Flamenco on Fire 2022 Jaialdiak lau kontzertu handi ekarriko ditu Baluartera abuztuaren 25etik 28ra
- DataEkainak 16
- Gaia Musika
Baluarteko Areto Nagusia Flamenco On Fire Jaialdiaren egoitza nagusia izango da aurten ere. Sabicas iruindar maisuaren omenezko jaialdi honen bederatzigarren edizioa abuztuaren 25etik 28ra ospatuko da eta gurean, zehazki, lau hitzordu nagusi ikusi ahalko dira. Zehazki, abuztuaren 25ean, ostegunarekin, María José Llergo flamenko-kantariak Sanación izeneko bere lehenengo lana aurkeztuko du; flamenko gaztearen lana, leku urrunetako soinuekin, ekialdeko kantuekin, flamenkoekin nahastuta eta Pozoblancoko artistaren ahots hipnotikoarekin apainduta. Ostiralean, hilak 26an, José Merce flamenko-kantari ezaguna izango da protagonista. Mercék, boleroak, baladak eta soinu elektronikoak tartekatuko ditu El oripandó bere azken lanaren aurkezpenean, 1998an Vicente Amigoren gitarrarekin izartegira eraman zuen disko hura bezala. Egun bat geroago, abuztuaren 27an (larunbata), Estevez & Paños dantza flamenkoaren konpainia iritsiko da Baluartera. Bere proposamenean, dantzari eta koreografo sarituek koreografiaren, musikaren eta eszenaren lanketaren beraren inguruko hausnarketa proposatzen dute, iraganetik zein arte garaikideetatik elikatzen den egungo lengoaia batetik abiatuta. Eta hilaren 28an, igandean, Israel Fernández kantariaren ahotsa eta Diego del Moraoren gitarra Areto Nagusian elkartuko dira, Opera Flamenkoa izenburuko iraganerako bidaia intimo honetan.
Gaueko 21:30ean Areto Nagusian izango diren lau Kontzertu Handietarako sarrerak www.baluarte.com web-orrian eta Baluarteko leihatilan eskura daitezke.


