Mendialdea Music Festival, herritik eta herriarentzat sortutako musika jaialdia
Maiatzaren 21ean (larunbata) Mendialdea Music Festival jaialdia egingo da Maeztun, Arabako Mendialdean. Bi urteko geldialdiaren ondoren, eta ehun bat boluntarioren lanari esker, herriko plazan inoiz baino kontzertu gehiago izango dira, 9 guztira. Antolakuntza taldeak xehetasun guztiak eman dizkigu.
Zer helbururekin jarri zen abian Mendialdea Music Festival?
Maeztun (Araba), Arabako Mendialdearen bihotzean, 2017an sortutako Mendialdea Musika Elkartearen eskutik jaio zen jaialdia. Landa eremuaren etorkizunaz eta bertako arazoez (despopulazioa, bizilagun gazte gutxi, nekazaritza sektoreari lotutako jarduera ekonomikoa, kultura eskaintza mugatua...) kezkatuta gauden gizon eta emakumez osatutako irabazi asmorik gabeko elkartea da Mendialdea Musika Elkartea. Bere helburua eta, beraz, Mendialdea Musika Jaialdiarena, eskualdeko musikaren inguruko kultura espazioak sustatzea eta dinamizatzea da, inguruko biztanleei zuzendutako partaidetza proposamenak eginez eta, aldi berean, hortik kanpoko oihartzunarekin.
Zein da jaialdiaren filosofia? Zerk egiten du ezberdin?
Filosofia nagusia, eta neurri handi batean bereizten gaituena, herri partaidetza da, hau da, herritik eta herriarentzat egindako proiektua da jaialdia. Zonaldeko pertsona, entitate, instituzio, enpresa, gizarte eta kultura eragile... gehien biltzen saiatzen gara, lurraldeko berezko zerbait bezala har dezaten.
Beharbada, ezberdin egiten gaituen beste gauza bat da mota honetako ekitaldi bat Arabako eremu despopulatuenetako batean antolatzea, horrek dakarren guztiarekin: azpiegitura falta, komunikazio eta elkarrekintza, kalitatezko kultura eskaintza...
Eta hori guztia sarrera kobratu gabe, guztiz doan, gure ustez MMF jaialdia ez delako ekitaldi komertziala; bere balioa inplikatutako pertsona eta eragile guztien parte hartzean eta lankidetzan dago. Eta horixe da hurrengo edizioetan mantendu nahi dugun ideia.
Bestalde, ezinbestekotzat jotzen dugu jaialdian bertan zeharkako ekintzak lantzea gizarte konprometitua, ekitatiboa eta ingurumenarekin errespetuzkoa lortzearen alde. Horregatik, lehen unetik jarri ditugu mahai gainean printzipio edo konpromiso batzuk: emakumeen ikusgarritasuna kultura esparruan, erasorik gabeko espazioa, euskararen sustapena eta zero zabor.

Topaketa gaztea da, bost urteko historia baino ez duena –behartutako bi geldialdi barne –, baina Maeztun garrantzi handiko hitzordua da. Zuen ustez, zein da arrakastaren gakoa?
Hiru nabarmenduko ditugu: batetik, horrelako jarduera moten falta zonaldean; bestetik, jaialdiaren izaera parte hartzaileari esker, jendeak oso bere sentitzen du proiektua eta sentimendu komunitario bat sortzen da, batzen gaituen eskualdeko sentimenduaz gain; eta hirugarrenik, kalitatezko kartela eskaintzea eta ildo koherenteari eusteko ahalegina.
Boluntarioen ekarpena ezinbestekoa da jaialdia aurrera eramateko. Zer gehitzen dio programari komunitate lan horrek?
Boluntarioen lana DENA da. Ez bakarrik lana banatzen delako (zonalde osoko 100 boluntario inguru izatea luxu handia da, bakoitzak bere harri koskorra ekarriz MMF posible egiteko: antolakuntza, tabernak, muntaketa, sukaldaritza, garbiketa...), gurea bezalako eremu batean, landatarra eta jendez hustua, komunitate sentimendu eder eta garrantzitsua sortzen delako, eta jendeak jaialdia berea sentitzen duelako.

