Zabaldantza, euskal dantzak ikasteko aukera ematen duen sareko plataforma
- DataEkainak 3
- Gaia Arte eszenikoak
21 bideo tutorial ditu, oso modu bisualean grabatu eta editatuak, webgune praktiko eta intuitibo batean jasoak. Dantza bakoitza zailtasunaren eta dantzari kopuruaren arabera sailkatu da
Vital Fundazioak eta Mulixka Dantza Taldeak bat egin dute ZabalDantza martxan jartzeko, euskal dantzak edonondik eta bakoitzak aukeratzen duen erritmoan ikasteko aukera ematen duen sareko plataforma. Ekimen horrek erakundeak kultura ondarearen alde egindako apustua nabarmentzen du, euskal dantzak ondare horren parte baitira, eta, aldi berean, dantza horiek sustatzen eta hedatzen laguntzen du.
Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opacuak eta Mulixka Dantza Taldeko tutorialen arduradun Josu Sanchezek aurkeztu dute ekimena.
Zabaldantzak aukera ematen du ordenagailu, tablet edo smartphone baten bidez, dantza-plazetan egin ohi diren dantzak ikasteko, errepasatzeko eta hobetzeko. Tresnak 21 bideo tutorial ditu, modu desberdin eta oso bisualean grabatu eta editatuak, webgune praktiko eta intuitibo batean jasoak. Dantza bakoitza zailtasunaren eta dantzari kopuruaren arabera sailkatu da, bakarrik edo lagunduta, haur edo helduekin, nahi den dantza aurkitu eta ikas dadin. Material honen publiko objektiboa dantza-taldeak, aisialdi-elkarteak, ikastetxeetako musika eta gorputz-hezkuntzako irakasleak dira, baita Euskaditik kanpo dauden pertsonak eta euskal dantzak ikasteko interesa duen edonor ere.
Sarean mugarik gabe jarraitzeko asmoz sortu da plataforma, eta dantza eta tutorial gehiagoz hornitzen joango da, hazteko, ekimen bizia eta aktiboa baita. Material didaktikoa erabilgarria eta praktikoa da edonorentzat, dagoen lekuan dagoela eta nahi duen unean.
ZabalDantzaren sustatzaileek dantzaren dibertsioa transmititu nahi dute, eta dantzatzen ikastea nahi duten guztien eskura egon dadila. “Beti dantzatzen ikasi nahi izan zuenarentzat; aspaldi ikasi eta gogoratu besterik egin nahi ez duenarentzat; eskolak jaso arren etxean errepasatu nahi dutenentzat; plazan dantzatzeak lotsa ematen dienentzat. Urrun egon arren gure kultura ikasi nahi dutenentzat” ziurtatu dute.
www.zabaldantza.com web bidez eskura daitezke bideoak.


