ØDEI: "Rapak balio dit konplexurik eta beldurrik gabe, pertsonaiaren bidez, nire ahuleziak erakusteko"
- DataMaiatzak 31
- Gaia Musika
ØDEI musikariak "Terapia" diskoa kaleratu du, hamabost kantuko disko ilun, kolpekari, sakon eta bor-borkaria.
Odei Barroso urruñar musikariak (Barakaldo, 1988) terapia egin du, ØDEI izenpean, eta Terapia disko autoekoitziko hamabost kantuetan gorpuztu du bere buruari egindako galde-erantzun urrikigabeen emaitza. Zer dira, bada, terapia eta sorkuntza lan zintzoa, tranparik gabeko galdeketa ez badira?
Zintzotasuna darie, jario ere, 2zio taldearekin hiru disko egin eta gero lapurtarrak bakarka egindako lehen diskoko kantuei, apainkeriarik gabeko poesia biluzi eta egiatiz jantzirik: nostalgia arrastorik gabeko oroitzapenak, hausnarketa eta aldarri politiko eta sozialak, erantzunik emateko bokaziorik gabeko galderak, hitz jokoak, omenaldiak, zirtoak… Ausikiak eta laztanak tartekatzen ditu ØDEIk diskoan, drill soinu ilunetan bermatuta.
Gure periferia musikal eta geografikotik, harrotasunez eta harrokeriarik gabe egindako diskoa da Terapia, gonbit beharrezkoa, behin-behinean bada ere orain eta hemen dominante eta erresidualak diren doinuak ez ezik orain eta hemen emergenteak diren ahaireak ere entzuteko. Proposamen musikal eta intelektual gozagarri eta hunkigarri batez haraindi, hegietako egiei adi jarraitzeko beste argumentu bat ere bada Terapia.
Odeirekin hitz egin dugu, honetaz eta hartaz:
2zio taldearekin hiru disko atera eta haren ibilbidea amaitutzat eman eta gero, ØDEI izenarekin sinatu duzu Terapia. Proposamen hartatik zer nahiko zenuke mantendu eta zeren bila aldendu zara?
Nolabait, aurreko ibilbidearen segida bat da hau. Bakarkako lehen diskoa da, baina nire laugarrena, eta 2zio-n pilatutako esperientzia mantendu nahiko nuke.
Baina zerbait berriago, pertsonalago eta nireagoa ere aurkeztu nahi dut. Erran izan dut hau dela 2zio-ri esker egin ahal izan dudan proiektu bat eta 2zio-n egin ez nezakeen guztia biltzen duen proiektu bat ere.
Ekoizpen musikala zeure gain hartu duzu, eta Jo Olascuagarekin batera ondu dituzu diskoko doinuak. Nola mugatu duzue elektronikaren mundu infinitua Terapia-ren eremu musikala eraikitzeko?
Egia da oso eremu zabala eta infinitua izan daitekeela elektronika, gaur egun are zabalagoa, ditugun baliabide guztiekin eta Internetekin.
Kontua da koherentzia musikal bat atxikitzeko, nik osatzen ditudan datu baseak eta bilatzen ditudan soinuak niri gustatzen zaizkidan testuretan gelditzen direla. Biziki drill-trap bonbo eta baxuak dira, eta batik bat baxuen koherentzia horrek ematen dio osotasun bat lanari, sorkuntza parteko sample melodikoei lotuta.
Alde melodiko horretan iluna izaten naiz ni sorkuntzan, eta horrek inspiratzen nau. Errango nuke kick, bass eta beat-en aukeraketak eta sample-en testura ilunek koherentzia ematen diotela osotasun honi. Norabide berean mugitzen dira denak, estetika jakin baterantz joan naiz disko hau ekoizterakoan.
Nolakoa izan da hamabost kantuon sormen prozesua? Zenbat egon da idatzitako hitzak musikaz janztetik eta zenbat, ordea, oinarri musikalak hitzekin betetzetik?
Lehenik, alde musikala egiten dut, eta gero etortzen dira hitzak beti. Diskoko hitz guztiak oinarri instrumentalen gainean eginda daude. Oinarria bideratuta dudanean idazten dut beti.
Instrumentalak idazteko modua baldintzatzen dit, eta horri fidel atxikitzen natzaio. Gehienetan, sample, giro edo soinu jakin batetik abiatzen naiz, eta gero hori tempo batean lantzen dut, tempo horri kick bat gehitzen diot eta hortik joaten da osatzen pixkanaka-pixkanaka.
Batzuetan beat jakin batzuk prest edukitzen ditut, eta sample-ak horien gainean probatzen ditut. Gero, janzten, egiturak finkatzen, fintzen eta baxuak sartzen joaten naiz.
Eta horren gainean joaten dira hitzak. Behin egitura osoa, ehuneko ehunean, eginda dudala hasten naiz idazten; instrumentala bukatuta dagoela, introa eta guzti.


