Bertako 16 talde eta artistak Aste Nagusiko ?Bertako Metal, Pop Rocka? erakusketa berreskuratuko dute
Abuztuaren 20tik 27ra, Bilboko Aste Nagusiko arratsalde guztietan, Bilborock Aretoak bi kontzertu hartuko ditu egunero, 20:00etan eta 21:00etan, eta sarrera librea izango da lekua bete arte.
Aurtengo edizioak emakume aurpegia izango du, eta hautatutako 16 talde eta artisten artean emakumeak dituzten edo emakumez osatutako 7 nabarmentzen dira.
Hitzorduarekin, Bilboko Udalaren helburua talde gazte eta ez-profesionalen lana bultzatzea eta haien talentua zabaltzeko plataforma izatea da.
Aste Nagusiak aurten 35. edizioa beteko duen “Bertako Metal, Pop Rocka-Metal, Pop Rock Local” Erakusketa berreskuratuko du. Erakusketak 16 kontzerturekin itxi du bere kartela, eta horietan emakumeen presentzia azpimarratu behar da.
Kontzertuak abuztuaren 20tik 27ra bitartean izango dira, biak barne, erakusketaren egoitza izango den Bilborock Aretoko agertokian. Aurreko edizioetan bezala, egunean bi kontzertu izango dira, 20:00etan eta 21:00etan, eta sarrera doakoa izango da aretoa bete arte.
Erakusketaren edizio honen aurkezpenean, Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak, taldeetako zenbait ordezkari ondoan zituela, gogorarazi du “35 urte geroago, Erakusketak estiloak uztartzen eta ikus-entzuleak harritzen jarraitzen duela. Gure eskerrik beroenak Aste Nagusiko festa-hitzordu honetan parte hartzen duten entzule leialei eta, jakina, edizio honetako kartela osatzen duten 16 taldeei”.
Aste Nagusiko lehiaketa honen bidez, Bilboko Udalak talde gazte eta ez-profesionalen lana bultzatu eta euren talentua zabaltzeko plataforma izan gura du, baita sortzen ari diren talde eta artisten proposamenak zuzenean doan entzuteko esperientzia eskaini ere.
Erakusketaren ezaugarri gisa, edizio berri honetan genero ugari egongo dira musikaren bidez irudikatuta. Aukeratutako talde eta artisten artean –76 taldek hartu dute parte guztira– emakumez osatutakoak edo kideen artean emakumeak dituztenak nabarmentzen dira, 16tik 7. Euskarari dagokionez, hiru dira letretan euskara erabiltzen duten bandak.
Eta jatorriari dagokionez, zortzi talde Bilbotik datoz, bi Ezkerraldetik (Barakaldo), hiru Eskuinaldetik (bi Getxotik eta bat Mungiatik) eta gainerakoak Bermeo, Arrigorriaga eta Durangotik.
Oraingo honetan ere, epaimahaiak taldeen eta artisten kalitate handia nabarmendu gura izan du, bai eta haien jatorriaren aniztasuna ere; izan ere, hainbat taldek nahasketa eta aniztasuna erakusten dute eta Bizkaiko hainbat herritako, Etxebarri, Maruri-Jatabe, Portugalete, Sestao, Trapagaran edo Urdulizko, eta Arabako, Nafarroako edo Madrilgo kideak dituzte.
16 KONTZERTU BILBOROCKEN 8 GAUETAN
Aurten, datorren larunbatean, abuztuak 20, HURACAN ROSE eta TIPARRAKERS bilbotarren Punk’n’Rollak altxatuko du oihala. Eta Metal soinuek jaitsiko dute, talde hauekin: EMPIRE OF DISEASE eta bere Thrash, Groove eta Death Metal melodikoak; DEIMOCRACY (Bilbo Hiria 2019 azken lehiaketako “Aste Nagusia” sariaren irabazlea) Nu Metal eta Death Metal melodikoarekin; SONG OF ANHUBIS bere Rock Gothic Rock Metalarekin; eta BLACKHEARTH beren Heavy Metal klasiko eta zuzenarekin.
Jazza izan ezik, Metalaren, Poparen eta Rockaren barruan dauden estilo guztiak onartzen ditu Aste Nagusiko Erakusketak, bere aldaera eta estilo guztietan. Talde eta estilo espektro zabal horren erakusle dira ADDAR bermeotarrak, euren Hard’n’Roll indartsu eta zuzenarekin eta KRUDDÖ Stoner Metal bikotea. Horrez gain, ARDE MARTE eta JUM! taldeen ukitu rockeroa duen Elektro-Pop Rock-a, ENROCKECIDOSen hiri ROCKa, NEGRACALAVERA arituen High Rock And Rolla, THE LAST HIDDEN FOX taldearen Country Folk-Rocka, SONIC FREE STATION taldearen Soul Rock’N’Bluesa eta KINKI BOYSen Post Punk’n’Roll soinuak eta MOONSHAKERS taldearen Garaje Surf Rock musika izango ditugu.
