Omako Basoko artelanak lekualdatzeko lehen fasea hasi da

  • Omako Basoko artelanak lekualdatzeko lehen fasea hasi da
bizkaia.eus

  • DataEkainak 27
  • Gaia Ikusizko arteak, Ondarea

Unai Rementeria, Bizkaiko diputatu nagusia, Omako Basoan izan da gaur goizean Agustín Ibarrolaren seme Irrintzi Ibarrolarekin; Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatu Lorea Bilbao Ibarrarekin, Kortezubiko alkate Karmele Enbeitarekin eta obra lekualdatzen ari den taldeko kide batzuekin. Aste honetan talde hori, Ibarrolaren obran aditua den Fernando Bazeta buru dela, zenbait multzo artistiko margotzen hasi da. Omako Basoa itxita egongo da uztailaren 25era arte. Egun horretan abian ipiniko da aldez aurretik erreserbak egiteko sistema, eta horri esker sarrerak erreserbatu ahal izango dira margotze-prozesua ezagutzeko bisita gidatuak egiteko. Prozesuak 2023ko udara arte iraungo du, orduan obra orotara jendearentzat irekiko baita.

Bizkaiko Ahaldun Nagusia Unai Rementeria Omako Basoan izan da bertatik bertara ikusteko zertan diren Ibarrolaren obra kokapen berria margotzeko lanak. Bizkaiko Ahaldun Nagusiarekin Agustín Ibarrolaren seme Irrintzi Ibarrola; Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatu Lorea Bilbao Ibarra, Kortezubiko alkate Karmele Enbeita   eta margo-lanak lekualdatzen ari den taldeko kide batzuk izan dira.

Unai Rementeriak azaldu duenez, duela bi urte krisi handia izan genuen Agustin Ibarrolaren Baso eder hau hiltzen ari zelako eta konponbide bat bilatu behar genuela argi genuen. 27 aukera desberdin izan genituen, adituekin aztertu zirenak, eta azkenean baso hau aukeratu zen. Gaur hemen gaude: Basobarrin. Gaur oso egun garrantzitsua eta esanguratsua da, Omako Basoan ikusiko ditugun lehen multzo artistikok egiten ari direlako jada.

Aste honetan Ibarrolaren artelana lekualdatzeko prozesua hasi da. Lanean ari den taldean artista plastikoak, zaharberritzaileak, Basalan foru enpresako baso-adituak eta EHUko adituak eta ikasleak daude, eta burua Fernando Bazeta da, Agustín Ibarrolaren obran aditua. Talde honek bi fasetan egingo ditu baso margotua lekualdatzeko lanak, lehenengoa aurtengo udan eta bigarrena datorren urtekoan. Izan ere, eguraldiak eragin handia du lanetan.

Beraz, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultur Ondareko Zerbitzuaren aholkularitzarekin ere aurten proiektuaren lehen fasea egingo da.

Une honetan Omako Basoa erabat itxita dago bisitarientzat. Dena dela, uztailaren 25etik aurrera bisita gidatuak egin ahal izango dira, eta horretarako erreserba hartu beharko da aldez aurretik, uztailaren 15etik aurrera, telefono honetara deituta: 94 465 16 57. Itundutako bisita hauek aurtengo irailera arte egin ahal izango dira. Basoa margotzeko prozesua 2023ko udan amaituko da. Orduan, Omako Basoa herritar guztientzako zabalduko da berriz.

Sorkuntza-proiektuaren xehetasunak datozen asteetan jakinaraziko dira.

lan eskerga Basoaren arazoa konpontzeko

Agustín Ibarrolaren artelana margotuta zegoen basoan arazoak azaldu agertu ziren, eta horregatik obraren jabea, Bizkaiko Foru Aldundia, konponbide bila hasi zen dagoeneko arteaz gaindiko ikonoa eta ikurra den elementu hori ez desagertzeko.

Obra eta beraren ingurunea ongi ezagutzen dituzten zenbait aditurekin hitz egin ondoren erabaki zen hoberena obra antzeko beste leku batera lekualdatzea zela Zenbait aukera aztertu ziren, eta azkenean Bizkaiko Foru Aldundiak aurrekoaren ondoko sail bat hautatu zuen artista bizkaitarren lana kokatzeko, margo-multzoari jarraitasuna emateko asmoarekin.

Diziplina askotako ezagutza eta eskarmentu handiko kideez osatutako taldea

Lanak egingo dituen taldeko burua Fernando Bazeta irakaslea da, Agustín Ibarrolaren obran aditua eta 2013 - 2015 aldian egin zen zaharberritzearen arduraduna izan zena; berarekin honako hauek ere ariko dira: bi artista plastiko, lau zaharberritzaile, Kontserbazio eta Zaharberritze Graduko ikasle bi, euskal arte garaikideko espezialista bat, arkitekto bat, eta Basalan foru enpresa publikoko baso-aditu batzuk. Horrez gainera, taldeak Bizkaiko Foru Aldundiko Kultur Ondareko Zerbitzuaren aholkularitza jasoko du. Azkenik, azpimarratu behar da prozesu osoan José Ibarrola ariko dela, artista eta Agustín Ibarrolaren semea.

 

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri