Vital Fundazioa erakusketa-zentroak papera euskarri erabiltzen duten Arabako lau artistaren talde-erakusketa antolatu du

  • Vital Fundazioa erakusketa-zentroak papera euskarri erabiltzen duten Arabako lau artistaren talde-erakusketa antolatu du

  • DataMartxoak 31
  • Gaia Ikusizko arteak

Ikusgai izango diren lanak Dorleta Ortiz de Elguea, Koko Rico, Iban Arroniz eta Joaquín Lararenak dira

Vital Fundazioa erakusketa-zentroak lau artista arabarren talde-erakusketa hartuko du maiatzaren 1era arte: Dorleta Ortiz de Elguea, Koko Rico, Iban Arroniz eta Joaquín Lara. Papera euskarri erabiltzea da artista hauek guztiek komunean duten ezaugarria.

Lankide eta lagunak dira, hautatutako lanen deskribapenean, “papera haurren irudimenaren euskarria dela nabarmentzen dute, hain sinplea eta egunerokoa, hain desmitifikatua; hala ere, dagoen euskarri aberats, liluragarri eta funtsezkoenetakoa da; izan ere, pentsamenduari eta sorkuntzari hautemangarritasuna eman dien azalera da, grafiaren bidez ez ezik, marrazkiaren eta pinturaren bidez ere”.

Erakusketa gaur goizean aurkeztu da, lau artisten eta Vital Fundazioko zuzendari Arantxa Ibañez de Opacuaren parte-hartzearekin. Zuzendariaren esanetan “oso garrantzitsua da erakundearentzat elkarlanerako espazioak sustatzea, non artisten arteko harremana egongo den, batez ere gure lurraldetik datozen artisten artean, jendeari kultura proposamen partekatuak eskaini ahal izateko”.

Erakusketa honetan, Dorleta Ortiz de Elgueak bere 2021eko ekoizpen plastikoaren parte diren hamahiru lan aurkeztuko ditu, eta 2022koren bat. Lan horietan, espresibitatea askatu du teknika mistoetan egindako marrazki- eta pintura-lan hibridoetan, non mota guztietako pigmentuak erabiltzen dituen: grafitoa, tintak, koloretako arkatzak, purpurinak, etab., eta, batzuetan, testuingurutik kanpoko grafiak ere sartzen ditu. Serie honek badu berezitasun bat, zuri-beltzeko lanetatik hasi eta kolore-eztanda batean adierazitako lanetaraino doala.

Iban Arronizek ‘Fossa Sanguinis’ bere seriea aurkeztuko du, gouachez, koloretako arkatzez, tintaz eta artistak berak bere buruari ateratako odolez egindako formatu txikiko hamalau marrazkiz osatua. "Fossa Sanguinis" termino latinoak Erroma Klasikoan egiten zen eraikuntza mota bati egiten dio erreferentzia. Proiektuak lau hilabeteko dokumentazio historikoa eskatu zuen gauzatzeko.

Bestalde, Koko Ricok marrazki sorta zabal baten zati bat erakusten du, non egileak beharrezko ez dituen elementu guztiak kentzen dituen esentziaren bidez ahalik eta adierazpen eta emozio gehien transmititzeko. Bere teknika, batzuetan, ur zikinarekin tratatutako paperezko euskarri batera mugatzen da.

Azkenik, Joaquín Larak, oraingo honetan, ‘Carpe Diem’ bere seriea erakutsiko digu. Bertan, pintore eta argazkilariak lan esperimental bat egingo du, Vitoria-Gasteizen egindako ibilaldi luzeetan oinarrituta, eta, bere objektiboaren bidez, bere estudioan eraldatuko duen ikus-materiala bilduko du. Paperezko euskarria badu ere, serie hau piktorikoa da, pintura akrilikoz sortua baitago.

Erakusketa maiatzaren 1era arte egongo da ikusgai Vital Fundazioaren erakusketa-zentroan (Posta kalea 13-15, Vitoria-Gasteiz), asteartetik larunbatera 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era. Sarrera librea da.

Informazio osoa iturriaren webgunean irakurri