Esan bezala, 2020an eta 2021ean ezinezkoa izan zen ospakizuna. Nola eragin dio COVID-19aren krisiak proiektuari eta zer sentitzen da jaialdien zirkuitura itzultzean?
2020an jada itxita geneukan kartela eta taldeak iragarrita. Bi hilabete baino lehen jaialdia eten behar izan genuen. Egia da oraindik ia ez genuela gasturik egin eta ekitaldi hau antolatzen dugunok ez garela ekonomikoki hortik bizi. Alde horretatik libratu egin ginen, pandemiak maila ekonomikoan kaltetutako inguruko pertsona eta sektore asko ez bezala. Baina maila moralean kolpe larria izan zen. Pandemia garaian kontzertu batzuk egiten saiatu ginen zuzeneko musika bizitzeko eta inguruko ostalaritzari laguntzeko; azkenean, 2 kontzertu egin ahal izan genituen, baina gehiago antolatzeko penaz geratu ginen.
Zirkuitura itzultzea zirraragarria izan da, eta aldi berean estresagarri samarra. Ez genekien bermeekin egitea posible izango zen, murrizketak itzuliko ziren, eta denbora gutxiago izan dugu jaialdia antolatzeko. Baina behin pausoa emanda, erantzun zoragarria aurkitu dugu, soziala zein instituzionala. Zer esanik ez taldeek eman dituzten erraztasunei dagokienez; 2020ko kartela oso ona izan zen eta 2022rako mantentzea zen ideia, kalitateagatik eta taldeekiko konpromisoagatik, eta agenda arazoengatik egon diren aldaketa batzuk kenduta, taldeen erantzuna eta predisposizioa aparta izan da.
Behin erritmoa hartuta, pozik gaude, ikusten dugulako jendea ilusioz dagoela berriro elkartzeko mota honetako ekitaldi batean, eta gogo handia dago, bai Arabako Mendialdean, bai kanpoan, zuzeneko musikaz gozatzera etortzeko.
Zer nabarmendu nahiko zenukete aurtengo egitarautik?
Aurten nabarmentzekoa da pandemiaren aurreko baldintzetan egingo den lehen jaialdietako bat garela. Ikusten ari gara jendea irrikaz dagoela jaialdiez berriro gozatzeko, berriro jendearekin elkartzeko, eta berriro elkarrekin lan egiteko.
Ezusteko horretaz gain, berritasun gisa kontzertu kopurua (9 izango dira guztira) eta musikarara bideratutako gastua kostua handitu ditugu. Eta ekintza guztiak herriko plazan zentralizatu ditugu.

Baina horretaz guztiaz harago, oraindik ere aipagarriena da boluntarioek mantentzen duten herri izaera eta konpromisoa. Aurtengo deialdiari erantzun ez baliote, bi urteko etenaldi oso gogorraren ostean, MMF 2022 ezin izango zatekeen egin.
Zeintzuk dira Mendialdea Music Festival sendotzeko berehalako erronkak?
Jaialdiaren kalitateari eustea, bai musika aldetik, bai zerbitzuen aldetik; MMF proiektuan jendea batzen jarraitzea, bereziki inguruko gazteak, erakundeak, gizarte eta kultur eragileak, entitateak, enpresak... MMFren aterkipean komunitatea sortzen jarraitzea; Mendialdea Musika Jaialdiaren proiektua maiatzeko jaiaz harago beste data eta leku batzuetara hedatzea; eta Arabako Mendialdeari ekarpena egiten jarraitzea kalitatezko musika ekitaldiekin.
(2022ko maiatzaren 19an argitaratutako Berezia).


