Natalia Suárezek "Diente de leche" erakusketa aurkeztuko du Montehermoso Kulturunean

  • Natalia Suárezek

  • DataMaiatzak 6
  • Gaia Ikusizko arteak

Erakusketa maiatzaren 6tik uztailaren 3ra bitartean egongo da ikusgai Lehen Solairuko Aretoan

Gasteizko Montehermoso Kulturuneak Natalia Suárezen  ‘Diente de leche’ erakusketa aurkeztu du. Erakusketa bihartik, maiatzaren 6tik, uztailaren 3ra bitartean egongo da ikusgai Lehen Solairuko Aretoan. Prentsaurrekoan izan dira Estibaliz Canto, Hezkuntza eta Kultura arloko zinegotzia, eta erakusketaren egilea. 2021eko deialdian aukeratutako proiektu artistikoetako bigarrena da hori.

“Artistak, ‘Diente de leche’ lanean olio-pintura batzuk eta arkatzez egindako marrazki batzuk aurkeztu ditu hainbat formatutan. Koarentenan hasi zen horiek egiten eta gaur egun ere horiekin lanean jarraitzen du. Pinturaren munduan impasse bat egin ostean, marrazten hasi zen eta, gero, berriro ere pintatzeari ekin zion berritasun-sentsazioarekin”, esan du sarrera gisa Cantok.

Bestalde, Suárezek azaldu duenez, “une jakin batean, gizaki-itxurak marraztea benetan eragingarria izan da pintzelak norantz joan behar duen jakiteko garaian. Horri, gainera, gorputzak pintatzeak norberaren gorputzean eta beste gorputz batzuetan pentsatzera eramaten nauela gehitu behar zaio. Izan ere, gizakiaren itxuraren inguruan dudan irudia berrikusi beharra dago gero lerro eta orban bihurtzeko eta horrek beti hor dagoen horretan beste era bateko arreta jartzea eskatzen du. Gorputz bat dela ulertze ez zait horren garrantzitsua iruditzen, baina gizaki batzuk marrazten saiatzen banaiz, lerroek nolabaiteko gizatasun-karga izan behar dute. Buru bat dela ulertzea baino, orbanak buru-esentziaren bat izatea interesatzen zait. Delikatua da; batzuetan, milimetro gutxi batzuetako kontua izaten da. Koadroak gizakiaren zertzeladaren bat izan dezan marra pasatu beharko litzatekeen toki sekreturen bat egotearen eta ni hori topatzen edo bertara gerturatzen aritzearen moduko zerbait da. Gauza bera gertatzen da gainerako formekin; beren tokian egoteko modu bat dago eta ni bertara iristen saiatzen naiz”.

Eta honako hau gehitu du: “denaren, irudikatzen dudanaren eta ateratzen denaren artean; transferentzia horretan sortzen diren desfase ugarien ondorioz, beste zerbait sortzen da. Batzuetan, zorte pixka batekin, espero ez dudan zerbait”.

Erakusketa bihar, ostiralean, 20:00etan, inauguratuko dute.

Egilea

Natalia Suárez EHUn Artean graduatutako artista gasteiztarra da. Gainera, unibertsitate berean Pinturan masterra du. Bere lana pinturan eta marrazkian oinarritzen da, baina arte eszenikoen mundua ere arakatzen du Tripak konpainiaren baitan.

Lisboako FBAULen unibertsitate-ikasketak egin ditu. Bizkaiko Aldundiak emandako ekoizpen artistikoko beka jaso zuen 2018an, eta egoiliarrentzako programan ere hartu zuen parte Donostiako Tabakaleran. Duela gutxi, Eusko Jaurlaritzak emandako ekoizpen artistikoko beka eta BilbaoArte Fundazioan guneak lagatzeko beka jaso ditu.

Hainbat gunetan jarri du bere lana ikusgai: Rekalde Aretoan (Bilbo) ‘Ai, Puna’ erakusketa indibidualarekin; AIRE Galerian (Bilbo), ‘Dime Dame’ erakusketa kolektiboaren barruan, edo Okela Sormen Lantegiko (Bilbo) XVI AMP ‘Markak’en, besteak beste.

 

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri