Pello Otxote: "Arnas poetikoa bere izatearen sakon-sakonetik iristen zitzaion Joxan Artzeri"
- DataApirilak 6
- Gaia Literatura
Balea Zuria argitaletxeak “Enborretik” Joxan Artzeren antologia argitaratu du poeta zendu eta lau urtera, eta Pello Otxoteko berorren paratzailearekin hitz egin dugu.
Mikel Laboa, Oskarbi, Benito Lertxundi, Imanol, Erramun Martikorena, Negu Gorriak, Antton Valverde, Oskorri, Sen, Mursego, Gontzal Mendibil, Ibon RG, Ruper Ordorika, Amorante eta beste hamaika talde eta musikariren eskutik eta eztarritik jaso dituzte askok eta askok "Geure bazterrak", "Txoria txori", "Zure askatasunagatik borrokatzen banaiz", "Martxa baten lehen notak" eta "Ama hil zaigu" poemen hitzak, besteak beste.
Horren aurrean, poetaren heriotzaren laugarren urteurrena betetzera zihoala, Balea Zuria argitaletxekoak konturatu ziren jende askok ez zituela beretzat hartzen Joxan Artzeren (Usurbil, 1939-2018) hitz asko, eta hutsune hori betetzeko lantegia ezarri zioten beren buruari.
Horren emaitza da Enborretik antologia, eta Pello Otxoteko idazle, itzultzaile eta irakaslearekin, lanaren paratzailearekin, hitz egin dugu, berorren eskutik ibilbidetxoa egiteko Artzeren poesiagintza gardenean zehar, hasierako poema esperimental eta emantzipatzaileekin hasi eta geroko ale espiritualagoekin bukatzeko.
Zer hutsune betetzera dator "Enborretik"?
Joxan Artzeren heriotzaren laugarren urteurrena betetzera zihoan, eta konturatu ginen bere kantu famatuenetako batzuk ez zituela bereak bezala ezagutzen jende askok.
Ideia hori abiapuntu gisa hartuta, guretzat ezagunenak eta esanguratsuenak ziren abestien zerrenda egiten hasi ginen poliki-poliki. Beraz, hutsune hori betetzera dator bereziki antologia hau.
Natura, izadia, txalaparta bera (txalapartaria ere bazen Artze)… dakartza gogora izenburuak. Zergatik erabaki zenuten izenburu hori jartzea?
Aipatzen duzunagatik, hain zuzen ere. Artzeren poesia naturarekin oso lotuta dago. Eta bere figura txalapartarekin ere gogoratzen dugu; bere poesia naturatik dator eta naturan txertatuak ditu bere erro sakonenak; hots, natura oso presente dago bere olerki guztietan zehar, esplizituki nahiz inplizituki.
Beraz, nahiko erraz iritsi ginen izenburua jartzeko helmuga horretara; bide guztiek horretara eramaten zuten.
Zein irizpideri jarraitu diozue olerkiak aukeratzeko orduan? Zer behar zuen poemak, aintzat hartua izan eta aukeratuen artean egoteko?
Kantu moduan ezagunak egin diren poemei lehentasuna eman diegu. Nahi genuen berriz ere garai batean hain esanguratsuak bihurtu ziren kanten poemak belaunaldi berriei gogora ekartzea.
Horretaz gain, gure ustez poema dotoreenak, ongi taxututakoenak, eta, funtsean, hoberenak biltzen saiatu gara.