76 BANDA 35. EDIZIOAN
2022ko deialdiari 76 talde eta artistak erantzun diote. Ehunekoei dagokienez, % 44 bilbotarrak dira, eta gainerakoak, % 56, Lurraldeko gainerako herrietan bizi dira. Bestalde, izena eman duten talde guztien artean, 13k euskara erabiltzen dute transmititzeko, eta 18k emakumeak dituzte taldean. Hautatutako taldeei dagokienez, 7 formaziok emakumeen presentzia dute, eta 3k euskara erabiltzen dute letretan.
Bere historian zehar, egungo musika panoraman erreferentziazkoak diren dozenaka artista eta taldek parte hartu duten Erakusketa, ezinbesteko hitzordu bihurtu da lurraldeko musikarientzat. Bilboko Udalak helburu horrekin jarri zuen martxan 1985ean, horietako askorentzat garaipen-aukera izateko.
Izan ere, Platero y Tú, We Are Standard, Penadas por La Ley, Zodiacs, Gora Japon, Zea Mays, Idi Bihotz, Athom Rumba, Audience, Los Brazos, Memoria de Pez, Porco Bravo, Eureka Hot 4, Ainara Legardon, Smile, Rise To Fall, Unbreath, Eneko Mobydick, Rubia, Maren, La Basu, Dekot, Zazkel… eta genero horietako musikaren munduko 528 izen ezagunek lehen pausoak eman dituzte, eta ezagutzera eman dira “Aste Nagusiko Bertako Metal, Pop Rocka-Metal, Pop Rock Local” lehiaketatik igaro ondoren.
Erripako kaia, Unamuno plaza, Areatzako pasealekua eta Bailen kalea izan dira lehiaketa horren agertokiak. Gaur egun Bilborock Aretoan egiten da, eta aurten hiriko kultur jarduerak 25 urte beteko ditu. Lehiaketak METAL FOR THE CREWen eta Beste Jack Kultur Elkartearen laguntza du.
2019KO AZKEN EDIZIOA
2019ko deialdiari 105 talde eta artistak erantzun zioten, horietatik 26 emakumez osatuak edo emakumeen partaidetzarekin, 20 euskaldunak eta beste 11 euskarazko letraren batekin. Inskribatutako taldeei dagokienez, 60 Bilbokoak ziren, eta gainerakoak Bizkaiko hainbat herritakoak. .
BILBOROCK ARETOKO KONTZERTUEN AGENDA
Abuztuak 20, larunbata
20:00: HURACAN ROSE (Bilbao)
21:00: TIPARRAKERS (Bilbao-Barakaldo)
Abuztuak 21, igandea (HARD ROCK´N´ROLL & STONER METAL)
20:00: ADDAR (Bermeo)
21:00: KRUDDÖ (Bermeo-Etxebarri)
Abuztuak 22, astelehena (ELECTRO POP ROCK)
20:00: ARDE MARTE (Barakaldo-Portugalete)
21:00: JUM! (Bilbao-Nafarroa)
Abuztuak 23, asteartea (ROCK URBANO & HIGH ROCK AND ROLL)
20:00: ENROCKECIDOS (Barakaldo)
21:00: NEGRACALAVERA (Bilbao)
Abuztuak 24, asteazkena (COUNTRY FOLK ROCK & SOUL ROCK&BLUES)
20:00: THE LAST HIDDEN FOX (Bilbao)
21:00: SONIC FREE STATION (Arrigorriaga-Nerbioi-Ibaizabal)
Abuztuak 25, osteguna (POST PUNK´N´ROLL & GARAJE ROCK SURF)
20:00: KINKI BOYS (Getxo-Madrid)
21:00: MOONSHAKERS (Bilbao-Getxo)
Abuztuak 26, ostirala (THRASH GROOVE MELODIC DEATH METAL & NU METAL)
20:00: EMPIRE OF DISEASE (Bilbao)
21:00: DEIMOCRACY (Bizkaia-Araba)
Abuztuak 27, larunbata (ROCK GOTHIC METAL & HEAVY METAL)
20:00: SONG OF ANHUBIS (Bilbao-Mungia)
21:00: BLACKHEARTH (Durango)
100 EMANALDI BAINO GEHIAGO
Musika eskaintzak Aste Nagusiko jaietako ikus-entzuleentzat duen garrantziaz jabetuta, Udala doako 100 musika-jarduera baino gehiago prestatzen ari da bere egitarauan, gustu eta publiko guztietarako, Hiribilduko 8 agertokitan.


