan zaila da, idazketa bera bezala. Zeure burua itzultzen duzunean, askatasun handia duzu, hala hartzen baduzu, esan nahi dut. Eta jatorrizkoari jarraitu nahi badiozu ere, zati batzuk berridatzi egiten dituzu. Hitz bakoitzaren, soinu bakoitzaren erritmoa etengabe bilatuz idazten dut, eta gauza bera gertatzen da itzultzean. Ez dut itzulpena amaitutzat jotzen erritmo hori entzuten dudan arte.

Irekitzeko aukera gisa ulertzen dut erotikoa. Azkuna Zentroan egin ziguten gonbidapen baten harira, Mari Luz Esteban eta ni solasean aritu ginen idatziz gure lanetako erotikoari, irudimenari eta idazkerari buruz. Saiakeretako bat solasaldi horretako zatiz osatuta dago. Erotikoa oso presente dago liburuan, hainbat unetan, baita Eroceno (Erozenoa) kontzeptuari buruz hitz egiten dudanean ere. Kontzeptu hori Juan Luis Morazarena da, 80ko hamarkadakoa.

Partituran, nork bere burua itzultzean egin beharreko ahaleginak sortzen duen balio erantsiari buruz ari naiz. Idazketa bere horretan balio erantsi gisa uler daiteke, jakina, baita itzulpena ere. Kasu honetan, balio erantsi sinbolikoa da, subjektiboa. Elebitasuna ere balio erantsia da garunaren funtzionamendurako, neurozientziaren arabera. BEZ zergarekin egindako hitz-joko bat da BEE.


Zure hitzetan, lan honetan "teoriaren eta praktikaren arteko leku lauso hori […]" zeharkatu duzu. Nola egin duzu? Zer baliabide erabili dituzu?

Asko ibili naiz oinez. Esan dudan moduan, lan-eremu,  continuum  luzea izan da. Ez zait interesatzen teoriaren eta praktikaren artean bereiztea, garrantzi bera ematen diet. Eta hor, leku lauso horretan jartzea, horrekin esperimentatzea erabaki oso kontzientea, organikoa eta atsegina izan da.

Bestalde, nire irakasle-lekutik erantzunez, uste dut lan teorikoek —akademikoek— irekiera behar dutela zentzu horretan. Beste ikerketa-esparru batzuk ireki behar dira, edo egungoa disruptiboago egin. Zailtasun —eta sufrimendu— handia ikusten dut lanak beste modu batean idatzi nahi dituzten eta testuinguru egokirik aurkitzen ez duten ikasleengan. Ildo horretan lan asko dago egiteke oraindik. Hor gaude. 


Idoia Zabaleta koreografoak Azala Espazioko (Lasierra, Araba) bideetako batetik zindoaztela egin zizun galdera bat hona ekarriz, nola eragin dio ikerketak zure idazketari?

Elkar zeharkatu dira iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera. Zentzu eta noranzko guztietan. Elkar asko entzunez. Idoiaren galdera neurekin daramat oraindik ere, gure adiskidetasun eta konplizitatearen antzera.

Azala oso leku garrantzitsua da niretzat. Zentzu askotan. Uste dut funtsezko lekua dela artearen eta sorkuntzaren mapan, zorrotz eta koherentziaz egindako lanaren mapan. 


Bidaia honetan bidelagun izan dituzun artisten erreferentzia ugari daude liburuan. Haien eta zure egitearen arteko elkarrizketa horren bitartez soilik landu zitekeen honelako proiektu bat?

Ez dakit... Atzera jo beharko nuke beste modu batzuk ote dauden ikusteko... Nire ustez, ezin da atzera itzuli. 


Orain, nora bideratuko dituzu zure pausoak?

Idazten dudanean, soinuen eta irudien artean, oso poliki joaten naiz. Zentzu zabalean, ibiltzeko denbora hartzen dut, sentitzeko, entzuteko, behatzeko. Bizitzeko. Naturan eta naturarekin. Hori guztia funtsezkoa da idazketan. Niri interesatzen zaidanean bederen. Hortaz, hor jarraitu ahal izatea espero dut. 

 

(2022ko uztailaren 11n argitaratutako Berezia)